Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) “Emakume zientzialaria izan nahi dut” lehiaketaren II. edizioaren deialdia egin du Nafarroako ikastetxe guztietako ikasleentzat. Sariketak “Yo quiero ser científica” antzezlana du oinarri, zeinean Unibertsitateko zenbait ikertzaile eta irakaslek emakume zientzialari historiko batzuk interpretatzen baitituzte. Aurten, gainera, 2019an zendutako Margarita Salas biokimikaria gehitu zaie protagonistei. Lehiaketa honetan bi sari kategoria izanen dira, eta maiatzaren 22ra arte aurkezten ahalko dira lanak (idazlanak, marrazkiak, bideoak eta abar). Orain arte, Nafarroako 60 ikastetxe, ikastola eta institutu baino gehiagotako ia 9.000 ikaslek ikusi dute Iruñeko Planetarioan NUPeko hamar emakume irakaslek idatzitako eta antzeztutako ikuskizuna. Konfinamendu egora dela-eta, maiatzerako eta ekainerako antolatutako emanaldiak bertan behera gelditu dira.

Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak eta Ikerketako Errektoreordetzak Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzaren laguntzarekin antolatua, lehiaketak bi sari modalitate ditu: bata ikasturte honetan Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren zikloetan matrikulatutako ikasleentzat, eta bestea Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloan matrikulatuak daudenentzat. Modalitateetako bakoitzean bi sari kategoria daude: lehen saria (tableta elektroniko bat) eta bi accesit (NUPeko sustapen materiala). Gainera, irabazleen ikastetxeek liburu sail bana jasoko dute, eta beren ikasgela osoak aukera izanen du sari-banaketaren egunean NUPen zientziari buruzko jardunaldi batez gozatzeko.

zoom aktoreak

NUPeko irakasleak, antzezten dituzten emakume zientzialariez jantzita. Ezkerretik eskuinera, beheko lerroan: Edurne Barrenechea Tartas (Ada Lovelace), Alicia Martínez Ramírez (Sofia Kovalévskaya), Leyre Catalán Ros (Hipatia de Alejandría) eta Marisol Gómez Fernández (Emmy Noëther). Goiko lerroan: Aránzazu Jurío Munárriz (Klara Von Neumann), Gurutze Pérez Artieda (Maria Sibylla Merian), Idoia San Martín Biurrun (Edith Clarke), Nora Millor (Margarita Salas), Silvia Díaz Lucas (Hedy Lamarr) eta Patricia Aranguren Garacochea (Marie Sklodowska-Curie)

Lanen ezaugarriak

Lehiaketaren oinarrien arabera (osorik kontsultatzen ahal dira Unibertsitatearen webgunean), ikasleek aurkezten dituzten lanek (sei ikasle gehienez proiektu baterako) lotura izan behar dute “Yo quiero ser científica” antzezlanarekin. Antzezlanaren lehen partean azaltzen diren Historiako emakume zientzialarietako bati edo zenbaiti buruzkoak izaten ahal dira, edo gaur egungo emakume zientzialariei buruzkoak. 

Lanek originalak edo argitara eman gabeak izan behar dute. Epaimahaiak balorazio irizpide hauek erabiliko ditu: sormena (lanaren originaltasuna eta nola erabili diren baliabideak jendearen interesa pizteko), edukia (mezua eta erakutsitako ezagutzen sakontasuna) eta kalitatea (aurkezpena eta nola eman den lana).

Zientzialariak, irakasleak eta Nora Millor Margarita Salasen rola antzezten

“Yo quiero ser científica” antzezlanean, NUPeko ingeniaritzako zenbait titulaziotan eskola ematen duten hamar emakume irakaslek aurreko mendeetako emakume zientzialarien bizitza eta lana berreskuratu dituzte: Hipatia Alexandriakoa, matematikaria, astronomoa eta filosofoa (IV.-V. mendeak); Maria Sibylla Merian, entomologoa eta margolaria (1647-1717); Ada Lovelace (Ada Byron izenaz ere ezaguna), matematikaria eta lehen informatikaria (1815-1852); Sofia Kovalévskaya, matematikaria eta astronomoa (1850-1891); Marie Sklodowska-Curie, kimikaria eta fisikaria (1867-1934); Emmy Noëther, matematikaria (1882-1935); Edith Clarke, ingeniari elektrikoa (1883-1959); Klara Von Neumann, informatikaria (1911-1963); eta Hedy Lamarr, telekomunikazio ingeniaria (1914-2000). Aipatu bezala, Nora Millor Muruzábal telekomunikazioko ingeniari eta NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasleak Margarita Salas Falgueras biokimikariaren rola antzeztuko du aurten.

Hamar emakume irakasleek sortu eta interpretatzen duten antzezlanak emakume zientzialariak agerian jarri nahi ditu, batetik, zientziaren historiaren parte ezezagun bat gogora ekartzeko, eta, bestetik, neska gazteak zientziaren eta teknologiaren arloko emakume gailenekin identifika daitezen, eta inspirazio iturri gisa har ditzaten.

Aipatutako Nora Millor antzezle berriaz gain, honako ikertzaile hauek hartzen dute parte proiektuan: Patricia Aranguren Garacochea (doktorea Industria Ingeniaritzan), Edurne Barrenechea Tartas (doktorea Ingeniaritza Informatikoan), Leyre Catalán Ros (doktoretzako ikaslea Komunikazioetako, Bioingeniaritzako eta Energia Berriztagarrietako Teknologiak programan -Tecomber), Silvia Díaz Lucas (doktorea Telekomunikazio Ingeniaritzan), Marisol Gómez Fernández (doktorea Matematikan), Aránzazu Jurío Munárriz (doktorea Ingeniaritza Informatikoan), Alicia Martínez Ramírez (doktorea Telekomunikazio Ingeniaritzan), Gurutze Pérez Artieda (doktorea Industria Ingeniaritzan eta ekimenaren arduraduna) eta Idoia San Martín Biurrun (doktorea Industria Ingeniaritzan). Guztiek NUPeko ikerketa institutuetako bitan egiten dute lan: Smart Cities Institutuan (ISC) eta Material Aurreratuen Institutuan (InaMat).