• ES
  • EU
  • EN


2018ko otsailaren 12a [Erakundeak]

NUP-ek lau gradu berri, marketineko titulu bereki bat eta alemanaren irakaskuntza jarriko ditu abian 2018-19 ikasturtean

Eskaintzaren barruan daude Bioteknologiako, Zientzietako, Datuen Zientzietako eta Ingeniaritza Biomedikoko graduak

zoomAlfonso Carlosena errektorea, informazioa emateko egindako gosarian.

Alfonso Carlosena errektorea, informazioa emateko egindako gosarian.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) lau gradu berri abian jarriko ditu 2018-19 ikasturtean: Gradua Bioteknologian, Gradua Zientzietan, Gradua Datuen Zientzietan eta Gradua Ingeniaritza Biomedikoan. Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalaren (ANECA) onespena jaso dute guztiek, eta Unibertsitateen Kontseiluak eta Nafarroako Gobernuak ontzat emateko zain daude.

Horretaz gainera, alemana irakatsiko du (zerotik B1 maila artekoa) Industria Teknologietako Ingeniaritzako Graduan eta Nazioarteko Programan. Hizkuntza hori gehituko zaio beste titulazio batzuetan jada badagoen eskaintzari: ingelesa irakasten da “English Learning Programme” programaren bidez (zeinari hurrengo ikasturtean Erizaintzako Gradua gehituko baitzaio) eta frantsesa, “Programme d’Apprentissage du Français” programaren bidez. Bestalde, berritasun gisa, "Marketina Industriaren Ikuspegitik" titulu berekia ere eskainiko da, espezializazio modura, Industria Teknologietako Ingeniaritzako Graduan (TIIGMET), Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Graduan eta Elikagai Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako Graduan, bai eta gradu bikoitzean ere, bi titulazioetan (denak NIGMETekoak).

Berritasun horiek gaur goizean, astelehena, 2018ko otsailaren 19an, azaldu ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Alfonso Carlosena errektoreak Nafarroako komunikabideekin egindako gosarian. Bileran, azaldu dute, halaber, berriki Psikologiako Graduaren, Osasun Zientzietako Fakultatera atxikitako graduaren, oroitidazki proposamena aurkeztu dutela, 2019-20 ikasturtean ezartzeko asmoarekin. Gainerako irakaskuntza eskaintza, zeinaren barruan baitaude graduak, gradu bikoitzak, nazioarteko programak, hizkuntzen ikaskuntza gehitzeko aukera eta titulu berekiak, osorik kontsultatzeko aukera dago Unibertsitatearen webgunean.

Alemana, marketina eta beste titulu bereki batzuk

“Programm für Deutsch als Fremdsprache” (Alemana ikaskeko programa, PDaF) abian jartzeak errealitate jakin bati erantzun nahi dio, hots, Industria Teknologietako graduatuen lana, neurri handi batean, jatorria Alemanian duten enpresa multinazionaletan edo haien enpresa sateliteetan garatzen da, zeinetan hizkuntza funtsezko lan tresna baita. Hala, alemana ikasteko aukerak osatzen du NUPek bere ikasleen nazioartekotzearen alde egindako apustu sendoa, bere nazioarteko programen (zeinetan gutxienez ere irakaskuntzaren % 30 ingelesez ematen baita) eta hizkuntzak ikasteko programen bidez.

Bestalde, "Marketina Industriaren Ikuspegitik" titulu berekiaren xedea da gaitasunak garatzea merkataritzaren, marketinaren eta salmenten esparruan. Aukera ematen du produktu buru, hornidura kateko kudeatzaile, “e-commerce”ko (merkataritza elektronikoa), logistikako, negozio adimeneko edo zerbitzuen diseinuko arduradun gisa trebatzeko. Halaber, aukera ematen du gaitasun digitaletan eta pertsona arteko komunikazioko trebetasunetan hobetzeko; horrela, ikasleen prestakuntza teknikoa osatzen da.

“Marketina Industriaren Ikuspegitik” titulu berekia egiteko aukera gehitzen zaio Bideojokoen eta Errealitate Birtualeko Aplikazioen Garapeneko titulu berekiaren eskaintzari, tituluarekin berarekin lotutako graduetan eskaintzeaz aparte. Bideojokoei buruzko titulu hori Informatika Ingeniaritzako Graduan zein Nazioarteko Programan eskaintzen da. Horretaz gainera, gogoratu behar da badirela beste titulu bereki batzuk, graduarekin lotuta daudenak, baina baita profesionalei zuzenduak ere, 2017-18 ikasturtean abian jarritakoak eta hurrengo ikasturtean ere eskainiko direnak: Espezializazio Diploma Sexu Hezkuntzan eta Unibertsitateko Aditua Agroekologian eta Landa Garapenean. Lehena Erizaintzako, Irakasletzako eta Gizarte Laneko graduetako ikasleei zuzenduta dago, eta bigarrena, berriz, ikasleei oro har, lehentasuna izango badute ere Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Gradua, Elikagai Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako Gradua eta bi titulazioetako gradu bikoitza egiten ari direnek.