Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) eta Nafarroako Gobernua zenbait aukera aztertzen ari dira bai unibertsitateko eta bai Lanbide Heziketako goi mailako zikloetako ikasleek curriculum-ibilbide konbinatuak eta programa mistoak egin ahal izan ditzaten, profil profesional erakargarriagoak sortuz egresatuen enplegagarritasuna hobetzeko. Arlo horretan gauzatuko diren ekintzak koordinatzeko helburuz, bilera bat egin berri da Unibertsitatean NUPeko eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntzako nahiz Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko departamentuetako ordezkarien artean. 

Aztertzen ari diren aukeren artean, nabarmentzekoa da, alde batetik, antzekoak diren LHko zikloak eta unibertsitateko graduak uztartuko dituzten 2+3 erako programa mistoen eskaintza ezartzekoa, ikasleek bost urtean titulazio bikoitza lor dezaten, eta, bestetik, unibertsitateko ikasleentzako 4+1 erako programa mistoak eskaintzeko aukera, graduaren ondotik ikasten jarraitu nahi duten baina master bat egin beharrean gaitasun operatiboagoetan espezializatu nahi duten ikasleei bideratua. Gainera, hirugarrenik, parekotzat jotzen diren goi mailako graduetan sartu nahi duten LHko ikasleei 30 ECTS kreditu gutxienez aitortzeko aukera proposatu da, eta, horretarako, aitorpenerako taula berri batzuk eratzeko prozesu bat abiaraziko da. 

Honako hauek hartu zuten parte bileran: NUPen aldetik, Inmaculada Farran Blanch Irakaskuntzako errektoreordea, Imanol Núñez Aldaz Hizkuntza Plangintzarako Ataleko zuzendaria eta Roberto Vallés Lanas Irakaskuntza Zerbitzuko zuzendaria; Nafarroako Gobernuaren aldetik, berriz, Tomás Rodríguez Garraza Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Ana Burusco Juandeaburre Unibertsitateko zuzendari nagusia, Lourdes García Roncal Unibertsitateko zerbitzuko zuzendaria eta Esther Monterrubio Ariznabarreta Lanbide Heziketaren Plangintzako eta Berrikuntzako zerbitzuko titularra. 

zoom Iñigo de Carlos (izda.) y David Garciandía

Bileran parte hartutakoak. Ezkerretik eskuinera: Imanol Núñez, Lourdes García, Ana Burusco, Inmaculada Farran, Tomás Rodríguez, Esther Monterrubio eta Roberto Vallés.

CRUEren estrategiarekin eta Europako joerarekin lerrokatzeko asmoa

Unibertsitateak eta Gobernuak adierazi duten bezala, azken aldian pentsatu ohi da Lanbide Heziketaren eta Unibertsitatearen ibilbideak aldatzen ari direla, eta ez daudela bereizita. Izan ere, Europako hezkuntza-sistema erreferente batzuetan, hala nola Alemanian, Austrian, Suitzan edo Danimarkan, LHko goi mailako zikloetan lortzen diren gaitasun operatiboenak, enplegagarritasunari dagokionez, guztiz sinergikoak dira unibertsitateko irakaskuntzan oinarritzen diren gaitasun analitikoenekin.

Alde horretatik, azpimarratzekoa da Lanbide Heziketarekin “zubiak eraiki” beharra nabarmendu zutela CRUEko errektoreek otsailaren 6an eta 7an egindako bileran. Analisien arabera, bi hezkuntza-sistemen ahultasunak eta indarrak osagarriak dira: Lanbide Heziketaren indar nagusia lan-merkatuan sartzeko ematen duen aukera da, eta unibertsitatearena, berriz, karrera profesionala garatzekoa (soldatak, promozioak...); beraz, biek atera lezakete probetxua garatzen diren sinergietatik.