• ES
  • EU
  • EN


[Erakundeak]

NUP Erizaintzako Doktoretza Elkargo batean parte hartzen ari da Brasilgo, Portugaleko eta Espainiako zenbait unibertsitaterekin batera

Proiektua Tordesillas Taldearen abaroan egin da, eta alor horretan ikertzaileen prestakuntza sustatzea du helburu

zoomErizaintzako Tordesillas Doktoretza Elkargoko kideak, eta haien artean Blanca Marín, ezkerretik bigarrena, eta Hugo López, hirugarrena.

Erizaintzako Tordesillas Doktoretza Elkargoko kideak, eta haien artean Blanca Marín, ezkerretik bigarrena, eta Hugo López, hirugarrena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak hitzarmen bat sinatu du Espainiako, Portugalgo eta Brasilgo unibertsitate talde batekin Erizaintzako Doktoretza Elkargo bat sortzeko Tordesillas Taldearen abaroan. Elkargo honen xedea da ikertzaileen prestakuntza sustatzea erizaintzaren alorrean eta lankidetza eta informazio trukaketa bultzatzea baliabideak optimizatzeko.

Hitzarmena Tordesillas Taldeko Errektoreen XV. Topaketan aurkeztu zen. Bertan egon ziren Hugo López López irakaslea, NUPeko Nazioarteko Harremanetarako eta Lankidetzarako Arloaren zuzendaria, eta Blanca Marín Fernández irakaslea, gaur egun Tordesillas Taldeko Erizaintzako Programaren zuzendaria.

Erizaintzako Doktoretza Elkargoa osatzen dute Espainiako bost unibertsitatek (Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Oviedoko Unibertsitatea, Valladolideko Unibertsitatea, Granadako Unibertsitatea eta Gaztela-Mantxako Unibertsitatea), Brasilgo hiruk (Rio de Janeiro Estatuko Unibertsitate Federala, Pernanbucoko Unibertsitate Federala eta Brasiliako Unibertsitatea) eta Portugalgo batek (Aveiroko Unibertsitatea).

Elkargo honek garatuko dituen jarduerek unibertsitateen ikerketa lerroen arteko lankidetza ahalbidetuko dute elkarren arteko proiektuak gauzatuz; ikertzaileen eta ikasleen mugikortasuna sustatuko dute; prestakuntza mintegiak antolatzea elkarlanean; eta sinatzen duten unibertsitate guztietan Doktore titulua erdiesteko aukera emango duten tutoretzakide hitzarmenak garatzea.

Irakaskuntza sare honek doktoregaien eta ikertzaileen mugikortasuna sustatuko du parte hartzen duten unibertsitateen artean, talde desberdinetan sartzeko aukera izan dezaten. Era berean, unibertsitate bakoitzean sortzen den jakintza sozializatu nahi da, pertsonak eta entitateak errazago sar daitezen teknologia berrien bidez.

Tordesillas Taldearen Erizaintza Programa 2005eko azaroan sortu zen, eta gaur egun 17 unibertsitatek osatzen dute: horietatik 9 brasildarrak, 6 espainiarrak eta 2 portugaldarrak dira. Programa honek erizaintzako ikasleen eta irakasleen mugikortasunerako, eta ikerketak eta argitarapenak elkarlanean egiteko aukera eman du.

Bestalde, Tordesillas Taldea unibertsitate iberoamerikarrek osatutako sare akademiko bat da. Bere helburua da lankidetza bultzatzea zientzia eta teknologiaren alorretan, arreta berezia jarriz lankidetza zientifikoan eta hezkuntza lankidetzan. 2000. urtean sortu zen, Brasilgo, Espainiako eta Portugaleko Errektoreek Tordesillasen (Valladolid) egin zuten I. Topaketan, Brasilen deskubrimenduaren 500. urteurrena ospatzeko. Gaur egun 55 unibertsitate dira taldeko kide. Horietatik 29 Brasilgoak dira, 18 Espainiakoak eta 8 Portugalekoak.