Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak bertan behera utziko ditu unibertsitateko komunitateko kideen jarduera presentzialak astelehen honetatik aurrera, martxoak 16,18:00etan, eta instalazio guztiak itxiko dira. Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan hartu du erabakia Unibertsitateak, Espainiako Gobernuak asteburuan alarma egoera ezarri eta gero, koronabirusari aurre egiteko (Covid-19).

Neurri horiek ez dute bertan behera utziko unibertsitateko jarduera, modu ez-presentzialean egingo baita urrutiko lanaren bidez eta Unibertsitateak ikasle, Administrazioko eta Zerbitzuetako langile eta irakasle eta ikertzaileen esku jarri dituen baliabide diferenteen bidez.

Alde horretatik, Unibertsitateko errektoreak bi ebazpen sinatu ditu. Horietako lehena jarduera presentziala bertan behera uzteari buruzkoa, eta bigarrena Unibertsitatean izango diren funtsezko zerbitzu eta jarduerak zehazten dituena. Honako hauek daude horien artean: errektorearen eta errektoretzako taldearen jarduera, bai eta ikastegi, fakultate eta sailetako zuzendaritzenak ere; zerbitzu informatikoa, azpiegiturak eta mantentze-lanak, laneko osasuna, segurtasuna, erabiltzen diren lokal eta instalazioen garbitasuna, intsektutegiak, berotegiak eta beste azpiegitura garrantzitsu batzuk.