• ES
  • EU
  • EN


Nafarroa


Nafarroa

Iberiar Penintsularen Iparraldean, Frantziako mugaren ondoan dago Nafarroa, historiak eta geografiak ongi definituriko lurraldea. 10.421 kilometro koadrotan paisaia eta kultura aniztasun ederra biltzen da. Pirinioetatik Ebroraino, lerro zuzenean 150 kilometro baino gutxiagotan pixkanakako trantsizio harrigarria iragaiten da: erronkariar Pirinioetako kareharrizko gailur tenteetatik, Larrako multzo karstiko malkartsuetatik Bardeetako lautada buztintsu eta guztiz zartatura, Aragoiko mugan.

Geografia: mendialdea, erdialdea eta erribera

imagen de Baztan

Pirinioek 143 km-ko muga naturala osatzen dute Frantziarekin, eta beren mendiak jaisten eta borobiltzen doaz itsasora gerturatzen diren heinean. Mendialdea, elurteen eta lainoen lurra, baso eta belardiena, herri txiki eta baserri biziena, abelzain eta egurketariena, Erronkari eta Zaraitzuko ekialdeko ibarreko pinudi trinkoetan laburbiltzen ahal da, eta Iratiko oihan handitik mendebaldera hedatzen diren pagadi laiotzetan.

Trantsizio lurraldea da Erdialdea. Erliebea aldatu egiten da mendikateek ezarritako erritmoaren arabera: Aralar, Urbasa, Andia, Erreniega, Alaitz, Izko eta Leire. Ibar erosoak, leku txiki eta harmoniadunak daude nonahi. Iparraldetik Hegoalderako ibilbidea Erriberan –Ebro  ibaiarena amaitzen da. Ebrok Tutera, eskualdeko hiriburua, zeharkatzen du. Erriberako hego-ekialdeko bazterrean hasten da Bardeetako paisaia, ezin deskribatuzkoa, Iparraldeko mendi berdeei kontrajarriz. Higadurak egindako lanak sakanak eta mesetak eragin ditu, buztina eta estepa-landaretza nagusi direlarik bertan.

Ekonomia

Nafarroak sekulako aldaketa sozioekonomikoa izan du azken 40 urteotan. Nekazaritzan  oinarritutako ekonomia batetik eskualde aurreratu bati dagokion ekonomia orekatu eta dinamikora iragan zen, 70eko hamarkadan hasitako industria hazkundeari esker. Aldeko bilakaera honi esker, Nafarroak nabarmen gehitu ditu bere enplegu maila, bai eta asko murriztu ere langabezia tasa. Nafarroako Foru Erkidegoaren biztanleko Barne Produktu Gordinaren (BPG) indizea bost puntu handiagoa da Europar Batasunari dagokiona baino. Ondorioz, gizarte ongizateko indize onenak (osasun laguntza, etxe ekipamendua, hezkuntza eta kultura maila) dituzten Espainiako autonomia erkidegoen artean dago.

Enpleguan eragin txiki samarra izan arren (% 4,5), lehen sektoreak garrantzi soziologiko handia du Nafarroan, eta lehengai aparta ematen dio nekazaritza industriaren sektoreari. Ibilgailu eta makineriarena eta ekipoena dira garrantzi handiena duten jarduera azpisektoreak. Azpisektore bion eta nekazaritza elikagaien industriaren –garrantziari dagokionez hirugarrena- artean lortzen dute Nafarroako industria arloko Balio Erantsi Gordinaren erdia baino gehiago. Azpimarratzekoa da, azken bosturtekoetan, haize-energiaren industriak izan duen garapena, bai eta zerbitzuen sektoreak eduki duen bultzada handia ere.

Klima

Imagen de la Valdorba

Lurra emankorra eta atsegina da Nafarroan. Ur ugari dago mendietan; hiri eta industrietako hornidura bermatzen du ur horrek, eta lur ureztatuen eta fruta alorren miraria sorrarazten du. 1.000 mm-koa da urteko eurien batez bestekoa. Negua hotza da, bere neurrian, 6 graduko batez bestekokoa eta Pirinioetako mendiak zuri egoten dira. Eta udaberria, berriz, berandu agertzen da, uda hastear dagoenean jadanik. Udaldiak, batez beste 20 graduko tenperaturarekin, egun sargoriak dakartza uztailean eta abuztuan, nahiz eta laster epeltzen diren iparraldeko ekaitz gogor eta haize freskoekin.

