Joan eduki nagusira

zoom Mugikortasun programetan parte hartzen duten ikasleek taldean ateratako argazki bat

Mugikortasun programetan parte hartzen duten ikasleek taldean ateratako argazki bat

Julio Lafuente López Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea  buru izan da 272 ikasleei harrera egiteko ekitaldian astelehen honetan, abenduak 29. Ikasle horiek ikasturte honetan parte hartzen ari dira nazioarteko mugikortasun programetan, 31 herrialdetan. Zehatz mehatz, 211 ikasle Erasmus programakoak dira; 38 Palafoxekoak; 9 Aldebiko Hitzarmenetakoak; 7 ISEP USAkoak; 4 Nazioarteko ISEPekoak; eta 3 Martín de Radakoak.

Sario eraikineko Fernando Remacha Aretoan egin den ekitaldian, ikasleek Unibertsitateekin trukea egiteko Rural Kutxako bekak jaso dituzte. José Luis Barriendo Antoñanzas Nafarroako Rural Kutxako buruak bi motatako txartelak eman dizkie, atzerrian ikasturte osoa eman dutenei eta seihilekoa eman dutenei, beka horiek zenbateko ezberdina baitute. Ekitaldiaren mahaiburuan egon da Javier Casalí Sarasíbar Lankidetzarako eta Nazioarteko Harremanetarako errektoreordea.

zoom Ezkerretik eskuinera: José Luis Barriendo Antoñanzas, Julio Lafuente López eta Javier Casalí Sarasíbar

Ezkerretik eskuinera: José Luis Barriendo Antoñanzas, Julio Lafuente López eta Javier Casalí Sarasíbar

Ikasleak 31 herrialdetako unibertsitateetan ikasten ari dira, gehienak Europan. Ikasle gehien hartzen dituzten herrialdeak, hurrenkera honetan, honako hauek dira: Italia, Polonia, Portugal, Frantzia, Belgika, Alemania, Austria,Txile, Herbehereak, Estatu Batuak, Eslovenia. NUPeko ikasleak hartzen dituzten gainerako herrialdeak  dira Argentina, Australia, Brasil, Bulgaria, Kanada, Txina, Hego Korea, Finlandia, Britainia Handia, Grezia, Irlanda, Japonia, Letonia, Lituania, Mexiko, Peru, Txekiar Errepublika, Suedia, Turkia eta Uruguai.

Erasmus, talde handiena

Ikasketak atzerrian egiten ari diren Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle gehienek, osotara 211, Erasmus programan parte hartzen dute. Programa hori Europar Batasunaren prestakuntza programa bat da Goi mailako hezkuntzaren esparruan lankidetzan jarduteko.

zoom José Luis Barriendo Antoñanzas eta Julio Lafuente López, bekak ematen

José Luis Barriendo Antoñanzas eta Julio Lafuente López, bekak ematen

Bigarren programa garrantzitsuena Palafox da, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Latinoamerikako unibertsitateekin ikasleak trukatzeko daukan ekimen bereki bat. Ikasturte honetan parte hartzen ari diren 33 ikasleek aukera dute programaren bitartez, ikasketen parte bat Iberoamerikako unibertsitate batean egiteko, eta bermea dute aldi horretan erdietsi dituzten  kredituak onartuko dizkietela itzultzen direnean.

NUPeko nazioarteko mugikortasuneko beste programetako bat aldebiko hitzarmenak dira, Estatu Batuetako, Australiako, Erresuma Batuko edo Kanadako hainbat unibertsitaterekin sinatutakoak, eta horietan 9 ikaslek parte hartzen dute. Programa horiei ISEP USA gehitu behar zaie. Programa horrek herrialde hartako unibertsitateekin ikasleak trukatzeko aukera eskaintzen du, eta ikasturte honetan  beste 7 ikasle dauzka, eta ISEP Nazioartekoa (4). Azkena Martín de Rada programa da. Ikasturte honetan hiru ikasle daude programa honetan, zeinean sartzen baitira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Asiako hainbat unibertsitateren arteko aldebiko hitzarmenak.