Joan eduki nagusira

Cándido Aramburu Mayoz NUPeko Ingeniaritza Elektriko, Elektronika eta Komunikazio Saileko irakasleak ikerketa-artikulu onenaren saria jaso du Georgiako Unibertsitatean (AEB) egindako XVII. REV Nazioarteko Konferentzian (Urrutiko Ingeniaritza eta Instrumentalizazio Birtuala) “Laboratorio remoto: experiencia en la UPNA y en la UNIFESP” lanarengatik. Lan horretan, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Sao Pauloko Unibertsitate Federala joan den ikasturtetik garatzen ari diren ekimen pilotua azaltzen da. Ekimen horren bidez, Telekomunikazio Teknologietako Ingeniaritzako ikasleak elektronika digitalean presta daitezke urruneko laborategi bati esker.

Urrutiko laborategiaren bidez, ikasleak instalazio fisikoetan erabiliko lukeen ekipamendu berera sartzen dira, eta denbora errealean esperimentatzen dute, Interneten beste aldean diseinatutakoak eta programatutakoak nola jokatzen duen egiazta baitezakete. Horretarako, ordenagailu bat besterik ez dute behar, eta “online” sartu NireIkasgelategia plataformara. Plataforma horretan, Sistema Digitalak I irakasgaiko prestakuntza-material guztia dago, bai eta urruneko laborategirako lotura ere.

zoom Ezkerretik eskuinera, Dominik May, Georgiako Unibertsitatekoa; Cándido Aramburu Mayoz, NUPekoa; eta Kalyan Ram, International Association of Online Engineering elkartekoa

Ezkerretik eskuinera, Dominik May, Georgiako Unibertsitatekoa; Cándido Aramburu Mayoz, NUPekoa; eta Kalyan Ram, International Association of Online Engineering elkartekoa

Aramburu irakasleak EdTech LabsLand enpresarekin garatu zuen  urruneko laborategi-proiektu hori. Enpresa Deustuko Unibertsitateko WebLab ikerketa-taldetik sortutako “spin-off” edo oinarri teknologikoko enpresa bat da, eta Interneten benetako laborategiak garatzen espezializatuta dago. Proiektu honetan Sao Pauloko Unibertsitateak ere hartzen du parte (Brasil), bi erakundeetako ikasleak urruneko laborategietara konektatu ahal izateko. Gainera, laborategi horien probak egiten hasi dira Madrilen, Gaztela-Mantxan, Herbehereetan, Guatemalan eta Turkian, besteak beste.

Honako hauek dira saritutako artikuluaren egileak: Cándido Aramburu Mayoz (NUP); Ana Lúcia da Silva Beraldo, Wilson Francisco Moreira de Souza Seron eta Tiago de Oliveira (UNIFESP); Luis Rodríguez-Gil, Aitor Villar-Martinez eta Pablo Orduña (LabsLand eta Deustuko Unibertsitatea).

zoom Ikasleen lan saioetako bat urrutiko laborategian

Ikasleen lan saioetako bat urrutiko laborategian

Laborategiko praktikak egiteko, ikasle bakoitzak lan-estazioak izan behar ditu (ordenagailuak, txartelak eta plaka elektronikoak), eta denbora mugatua behar da ariketa praktikoak modu presentzialean egiteko. Aramburu irakasleak dioenez, “logika programatuko sistema elektronikoak diseinatzeko urruneko laborategiarekin, oztopoak desagertu egiten dira. Ikasleak etxetik edozein ordutan konekta daitezke beren prototipoetan lan egiteko”.