• ES
  • EU
  • EN


[Ikasleak]

NUP-ek 32 gradu eta master irakasgai eskaintzen ditu "online" lehen aldiz, erdiak ingelesez

Aurtengo ikasturtean martxan jarri den ekimena da, gaurko irakaskuntza eskaintza hobetzeko eta zaluago egiteko helburuarekin

zoomIkasle batzuk ordenagailu bat kontsultatzen ari direnean.

Ikasle batzuk ordenagailu bat kontsultatzen ari direnean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eskaintzen du, 2017/18 ikasturte honetako berrikuntza bezala, 32 irakasgai (graduko 28 eta masterreko 4) "online" egiteko. Horietatik, 14 ingelesez eskaintzen dira. Irakaskuntzako Errektoreordetzak bultzatu duen ekimen bat da, gaurko irakaskuntza eskaintza hobetzeko eta zaluago egiteko, eta urrats bat emateko hezkuntza berrikuntzaren arloan erakundeko irakasleen parte-hartzearekin. Irakasgaiak "online" egiteko matrikulak muga edukiko du. Ikasle bakoitzak, gehienez ere, 6 ECTS egiten ahalko ditu, titulazio bakoitzeko.

Helburu honetaz aparte, irakasgaiak "online" egiteko eskaintza honekin lortu nahi den beste helburu bat da gai-eskaintza bat osatzea, eta eskaintza horren bidez NUPek etorkizunean nazioko eta nazioarteko mugikortasun birtualeko programetan parte hartu ahal izatea. Alde horretatik, azpimarratu behar da Europako Batzordeko Hezkuntza eta Kulturaren Zuzendaritza Nagusiak esan zuela, Erasmus programen belaunaldi berriaren (2014-2020) etorkizuna bermatzeko, beharrezkoa dela mugikortasun birtuala hobetzea, besteak beste.

Irakasgaien eskaintza

Eskolak eta fakultateak kontuan hartuz gero, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa (TIIGMET) da irakasgai gehien eskatzen dituena, hamabost eskaintzen dituelako (masterreko lau, eta gainerakoak, gradukoak; lau ingelesez eta beste guztiak gaztelaniaz). Ondoren Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa (NIGMET) dator graduko sei irakasgairekin (denak ingelesez); ondoren, Zientzia Juridikoen Fakultatea, graduko lau irakasgairekin (bi ingelesez eta beste bi gaztelaniaz); gero dator Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatea, graduko lau irakasgairekin (gaztelaniaz eta euskaraz); ondoren Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea dator graduko bi irakasgai ingelesez eskaintzen baitu, eta azkenik Osasun Zientzien Fakultatea, graduko irakasgai bat gaztelaniaz eskaintzen duena.

"Online" irakasgaien eskaintza osoa aipatu gradu bakoitzaren ikasketa-planetan kontsultatzen ahal da, Unibertsitatearen web-orrialdearen bidez. Eskaintza garatzeko, Unibertsitateak Hezkuntza Berrikuntzaren Goi Mailako Ikastegiaren (CSIE) eta Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiaren (CSI) laguntza edukiko du.