• ES
  • EU
  • EN


[Ikerketa]

Nafarroan "in vitro" ernalketaren bidezko lehenengo txekorrak jaio daitezen lortu dute NUP-ek eta Albaikide enpresak

Bi txekorrak Baztango ustiategi batean jaio ziren IS-FOODeko ikertzaileen eta aipatu enpresako albaitarien arteko lankidetzari esker

zoomEzkerretik eskuinera: Fausto Álvarez eta Jon Arretxea (Gartzaingo Andalorrea ustiategia Baztango ibarrean), Javier Zabala eta Hasier Azurmendi (Albaikide enpresako albaitariak), Olaia Urrutia eta José Antonio Mendizabal (NUPeko IS-FOODeko ikertzaileak). Aurreko aldean, “Larrexuri” (emea) eta “Urkizte” (arra).

Ezkerretik eskuinera: Fausto Álvarez eta Jon Arretxea (Gartzaingo Andalorrea ustiategia Baztango ibarrean), Javier Zabala eta Hasier Azurmendi (Albaikide enpresako albaitariak), Olaia Urrutia eta José Antonio Mendizabal (NUPeko IS-FOODeko ikertzaileak). Aurreko aldean, “Larrexuri” (emea) eta “Urkizte” (arra).

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Nekazaritza eta Elikagaien Katearen Berrikuntza eta Iraunkortasun Ikerketarako Institutuaren (IS-FOOD) ikertzaileek eta Albaikide albaitaritza zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa nafarrak, Jesús Zulategui Eraso enbriologoarekin lankidetzan, Nafarroako Foru Erkidegoan osorik garatu den "in vitro" ernalketaren bidezko lehenengo txekorrak jaio daitezen lortu dute. Txekorrek “Larrexuri” eta “Urkizte” dute izena, eta Andalorrea Eraldaketarako Nekazaritza Sozietatean (ENS) jaio ziren, hots, Gartzaingo (Baztango ibarra) esne aziendaren ustiategi batean. Nafarroako Gobernuaren Garapen Ekonomikorako Departamentuaren I+G laguntzen bidez finantzatu da proiektua.

Ekimen horretan parte hartu dute, NUPeko IS-FOODen aldetik, Abere Ekoizpena eta Haragiaren Kalitate eta Teknologia izeneko ikerketa taldeko ikertzaile hauek: José Antonio Mendizabal Aizpuru, Beatriz Soret Lafraya y Olaia Urrutia Vera; eta Albaikide enpresaren aldetik, Hasier Azurmendi Gaztelumendi, Fernando García eta Javier Zabala Martínez albaitariek. Aholkulari gisa lankidetzan aritu da Jesús Zulategui, enbrioi bitrifikazioetan aditua.

“In vitro” prozesua

zoomOlaia Urrutia NUPeko ikertzailea, “in vitro” klonazio prozesuan laborategian.

Olaia Urrutia NUPeko ikertzailea, “in vitro” klonazio prozesuan laborategian.

Proiektua  2016ko ekainean sortu zen. Ezusteko istripu bat gertatu zen, eta ondorioz Andalorrea ustiategiko behi bat hil behar izan zuten. Albaikideko albaitariek obulutegiak atera zituzten hil berria zen behiaren gorputik, eta egokitutako termo batean eraman zituzten NUPeko laborategi batera. Orduan, behiaren enbrioien "in vitro" produkzioa hasi zuten NUPeko ikertzaileek. Prozesuak bederatzi eguneko iraupena izan zuen. Gero bitrifikatu egin zituzten umetoki hartzaile batera transferitzeko zain.

Zehazki, hildako behiaren obulutegiak jaso bezain laster, NUPeko taldeak obozitoak atera zituen. Hogeita bost lortu zituzten, eta horietatik hogeik  hogeita bi orduko heltze prozesua bete zuten ernalketarako prest geratzeko. Beharrezkoa zen espermatozoide kopurua gehituz egin zen ernalketa. Zazpi egunez enbrioien hazkuntza egin zen. Epe hori igaro eta gero, lau enbrioi bideragarri lortu zituzten.

Jarraian, enbrioiak bitrifikatu ziren nitrogeno likidoan gordetzeko, harik eta joan den abenduan desizoztu zituzten arte Gartzaingo ustiategian. Albaikideko albaitari taldeak lau enbrioiak transferitu zituen beste hainbeste behirengana. Behin horiek aurretiaz tratatu zituzten beren zikloa aldatzeko (araldien sinkronizazioa).  Urtarrilean jada, behietako biren ernaldia egiaztatu zuen ekografia batek. Prozesua irailaren 8 eta 10ean burutu zen, lehenengo txekorrak jaio zirenean. Txekorretako bat arra da eta bestea emea. Baztango toki izenak jarri dizkiete. Jon Arretxeak, Andalorrea ustiategiko abeltzainak, aukeratu zituen izenak.