Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Enologia Berritzaileko Unibertsitate Masterra abian jarriko dute 2020-2021 ikasturtean. Doktoretza egiteko sarbidea ematen duen 60 kredituko graduondoko titulu ofizial horrek 30 ikaspostu ditu (15 NUPen eta 15 EHUn), eta mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreko profesionalak trebatzera dago bideratua. Izan ere, sektore hori azken garaiotako dinamikoenetako bat da, eta ardo-ekoizpenaren eta upategien merkataritza-kudeaketaren negozio-arloei buruzko ikuspegi integrala eskatzen du desafio berriei erantzuteko. Eusko Jaurlaritzak laguntza eman du titulu berria ezartzeko, zeina Iruñean eta Gasteizen emanen baita, arratsaldez. 

zoom NUPen egindako ardo-dastaketa bat

NUPen egindako ardo-dastaketa bat

Masterrean sartzeko profila diziplina anitzekoa da, eta ikasleak gradu hauetako tituludunak izaten ahal dira: Enologia, Nekazaritzako Ingeniaritza, Zientzia Biologikoak, Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Zientzia Kimikoak, Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntza, Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza edo Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza eta Marketina. Enologian edo Ekonomian graduatutako pertsonentzat, gainera, aukera dago Bordeleko Unibertsitatean (Frantzia) titulu bikoitza lortzeko, master amaierako lana Bordeleko upategi eta/edo ikerketa-zentroren batean “Stage de Professionnalisation” gisara eginez. 

Kredituen banaketari dagokionez, 27 ECTS nahitaezko irakasgaietakoak dira; 12, aukerako irakasgaietakoak, eta 21, master amaierako proiektukoak. Horiei praktikak gehitu behar zaizkio, upategietan egingo direnak. Irakasgaiek askotariko gaiak jorratzen dituzte, hala nola mahastiaren lanketa, datu sentsorialen tratamendua, merkataritza-zuzendaritza eta marketin aurreratua edo kontsumitzaileen lehentasunen azterketa. NUPen aldetik, Masterraren zuzendari akademikoa Gonzaga Santesteban García Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Saileko irakaslea izanen da. 

Desafio global berrietarako profesionalak 

Tituluaren aurkezpenean deskribatzen den bezala, “Bai beste kontinente batzuetako herrialde ekoizle berrietan ardoak agertzen hastea, bai mahastizaintzako eta ardogintzako teknika berriak eta bai merkaturatze- eta marketin-estrategia berritzaileak zalantzan jartzen ari dira eremu ekoizleek eta markek historikoki lortu duten estatusa”. 

Programa akademikoaren helburua mahastizaintzan eta enologian jardunbide egokiak aplikatzeko gai izanen diren profesionalak prestatzea da, ebaluazio sentsorialerako euskarri garrantzitsu bat izanen dutenak. Gaitasun horiek guztiak lagungarriak izanen dira merkatuaren eskaeretara egokitzen diren produktuak garatzeko, produktuaren definizioan eta kudeaketa berritzailean lagunduz. Azkenik, masterraren aurkezpenean esaten denez, “diziplinarteko ikuspegi horrek, gainera, bereizi egiten du master hau ekoizpena eta elaborazioa ardatz nagusi gisa mantentzen dituzten beste batzuetatik”.