• ES
  • EU
  • EN


[Ikasleak]

NUPeko hamar ikasle Lehen Hezkuntzako bi ikastegiko adingabeei laguntzeko programa batean hasi dira

Urretxindorra Proiektua 2014-15 ikasturtean García Galdeano eta Bernat Etxepare ikastegietako ikasleekin garatuko da

zoomMentoreak agintariekin.

Mentoreak agintariekin.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko hamar ikasle hasi dira Iruñeko García Galdeano (gaztelaniaz) eta Bernat Etxepare (euskaraz) ikastegi publikoetako haurrei laguntzeko programan. Ekimen honetan parte hartzen duten ikasleak haur horien mentore dira kultura eta gizarte topaguneak eta ikaskuntza pertsonaleko guneak sortzeko, laguntza emateko eta haientzat eredu egoki moduan agertzeko xedez. Programa sustatzen du NUPeko Gizarte eta Kultura Proiekziorako Errektoreordetzaren Gizarte Ekintzarako Unitateak eta NUPen Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko Unesco Katedraren eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren lankidetza dauka, berriki hitzarmen bat sinatu baita instituzio honekin.

Urretxindorra Proiektuaren laugarren edizioa abian jarri zen joan den asteburu honetan. Aurkezpen jarduna egin zen eta unibertsitateko ikasleek 2014-15 ikasturte osoan zehar lagunduko dituzten adingabeak ezagutzeko lehen saioa eduki zuten. Paloma Vírseda Ikasleen eta Enpleguaren errektoreordeak eman zien ongietorria haurrei, haien gurasoei eta García Galdeano eta Bernat Etxepare ikastegietako ordezkariei.

NUPek bere Plan Estrategikoaren esparruan sustatzen dituen Gizarte Erantzukizuneko jardueren barnean kokatzen da proiektu hau. Laugarren edizio honetan Unibertsitateko Unesco Katedraren laguntza eduki du, ikasle mentoreen prestakuntzan eta oro har mentoretza sozialari buruz hausnartzeko guneak sortzen laguntzen ari baita. Edizio hau kontuan hartuta, 40tik gora dira ekimen honi esker mentore izan direnak, eta 5 ikastegi ekimenaren onuradun izan dira.

Urretxindorra Proiektuan parte hartuko duten NUPeko ikasleak honako hauek dira: Idoia Ilzarbe Zubia, Edurne Garde Lozano, Ana María Guisado Miguel, David Celigüeta Ruiz de Galarreta, Lara Moraña Rial, Ainhoa Lizaso Batista, Beatriz López Aizpun, Liliana Trujillo Palacios, Keissy Eduardo Rojas eta Amaia Munguira Iñigo. Haietako 5 Irakasle ikasketak egiten ari dira, eta gainerakoak, Zuzenbidekoa, Gizarte Lanekoa, Industria Ingeniaritzakoa, Lan Harremanetakoa, eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzakoa dira. Guztira, hamahiru gazte aurkeztu ziren deialdian, eta haietatik hamar hautatuak izan ziren, eta hiru itxaron zerrendan gelditu ziren.

Programaren helburua da harremanean jartzea unibertsitateko gazteak kultura eta testuinguru sozial ezberdinetako haurrekin, abiapuntutzat hartuta bien arteko harremana aukera egokia dela esperientzia berriak edukitzeko, trebetasunak jorratzeko eta pertsonen arteko harreman moduak lantzeko. Xedea da esperientzia aberasgarria izatea adingabeentzat, haien familientzat, ikastegiarentzat, unibertsitateko ikasleentzat, eta unibertsitatearentzat berarentzat.


Gaztelaniaz eta euskaraz


Mentoretza gaztelaniaz eta euskaraz egingo da, eta parte hartzaileek aldez aurretik jaso dute prestakuntza, haurrekin egokituko zaizkien egoerei aurre egiteko edo familiarekin zer nolako harremana landu jakiteko. Laguntzeko lanean jarduera ludikoak eta kulturalak egingo dituzte gazteen aisialdian, astean bizpahiru orduz, eta Unibertsitateko Gizarte Ekintzarako Unitatean gainbegiratuko diren hainbat irizpideri jarraikiz.

Ikasle mentoreen lan zehatza izango da harreman pertsonala garatzea adingabeekin, haiei laguntza eskaintzeko eta haientzat eredu positiboa izateko xedez. Mentore izateak berarekin dakar haurrekin denbora partekatzea eta kalitatezko arreta ematea, espektatiba gehiago izan ditzaten eta bizitzan esperientzia berriak edukitzeko aukera izan dezaten. Jarduera bukatzean, ikasleek beren parte hartzearen ebaluazio txosten bat egingo dute. Parte hartzaile bakoitzak beka bat jasoko du, jarduerak egiten diren bitartean sortzen diren gastuak ordaintzeko xedez.