• ES
  • EU
  • EN


Ingurunea


Iruñea

Plaza del CastilloNafarroako erdialdean dago hiriburua. Kokapen zentral hori, lurralde egituraketaren gunea dena, mendez mende mantendu da gisa horretan eta indartzen ari da, gainera, gaur egun.

Iruñean eta bere hiri ingurunean Nafarroako biztanleen erdia bizi da, eta bertan biltzen da industria eta merkataritzako baliabideen zati handi bat. Aldi berean, zerbitzu hiria da Iruñea. Osasun publiko zein pribatua Nafarroako Ospitale Eremua eta Nafarroako Unibertsitatea Klinikaren inguruan biltzen da. Hezkuntzak protagonismo berezia du hiriaren eguneroko martxan. Hiru unibertsitatek hiri bizitza gaztetu, kultura jarduera sustatu eta aberastasuna sortzen dute. Hiriko biztanleen artean dauden 60.000 tituludunek nahitaez bultzatu behar dute Iruñea bezalako hiri bat.

Komunikazioak

Autopistaz, 175 km eta 480 km-ra daude, hurrenez hurren, Zaragoza eta Bartzelona. Madril, berriz, 407 km-ra dago autopistaz eta autobiaz. Gazteizera doan autobiari esker, ordu betean iristen ahal da Arabako hiriburua, eta hemendik Bilbora doan autopistara lotzen da. Iruñetik 160 km-ra dago hiri hau. Leizarango autopistatik Donostiara –92 km-ra- joan daiteke paisaia ahaztezineko ibilbide eroso eta seguruan. Iruindarrek ordu bete baino gutxiagora dute Donostiako Kontxa hondartza. Belateko tunelek erraztu egiten dute Irundik Frantziarako sarbidea. Hiri perimetroa inguratzen duen ingurabideak hiriko trafiko astuna desbideratzen du, eta erraztu egiten du erdigunea eta bizitegi eta industria periferiaren arteko komunikazioa.

Iruñea ondoko Noaingo aireportutik egunero ateratzen diren hegaldiek hiria Madrilekin lotzen dute. Nafarroak orokorrean, eta Iruñeak bereziki, sekulako ahalegina egin dute azken urteotan herrialdeko gainontzeko lekuekiko dituzten komunikazioak hobetu eta Pininioetako muga behin betiko gainditzeko. Bordele eta Tolosara joateko egin behar diren 325 km eta 428 km-ak, hurrenez hurren, azkar eta seguru egiten ahal dira autopistaz edo autobiaz, edo trenbidez, bestela, lotura azkarren bidez. 

klima

Iruñea Erdialdean dagoenez, itsasaldeko klima eta klima mediterraneoaren arteko trantsizio klima du hiriak. Kantauri Itsasoaren eraginez ipar-mendebaldeko haize hezeak jotzen du, eta ondorioz sarritan euria egiten du – urtean 833 mm, 134 egunez-, hezetasun erlatiboa handia dugu, % 70 ingurukoa, eta tenperatura atseginak –urteko batez bestekoa 12 gradukoa da-. Erriberan nagusi den klima mediterraneoaren eraginez, uda lehorrak ditugu, uztailean eta abuztuan bero handiko egunak ditugularik.

Hiri berdea

Antzinako gotorleku eta erabilpen militarreko eremuak hiriaren bihotzean kokatutako parke publiko bihurtu dira: Takonera –iparraldeko harresiaren ertzean-, esaterako; Gazteluko Ingurubidea, XVI. mendean eraikitako Ziudadelako gune militarra egoera onean gordetzen duena; eta Media Luna, Argaren malkarren gainean, Magdalenako baratzeetarantz ematen duena. Hauei guztiei Biurdana parkea, Mendillorri parkea, Aranzadi parkea eta Munduko parkea, japoniar estiloko Yamaguchi parkea eta Argako ibai parkea gehitu zaizkie.

Parque de YamaguchiUnibertsitate publikoko eta pribatuko campus zabal eta ongi zainduak gehitu behar zaizkie berdegune hauei guztiei. Jolas eremuen tasa handienetakoa dute iruindarrek: biztanleko 17 m2 dituzte berdegunetan.

Historia

Behialako denboretatik dago norbait Argako kokapen estrategikoan. Kristo aurreko I. mendean bota zituen erroak erromanizazioak baskoien herrixka primitiboan –Pompeyo eneralarengandik datorkio izena Iruñeari-. Lurraldearen kristautzeari eta Erromaren kulturaren presentziari esker finkatuko da Iruñea hiriburu politiko eta erlijioso gisa. Bisigodo, musulman eta karolinjioen aldiaren ondoren, hiria –IX. mendeko bigarren zatian- gune kristau jaio berriaren barruan sendotu egiten da, islamaren aitzinatzeari kontrajarririk. Ximenotarren leinuak, X. mendean, Iruñeko erresuma eratuko du, eta 1164. urtetik aurrera Nafarroako erresuma bihurtuko da.

Murallas

Erdi Aroko Iruñea ez da bakarra, hiru baizik. Navarreria auzoa herrixka baskoi primitiboan dago kokatua, eta bertako biztanleak daude han. San Cerningo burgua Frantziatik etorritako franko, burges eta merkatariek osatzen zuten eragin handiko taldearen kokalekua da. San Nikolaseko biztanleak ziren Iruñeko hirugarren hiri nukleoa. Gune honek aniztasun handiagoa zuen jatorriari eta gizarte mailari zegokionez, eta hiri nukleo hau izan zen biharko Iruñearen hartzigarri.

