• ES
  • EU
  • EN


2018ko otsailaren 14a [Erakundeak]

Unibertsitateko XVII. Eztabaida Liga egingo du NUP-ek, eta Estatuaren lurralde-antolaketa izango du aztergai

Izena emateko epea martxoaren 1ean amaituko da, eta lehiaketa martxoaren 6an eta 7an egingo da, Unibertsitatean

zoomEztabaida ligaren aurreko edizioko epaimahaikideak eta parte-hartzaileak.

Eztabaida ligaren aurreko edizioko epaimahaikideak eta parte-hartzaileak.

Estatuaren lurralde-antolaketari dagokionez, Espainiako Konstituzioa erreformatu behar da? Horixe da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) XVII. Eztabaida Ligan parte hartuko dutenek erantzun beharreko galdera. Lehiaketa martxoaren 6an eta 7an egingo da, Haginak eraikineko ekitaldi aretoan, Iruñeko Arrosadiko campusean. Izena emateko epea martxoaren 1ean, osteguna, bukatuko da, eta oinarriak eta izena emateko orria Unibertsitatearen webgunean jaits daitezke.

Talde irabazleak aukera izango du NUPen ordezkaria izateko G-9 Taldearen Unibertsitateko X. Eztabaida Ligan. Aurten, NUPek berak antolatuko du, eta martxoaren 21etik 23ra bitartean egingo da, Unibertsitatean bertan. Gainera, irabazten duen taldeko ordezkari batek NUP ordezkatuko du G-9 Taldearen IV. Mintzaldi Lehiaketan, zeina G-9aren aipatu txapelketan zehar egingo baita.

NUPeko Unibertsitateko Eztabaida Liga Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzak antolatzen du, eta Nafarroako Parlamentuaren laguntza dauka. Liga hori Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2017-18 ikasturtean ikasketa ofizialetan matrikulatuta dauden ikasleei dago zuzendua. Lehiakideentzat zilegi da izena elkarrekin ematea, dagoeneko osatutako eztabaida-talde moduan, edo banaka, izena banaka eman duten beste lagun batzuekin batera eztabaida-taldea osatzeko.

Eztabaidarako jarrera zozketaren bidez erabakiko da

Eztabaidetan parte hartzen duten taldeek aurkako jarrerak defendituko dituzte: talde batek aldeko jarrera izango du, eta beste taldeak aurkakoa, baina defenditu behar duten jarrera zozketa bidez erabakiko da, eztabaida egin baino minutu batzuk lehenago. Eztabaidak 34 minutuko iraupena izango du. Talde bakoitzak hasierako azalpena egiteko txanda izango du (4 minutu), bi txanda eztabaidarako (5 minutu bakoitzean), eta 3 minutu ondorioak azaltzeko.

Puntuazioa emateko garaian, epaimahaiak segurtasuna eta gaia menderatzea, argudio lerroaren kalitatea, inprobisatzeko gaitasuna eta halakoak hartuko ditu aintzat. Taldeek gutxienez hiru kide eta gehienez bost kide edukiko dituzte. Kideetako bat kapitaina izango da. Bere taldea ordezkatuko du arbitroen eta epaimahaiaren aurrean, eta hitz txandetan esku hartzeko eta epaimahaiaren aurrean kexak aurkezteko aukera izango du.

Ekimen horren helburua da Unibertsitateko ikasleen artean jendaurreko elkarrizketa eta ideien alderaketa sustatzea, betiere elkarbizitzan trebatzeko eta norberak dituen trebetasunak garatzeko. Lehiaketan parte hartzen duten ikasle guztiek 0,5 ECTS kreditu jasoko dute. Bestalde, irabazten duen taldeko kideek 1 ECTS kreditu jasoko dute.