• ES
  • EU
  • EN


[Ikerketa]

NUP gaixotasun kronikoa daukaten pertsonen eskubideen aitorpenari buruzko ikerketa proiektu batean parte hartzen ari da

Zuzenbide Pribatuko Saileko María Luisa Arcos, María Jorqui eta Leyre Elizari irakasleak ikerketa taldeko kideak dira

zoomEzkerretik eskuinera: Leyre Elizari Urtasun, María Luisa Arcos Vieira eta María Jorqui Azofra ikertzaileak NUPeko Arrosadiko campusean.

Ezkerretik eskuinera: Leyre Elizari Urtasun, María Luisa Arcos Vieira eta María Jorqui Azofra ikertzaileak NUPeko Arrosadiko campusean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP), lau herrialdetako (Espainia, Italia, Erresuma Batua eta Kolonbia) beste hamaika unibertsitaterekin batera, Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatzen duen ikerketa proiektu batean parte hartzen ari da, zeinaren helburua baita gaixotasun kroniko bat daukaten pertsonen eskubideak legalki aitortzea. María Luisa Arcos Vieirak, Zuzenbide Zibileko irakasle titularrak, INARBE (Institute for Advanced Research in Business and Economics) institutuko ikertzaileak eta Osasun Zuzenbidean adituak koordinatzen du NUPeko lan taldea. Gizarte eta osasun prestazioen eta aseguru pribatuen eskuragarritasuna izango dira aztertuko diren gaietako batzuk.

Proiektuak, "Desgaitasuna, Gaixotasun Kronikoa eta Eskubideen Eskuragarritasuna" izena duenak, Espainiako bederatzi unibertsitatetako hemeretzi ikertzaile biltzen ditu. Alcalako Unibertsitateko (Madril) Zuzenbidearen Filosofiako irakasle titular Miguel Ángel Ramiro Avilés irakasleak zuzentzen du proiektua. Hainbat diziplinatako bederatzi irakaslek osatzen dute ikerketa taldea. Parte hartzen duten unibertsitateak hauek dira: Alcala, Carlos III.a eta Comillaseko Pontifize Unibertsitatea (denak Madrilgoak), Sevilla, Euskal Herrikoa, Vigo eta NUP (María Luisa Arcos Vieira).  Horiekin batera, Espainiako lau unibertsitatetako (Carlos III.a, Gaztela-Mantxa, Deustu eta NUP, Leyre Elizari Urtasun eta María Jorqui Azofraren parte-hartzearekin) eta Turin (Italia), Birmingham (Erresuma Batua) eta Kolonbiako Externado unibertsitateetako bederatzi doktorek osatutako lan talde bat eratu da.

Ikerketa proiektu honen iraupena hiru urte izango da, eta haren helburua da Espainian gaixotasun kroniko bat daukaten pertsonen eskubideek zer lege-aitorpen eduki beharko luketen aztertzea. "Gaixotasun kronikoa da oinarri organikoa duena, iraunkorra eta larria dena eta funtzio galera edo desgaitasuna dakarrena, eta horregatik eguneroko oinarrizko jardunei eta pertsonen autonomoari eragiten diena, osasun egoeraren endekapen geldo baino hurrenez hurrenekoa sortuz", azaldu du María Luisa Arcosek.

Bizi kalitatea eta eskubideen aitorpena

Gaixotasun kronikoek osasun publikoan eta osasuna babestera bideratzen diren aurrekontu publikoetan daukaten oihartzuna ahaztu gabe, ikerketa proiektu honek "ikuspegi berri bat ekarri nahi du, desgaitasuna duten pertsonekin esperimentatu dena, eta gaixotasun kroniko bat daukaten pertsonen eskubideetan oinarritzen dena". "Gaixotasun kronikoak tratatzeko medikuntza ereduaren arrakasta erlatiboa baino ez da, tratamenduei esker —farmakologikoak, kirurgikoak, errehabilitatzaileak— eta aurreikuspen politikei esker irabazten diren bizi kalitateko urteei, ez bazaizkie gehitzen, aldi berean, eskubideen aitorpena", esan du.

Ikertzaileek metodologia parte-hartzailea eta Alcalako Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko Lege Klinikan aztertu diren kasu errealak hartuko dituzte oinarritzat. Kasu hauek gaixotasun kronikoa daukaten pertsonen elkarteek bidali dituzte, edo bestela pertsona ukituek, zuzenean. Azken bi urteetako kontsultetan gehien errepikatu diren bost arazoak aztertuko dituzte, gai hauekin zerikusia dutenak: "enplegu publikoaren, osasun eta gizarte prestazioen eta aseguru pribatu baten eskuragarritasunarekin, baita datuen babesarekin loturiko auziekin".