Banaketa honek bere horretan jarraitu zuen XIII. eta XIV. mendeetan zehar, bai eta horren ondorioz hiriaren garapena oztopatuko duen bortizkeria eta gatazken ilara luzea. Karlos III.a Prestuak amaiera jarri zion 1423an antzinatik zetorren banaketari. Hiriak atzean utzi zituen senide arteko borrokak, eta garapen aldi bati ekingo dio. Aldi horren erakusle da Katedraleko multzo arkitektonikoa. Azpimarratzekoak dira eraikin honetan, gotiko berantiarreko klaustroa eta borgoinar artistek zizelkaturiko hilobi bikaina. Hilobi honetan daude lurperatuta, hain zuzen, Karlos III.a Prestua eta Gaztelako Leonor bere emaztea.

XV. mendean Nafarroa astindu zuen krisi politikoaz baliatu zen Gaztela hura inbaditu eta hiriburuari setioa jartzeko. Erresumako hiriburuak garrantzi estrategiko handia hartuko du hiri gotortu gisa, frantziarren –Espainiako koroaren etsai amorratuak garai hartan- inbasio arriskua etengabea baitzen. Gotortze lan garrantzitsuak egingo dira XVI. mendetik XVIII. mendera arte, frantziarren eraso baten beldur zirenez gero, hiria benetako gotorleku bihurtzeko.

Hiri berria

Iruñeak harresien barruan jarraitu zuen XX. mendearen hasierara arte. Baina 1905ean, harresiak bota zituzten, Takoneratik Labritera, Hegoalderanzko hazkunde ordenatua ahalbidetzeko. Honela sortu zen Bigarren Zabalgunea –lehena, hedatze txiki bat Ziudadelaren inguruan, 1888an egin zen-. Gazteluko plazatik kale berriak ireki ziren, Bartzelonako Zabalgunean Cerdák erabilitakoaren gisako eskema zorrotz bati jarraituz.

Baluarte. Palacio de Congresos y AuditorioAzken hamarkadetan era ordenatuan hazi da hiria, aisialdirako eremuak errespetatuz eta komunikaziorako bide errazak emanez. Baluarte Nafarroako Biltzar-jauregi eta Entzunaretoa duela gutxi inauguratu dute, eta hiriaren modernitate sinbolo bihurtu da. Nolanahi ere, hiriak bere oinarri historikoa arretaz zaintzen jarraitzen du: Alde Zaharra eta Zabalguneko alderdi batzuk oinezkoentzat jartzea, Kapitaintza jauregia berritzea Nafarroako Artxibo Nagusiaren egoitza bihurtzeko edo harresiak berreskuratzeko berriki abian jarri diren planak.

Iruñea: Sanferminak

Sanferminak, Hemingwayk “Fiesta” (“The sun also rises”) obran betikotu zituenak, Iruñea eta Nafarroako ospakizun unibertsalenak dira. Urtero, uztailaren 6an, eguerdian, txupinazoa botatzen da udaletxeko balkoitik eta hura botatzeaz bat hasten dira zalaparta eta poza. Hauek ez dira amaituko hilaren 14ko “Pobre de mí” arte. Bizi eztandak hiria erabat blaitzen du, eta bisitaria eta iruindarra jendetzan nahasten dira, dena blaitzen duten jantzi zuri eta gorrien artean, eta kaleko festaren musika eta izpirituaren esanetara jartzen dira.

Encierro de Sanfermines

Bederatzi egunetan zehar, denek izango dute aukera Sanferminak berezi bihurtzen dituzten erritu eta ohiturez gozatzeko. Entzierroa da horietako bat, nagusiena ez bada. Gazteek, goizero, beren nerbioak eta egoera fisikoa probatzen dituzte, arratsaldez zezen-plazan toreatuko diren zezen suharren adarrak atzetik dituztela.

Historialarien arabera, hiru festa batuz sortu ziren Sanferminak: erlijio izaerakoak, batetik, San Ferminen ohorez egiten zirenak eta antzina-antzinatik ospatzen zirenak; merkataritza azokak, bestetik, XIV. mendetik aurrera antolatzen zirenak; eta zezenketa festak, azkenik, zezenketak egitera mugatzen zirenak eta aurrekoen antzera XIV. mendetik ospatzen zirenak. XX. mendean eskuratuko dute Sanferminek ospe handiena. Ernest Hemingwayk 1926an idatzitako eleberriak mundu osoko pertsonak animatu zituen Iruñeko festetan parte hartzera. Azken mende honetan, gainera, Riau-Riau, Txupinazoa edo kultura programaren gisako elementu berriak sortu dira.

Informazio turistikoa: www.turismodepamplona.es


INSTALAZIOAK
Acceso a Instalaciones

IRAKASKUNTZA EGUTEGIA
Acceso a la información sobre el calendario académico

Egoitza eletronikoa
Acceso a la Sede Electrónica

Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Arrosadiko campusa
Pamplona-Iruña
Tel. 948 169000
Fax. 948 169169
Posta elektronikoaren bidezko kontaktua

Tuterako campusa
Avda. de Tarazona s/n
31500 Tudela
Tel. 948 417800
Fax. 948 417892
Posta elektronikoaren bidezko kontaktua