• ES
  • EU
  • EN


[Ikasleak]

Bigarren Hezkuntzako 150 ikasle inguruk parte hartu dute nekazaritza eta elikagaien teknologietan hasteko NUP-eko jardunaldian

Nekazaritza Ingeniaritzako Eskolak antolatutako topaketaren bidez sektoreko jarduera profesionalak unibertsitate aurreko ikasleengana hurbildu nahi dira

zoomIkasleak, esperimentu baten erdian, NIGMETeko laborategi batean.

Ikasleak, esperimentu baten erdian, NIGMETeko laborategi batean.

Nafarroako bederatzi ikastetxetako Bigarren Hezkuntzako (DBHko eta Batxilergoko) 158 ikaslek guztira parte hartu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) nekazaritza eta elikagaien teknologietan hasteko XI. jardunaldian. Prestakuntza jarduera horren xedea da sektore hori gazteengana hurbiltzea, saio praktikoen bidez. Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (NIGMET) antolatu du “Nekazaritza Ingeniarien GMET: etorri eta esperimentatu” izeneko jardunaldia. Ikasleek esperimentatzeko aukera izan dute hamabi jarduera praktikoren bidez, eta horien artean zeuden izurriteen kontrol biologikoa, ur-garraio adimenduna, nekazaritzarako dronak, gastronomiaren atzeko zientzia eta haragi-produktuen zentzumenezko analisia.

Jardunaldian zenbait herritako ikastetxeek hartu dute parte: Barañain (Alaitz BHI), Zizur Txikia (San Fermin Ikastola), Corella (Alhama BHI), Mutiloa (Luis Amigó ikastetxea), Iruñea (Padre Moret-Irubide BHI, San Ignacio-Jesuitas ikastetxea, Santa Teresa-Teresianas ikastetxea eta Santo Tomás-Dominicas ikastetxea) eta Atarrabia (Paz de Ziganda Ikastola).

Jardunaldi horren xedea izan da zenbait jarduera jartzea ikastegi horien esku, horiei aukera emateko Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan prestakuntza jasotzen duten tituludunek jarduteko dauzkaten arloak eta jarduerak unibertsitate aurreko ikasleengana hurbiltzeko, bai eta instalazioak ezagutzeko ere. Ikastegi horrek graduko bi titulazio eskaintzen ditu (Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza, EUR-ACE® ingeniaritzetarako Europako kalitate-ziurtagiriarekin; eta Elikagaien Prozesuen eta Produktuen Berrikuntza), bai eta sei master ere. Horien artean, Nekazaritza Ingeniaritzako Masterra profesionalizatzailea da, eta nekazaritza-ingeniaria izateko eskudantziak ematen ditu.

Gainera, 2017-2018 ikasturtetik aurrera gradu bikoitz bat abiaraziko da, hots, Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza eta Elikagaien Prozesuen eta Produktuen Berrikuntza, bost ikasturteko iraupenekoa, eta Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Nazioarteko Programa ere jarriko da martxan. Programa horrek 15 ikaspostu izango ditu, eta bere helburua da ikasleek beren hizkuntza-gaitasuna gara dezatela, beren bizitza akademikoa eta profesionala atzerrian gauzatu ahal izateko. Ikasleek gutxienez irakaskuntzako kredituen herena atzerriko hizkuntzan egingo dute (42 kreditu ingelesez, gutxienez), eta laugarren ikasturteko seihileko bat atzerriko unibertsitate batean egingo dute, mugikortasun-programa batean. Eskainitako ikaspostuak lortu ahal izateko, ezinbestekoa da ingelesez B2 maila, gutxienez, egiaztatzea.

Aukerak sortzen dituzten teknologia berriak

zoomIkasle batzuek nekazaritzarako dron bat aztertzen dute hurbiletik.

Ikasle batzuek nekazaritzarako dron bat aztertzen dute hurbiletik.

Azken urte hauetan teknologia berriek nabarmen eragin dute nekazaritzaren eta elikagaien arloetako profesionalen garapenean, eta aukera berriak sorrarazi dituzte enplegua sortzeko ahalmen handia duten esparruetan; esaterako, energia berriztagarriak, sateliteen erabilera nekazaritzan, lur ureztatu eraginkorren diseinua, nekazaritzako produktuen sorrera, merkaturatzea eta esportazioa, elikagai berrien garapena, kalitate- eta trazabilitate-araudiaren ezarpena, landa-eremuko azpiegituren diseinua, edo natura-inguruen kudeaketa.

Jardunaldian parte hartu zuten Bigarren Hezkuntzako ikasleak talde mugatutan banatu ziren, eta, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko langileek lagunduta, zirkuitu bat egin zuten, jarduera hauek barne: “Haragi-produktuen zentzumenezko analisia”, “Nola funtzionatzen du motor batek?”, “Lurzorua babestea”, “Izurriteen kontrol biologikoa”, “Nekazaritzarako dronak”, “Ogia prestatzea”, “Bioaniztasuna”, “Zientzia eta gastronomia”, “Herbario bat prestatzea, digitala zein paperezkoa”, “Zer dira katalizatzaileak?”, “Nor da nor?” eta “Ur-garraioa”.

Galeria de fotos


“Nekazaritza Ingeniarien GMET: etorri eta esperimentatu” jardunaldia Ikusi galeria hau

  • Santa Teresa-Teresianas eta Santo Tomás-Dominicas ikastetxeak (Iruñea)
  • Alhama BHI (Corella)
  • Padre Moret-Irubide BHI (Iruñea)
  • Luis Amigó ikastetxea (Mutiloa)

Ikusi argazkiak