Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) kirol txartelak hogei jarduera izango ditu guztira udaberriko seihilekorako eskaintzaren barnean, eta astean hirurogeita sei saiotan banatuko dira. Jarduera horiek guztiak astelehenetik ostiralera egingo dira Unibertsitatearen kirol instalazioetan, eta urtarrilaren 13an hasiko dira, astelehenarekin.

Zehazki, hauek dira kirol txartelean seihileko honetarako dauden jarduerak: expresscore, pump, pilates, gap+core, core+stretching, circuit training, TRX, total body, aerobic, step, guztizko entrenamendua, entrenamendu funtzionala, hiit, aqua crosstrain, expresspinning, spinning, pilates+hipopresiboak, taichi, yoga eta zumba.

Edonork du kirol txartela lortzeko eta jardueretako sarbidea izateko eskubidea. Txartela seihilekokoa edo hilekoa izango da, eta Unibertsitatearen webgunearen bidez eska daiteke. Zehazki, udaberriko seihilekorako kirol txartelaren prezioa 60 euro da ikasleentzat, 72 euro Unibertsitateko komunitateko gainerako kideentzat, 120 euro Ikasle Ohien eta Adiskideen Elkarteko kideentzat, eta 276 euro Unibertsitatetik kanpokoentzat. Txartela edukiz gero, gainera, kirol instalazioak erabil daitezke (igerilekua, rokodromoa, muskulazio aretoa eta abar), eta pilotalekua, kanpoko tenis eta futbol pistak eta Nafarroako Unibertsitate Pabiloia doan erreserbatu.

Unibertsitatearen webgunean dago ikusgai jarduerei buruzko informazioa (ordutegia, deskribapena eta entrenatzaileak), bai eta txartelaren bidez sarbidea izateko sistema berriari buruzko informazioa eta seihilekoko eta hilabeteko prezioak ere.

zoom Imagen del rocódromo y bicicletas de spinning.

Rokodromoa eta spinningeko bizikletak.

Udaberriko seihilekorako beste jarduera batzuk

Udaberriko seihilekoan, gainera, beste hamar jarduera eskainiko dira (haietako batzuetan zenbait mailaren arteak aukeratu daiteke praktikari eta ezagutzari dagokienez). Hona hemen jarduerak: autobabesa, boxeoa, eskalada, frontenisa, kick boxing, igeriketa, tenisa, triatloia, boleibola eta waterpoloa. Horiek ez dira sartzen txartelak ematen dituen aukeretan: aparte izen ematekoak eta ordaintzekoak dira. Jarduera horietan izena emateko epea irekita dago Unibertsitateko komunitateko kideentzat, eta hil honen 27tik aurrera erakundetik kanpokoentzat. Ikasleentzako prezioa 11 € izango da kirol txartela izanez gero, eta 44 € txartelik ez badute.

Bestalde, Unibertsitatearen kirol eta kultura eskaintzaren barnean, ireki da epea udaberriko seihilekoan naturan egiteko jardueretan izena emateko (elurretako erraketak, BTT Bardean, mendi ibilaldiak euskal kostaldean, Argaren jaitsiera piraguan eta jarduera anitzeko asteburu bat arroila-jaitsiera bat, via ferrata bat eta tirolinak egiteko). Jarduera horiek Unibertsitateko komunitateko kideei eta kanpokoei zuzenduta daude, eta, kasu horretan ere, eskaintza osoaren xehetasunak, ordutegiak eta prezioak Unibertsitatearen webgunean daude kontsultatzeko.