• ES
  • EU
  • EN


[Ikastaroak eta hitzaldiak]

NUP-ek eskainitako dibulgazio hitzaldietako 45 gairen artean hautatzeko aukera izango dute ikasturte honetan Batxilergoko ikastetxeek

Hainbat diziplinatako unibertsitateko irakasleen bidez ikasleei gai zientifiko eta teknologikoak hurbiltzea da helburua 

zoomIrakasle bat, eskola ematen.

Irakasle bat, eskola ematen.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak dibulgazio zientifikoko 45 hitzaldi eskaintzen ditu 2017-18 ikasturte honetan Batxilergoko ikastetxeetan. Horrekin lortu nahi duen helburua da ikasleei gai zientifiko eta teknologikoei buruzko aukera zabala eskaintzea. Nafarroako ikastetxeek urriaren 15era arteko epea dute nahi duten hitzaldia eskatzeko www.charlascientificas.com webean. Halaber, programa osorik kontsultatu eta eskaera inprimakia bidal daiteke web horretan. Hitzaldietarik sei gaztelaniaz eskaintzeaz gainera, euskaraz ere eskaintzen dira, hamalau ingelesez eta hiru frantsesez (azken aukera hori joan den ikasturtean jarri zen martxan).

Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzak jarri zituen abian hitzaldiak 2005-06 ikasturtean, ikastetxean bertan egiten dira, eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta daude. Unibertsitateko irakasleek ematen dituzte hitzaldiak, eta sei multzotan banatzen dira: Natura Zientziak (12), Fisika eta Teknologia (16), Matematika (6), Kimika (3), Ekonomia (3) eta Gizarte Zientziak (5). Joan den urtean 95 hitzaldi eman ziren Nafarroako 47 ikastetxetan.

Hitzaldietako gaiak

Hitzaldiak ikastetxean bertan ematen dira, eta Batxilergoko ikasleentzako prestatuak daude. Hona José Basilio Galván Herrera irakasleak koordinatzen duen ziklo honetan eskaintzen diren tituluetako batzuk: "Zergatik hazten dira zuhaitzak? Zuhaitzek inguratzen gaituen giroaz esaten ahal digutena", "Nola ikusten den zure etxea satelite batetik", “Kontxo, zulo beltz batean erori naiz… Hori bai zoritxarra!", "Txongilak eta presio eltzeak: eguneroko bizitzaren zientzia", "Sukaldaritzaren misterio zientifiko batzuk", "Zure garunak engainatzen zaitu (eta arrazoiak dauzka horretarako)", "Planeta asko, bai, baina, baten batean bizitzarik bai?", "Kriptografia: isileko gako eta mezuak", "Suteei aurrea hartzea: kimikaren ikuspegia", "Finantza-krisia eta kapital-merkatuak" eta "Adimen emozionala: emozioak atzeman, ulertu eta adieraztea".