Udazkena mantsomantso agertzen da bere edertasun osoan; urtaro honetako topiko guztiak betetzen ditu: egun atseginak, kolorez beteak, zeru aldakorrekoak, eta atmosfera perfumatu, eta mendiak perretxiko eta onddoez estaltzen dituzten euriekin.

Populazioa

1900. urteko 307.669 biztanletik 2014an 640.356 edukitzera pasa da, eta km2 bakoitzeko 29 biztanleko dentsitatetik 61,4 edukitzera pasa da. Migrazioaren ekarpenari esker, 1960. urteetatik ezagutzen ez genituen hazkunde demografikoko tasak ikusten ari gara berriz Nafarroan. Eskualdeko hiri nagusien hazkundea, bereziki Iruñea eta bere metropoli-arearena, landa-nukleo txikiko eremuen kaltetan gertatu da.

Udalerriaren tamainaren arabera, Nafarroako biztanleriaren % 42,3 20.000 biztanle baino gehiagoko udalerritan –Iruñea, Tutera eta Barañain- bizi da; % 39,2, berriz, 2.000 eta 20.000 biztanle artekoetan; eta % 18,5 2.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan. Azken urteotan, Espainian gertatu den bezala, bestalde, etorkinak hartzen dituen eskualde bihurtu da Nafarroa. Dirudienez, 70.000 pertsona baino gehiago heldu dira garapen bidean dauden herrialdeetatik. Migrazio fluxu honen zatirik handiena Iruñeko eskualdean kokatu da, eta gainontzekoa, berriz, Nafarroa osoan barreiatuta dago, batez ere erkidegoko hego partean.

Populazioa. INEren datuak 2013 eguneratuak
Iruñea 196.955                        
Tutera 35.369
Barañain 21.120
Burlata 18.248
Zizur Nagusia
14.120
Lizarra
13.947
Tafalla 11.201

Santiagoko bidea

Erdi Aroan, Europatik Galiziara Santiago Apostoluaren hilobia ohoratzera zetozen milaka erromesek nahitaez zeharkatu behar zuten Nafarroa Galiziara bidean. Gizarte maila eta jatorri geografiko guztietako pertsonen joan-etorri etengabe honek kultura eta arte aberastasuna ekarri zuen Nafarroako herrientzat.

EunateHona hemen bideko toki esanguratsu batzuk: Orreagako Sancti Spiritus-aren Kapera, XII. mendean eraikia, eta ustez Orreagako Guduko heroiak lurperatu zituzten tokia; Iruñeko Katedrala, Europako ojiba-klaustro ederrenetakoa duena; Leireko Monasterioa, Nafarroako errege-erreginen mausoleoa; Zangozako Santa Maria Eliza, portadan eskultura multzo aipagarria duena; Eunateko Eliza oktogonala, jatorri tenplariokoa; Gareseko zubi erromaniko luzea; Nafarroako errege-erreginen Jauregia Lizarran; Iratxeko Santa Maria Erret Monasterioa; eta Vianako Santa Maria Eliza, Nazio Monumentu aldarrikatu zutena.

Natura parajeen edertasuna gehitu behar zaio kultura eta arte erakargarritasunari: pago, haritz edo arte-baso mardulak, garo lekuak, mendiak eta erreken iturburuak... leku zoragarria natura maite duenarentzat.

Informazio turistikoa: www.turismo.navarra.es


INSTALAZIOAK
Acceso a Instalaciones

IRAKASKUNTZA EGUTEGIA
Acceso a la información sobre el calendario académico

Egoitza eletronikoa
Acceso a la Sede Electrónica

Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Arrosadiko campusa
Pamplona-Iruña
Tel. 948 169000
Fax. 948 169169
Posta elektronikoaren bidezko kontaktua

Tuterako campusa
Avda. de Tarazona s/n
31500 Tudela
Tel. 948 417800
Fax. 948 417892
Posta elektronikoaren bidezko kontaktua