• ES
  • EU
  • EN


[Erakundeak]

Politika Konparatuaren Analisiaren Nazioarteko Foroak saria eman dio NUPeko eta EHUko ikertzaile batzuek egindako artikulu bati

Proposatzen du adierazle osagarriak erabiltzea ikuspegi zorrotzagoa eskaintzeko ongizate estatuak nazioarteko mailan alderatzen direnean

zoomRicardo Aláez Aller, saritutako lanaren egileetako bat, NUPeko campusean

Ricardo Aláez Aller, saritutako lanaren egileetako bat, NUPeko campusean

Artikuluak “Más allá del indicador de esfuerzo en la medición del estado del bienestar” du izena, eta egileak dira Ricardo Aláez Aller (Nafarroako Unibertsitate Publikoa), Jon Olaskoaga-Larrauri eta Pablo Díaz de Basurto (Euskal Herriko Unibertsitatea). Artikuluak lortu duen saria Politika Konparatuaren Analisiaren Nazioarteko Foroak 2013ko urteko artikulurik onenari ematen diona da. Saria Münsterren (Alemania) berriki izan zen biltzar batean eman zen, eta diploma bat eta 1.000 dolar izan zen.

Ahaleginaren adierazlea (gizarte gasturako bideratzen den BPGren ehunekoa) izan da gehien erabili den neurria, herrialdeen artean, ongizate estatuak eduki duen bilakaera deskribatzeko eta joerak alderatzeko.

Saria lortu duen artikuluak —Journal of Comparative Policy Analysis aldizkarian argitaratuak— agerian jartzen ditu adierazle hau erabiltzeak dauzkan desabantailak, gerta daitekeelako adierazlearen aldaketa bat ez etortzea herrialde bateko gizarte-beharren estalduraren aldaketarekin. Alde horretatik, baliteke BPGren ehuneko antzekoak bideratzea gizarte gasturako, baina gizarte-beharren asetasun maila oso ezberdina izatea.

Ricardo Aláezek, NUPeko Ekonomia Aplikatuko irakasleak, adierazten duenaren arabera, saria jaso duen ikerketak aintzat hartzen du OCDEko 21 herrialdetan, 1980-2004 aldian gertatutakoa, eta ahaleginaren adierazleak dituen zailtasunak erakusten ditu, nazioarteko alderaketetan erabiltzen denean.

Adibidez —adierazten du— adierazle horrek erakusten du Espainian, aldi horretan, ongizatearen estatuaren garapen handiagoa gertatzen dela, baina ahaleginaren adierazlearen osagarriak hobeki aztertuz gero, ikusten da Espainian igo zela gizarte gasturako bideratu zen BPGren ehunekoa, eta igoera hori gertatu zela, batez ere, estali beharreko egoerak (langabezia eta zahartzaroa) gehiago igo zirela aztertutako 21 herrialdeetan baino; ordea, Espainian, bai biztanleko BPGak, bai mendeko pertsona bakoitzeko gizarte gastuak, maila berean eutsi zioten, 21 herrialde horiekin konparatzen badugu”.

Artikuluak, bukaeran, beste hainbat adierazle osagarriren azterketa bat egiten du, eta gomendatzen du adierazle-multzo handiagoa erabiltzea, ongizate estatuen nazioarteko konparazioa eta bilakaeraren ikuspegi zorrotzagoa eskaini nahi bada.

Ricardo Aláez Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia Aplikatuko irakaslea da. Bere irakaslana politika ekonomikoan eta eskualdeko ekonomian garatzen da. Eskolak eman ditu Euskal Herriko Unibertsitatean eta Université Montesquieu-Bordeaux unibertsitatean. Automozioaren alorra, soldata ezberdintasunak eta ekonomiaren gaineko parte-hartze publikoa (batez ere gizarte gastua eta politika ekonomiko kointuralak) ikertu ditu.