Introducir texto para la búsqueda (*)
Introducir texto para la búsqueda (*)
  • ES
  • EU

Iragarki Ohola

Nafarroako Kutxa Fundazioari eman diote Nafarroako Unibertsitate Publikoko Entitate Nabarmenaren V. Saria

Ikerketari eta jakintzaren transferentziari emandako laguntza eta Nafarroaren aurrerapen sozialari etengabe egindako ekarpena balioetsi ditu epaimahaiak

Nafarroako Kutxa Fundazioari eman diote Nafarroako Unibertsitate Publikoko Entitate Nabarmenaren V. Saria. Sari horrek lankidetza-jardunbide egokiak aitortzen dizkie NUPekin edo Unibertsitate-Gizarte Fundazioarekin lankidetza-hitzarmena duten erakunde eta entitateei. Saria ez da ekonomikoa, baizik eta aintzatespena ikerketaren eta jakintzaren transferentziaren arloan eta trebakuntzan nahiz jarduera sozialetan Nafarroako Kutxa Fundazioak Unibertsitateari emandako laguntzarengatik.

Epaimahaiko kideak. Aurrean, ezkerretik eskuinera, Ignacio Ugalde, Cristina Bayona, Juan Luis Sánchez de Muniain eta Iosune Pascual; atzean, ordena berean, Victoria Alfonso, Sandra Cavero, Juan Mari Sánchez eta Inés Gabari

Izan ere, 2001ean udako ikastaroak antolatzeko finantzaketan lagundu zuenetik, laguntza etengabea eta gero eta handiagoa eman dio Nafarroako Kutxa Fundazioak NUPi, azkeneko hamar urteetan batez ere; izan ere, Nafarroako Kutxa Fundaziotik zuzenean ez ezik, "la Caixa" Gizarte Obrarekin duen lankidetzaren bidez ere jaso baitu dirua Unibertsitateak.

Saria nori eman erabaki duen epaimahaiak nabarmendu du “funtsezko laguntza eman diola Nafarroako Kutxa Fundazioak NUPeko ikerketari eta jakintzaren transferentziari, dela ikerketa-proiektuetarako dirulaguntzak nahiz doktoretza aurreko eta ondorengo bekak emanez, dela zenbait katedra finantzatuz”. Horien artean, aipatzekoak dira 2014az geroztiko ikerketa-hitzarmenak, FCAN laguntzen deialdiak, doktoretza aurreko laguntzak, NUPeko ikerketa-institutuen nazioarteko ikerketarako laguntza, talentua erakartzekoa eta zenbait katedraren finantzaketa, azkenekoa Aprender-Ikasi Katedrarena.

Era berean, epaimahaiak nabarmendu du "ikasleen eta tituludunen prestakuntza integralaren eta laneratzearen alde Fundazioak egindako apustua, ikasleetan eragin zuzena duten programen eta proiektuen bidez”, eta " etengabeko lankidetzan aritu izana Nafarroaren garapen teknologikoari, ekonomikoari eta aurrerapen sozialari bulkada garrantzitsua ematen dioten ekintzetan".

Testuinguru horretan, aipagarriak dira honako hauek: curriculum-praktikak erakundeetan, osasun sentsibilizazioko oraingo proiektua Isterria Hezkuntza Bereziko Zentroarekin lankidetzan, FCANen laguntza-deialdietan finantzatutako jarduerak (prestakuntza solidarioko eta boluntarioko programak, jazarpenaren aurkako prestakuntza, parte-hartzea sustatzekoa, etab.), eta InnovaSocial deialdien bidez finantzatutako jarduera guztiak, hala nola desgaitasunen bat dutenen enplegurako gaitasun pertsonalak eta sozialak garatzekoa, bazterketa arriskuan dauden ikasle eta tituludunentzako enplegu sozialeko programa, eta gaitasun digitalen eta garapen jasangarrikoen arloko curriculumaren garapena.

Saria

Entitate Nabarmenaren Saria urtero ematen da, eta haren bidez zenbait alderdi aintzatetsi nahi dira: Unibertsitateak ezagutza transferitzea, berrikuntza teknologikoa eta soziala bultzatzea; NUPeko tituludunen prestakuntza osoa eta laneratze kualifikatua babestea; ikertzaileen, ikasleen eta egresatuen artean ekintzailetzarako ekimena sustatzea; eta errealitate ekonomiko eta soziala Unibertsitateko komunitatera hurbiltzeko aukera emanen duten topaketetan, mintegietan, hitzaldietan edo bestelako jardueretan parte hartzea. Halaber, Unibertsitateak eta gizarteak lankidetzan gauzatzen duten eta garapen teknologikoa eta ekonomikoa eta aurrerakuntza soziala nabarmen bultzatzen dituen ekintza oro indartu nahi da.

Epaimahaia honako hauek osatu dute: Cristina Bayona Sáez Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea izan da epaimahaiburua; epaimahaikideak, berriz, Iosune Pascual Azcárate Unibertsitate-Gizarte Fundazioko kudeatzailea; Juan Mari Sánchez Prieto NUPeko I-COMMUNITAS ikerketa-institutuko zuzendaria; Inés Gabari Gambarte Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa; Sandra Cavero Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa; Juan Luis Sánchez de Muniain Lacasia Nafarroako Parlamentuko idazkaria; Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak proposaturik, Ignacio Ugalde CEPES Navarra eta ANEL elkarteetako lehendakaria; Gizarte Kontseiluko buruak proposaturik, Mar González Paredes; eta Victoria Alfonso Seminario NUPeko Pharus Lotura Planaren arduraduna.