• ES
  • EU
  • EN


[Erakundeak]

Europako Batzordeak "praktika onak" kalifikazioa eman dio bost herrialdek egin duten eta NUP-ek koordinatu duen osasun proiektu bati

Ekimenaren izena VIVIfrail da, bi urteko iraupena dauka eta haren helburua da ariketa fisikoa sustatzea 70 urtez gorakoengan, eroriei eta hauskortasunari aurrea hartzeko

zoomVIVIfrail proiektuaren ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera: Nicolás Martínez Velilla (Nafarroako Ospitalegunea), Álvaro Casas Herrero (Nafarroako Ospitalegunea), Leocadio Rodríguez-Mañas (Getafeko Unibertsitate Ospitalea), Mikel Izquierdo Redín (Nafarroako Unibertsitate Publikoa) eta Cristina Alonso Bouzón (Getafeko Unibertsitate Ospitalea).

VIVIfrail proiektuaren ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera: Nicolás Martínez Velilla (Nafarroako Ospitalegunea), Álvaro Casas Herrero (Nafarroako Ospitalegunea), Leocadio Rodríguez-Mañas (Getafeko Unibertsitate Ospitalea), Mikel Izquierdo Redín (Nafarroako Unibertsitate Publikoa) eta Cristina Alonso Bouzón (Getafeko Unibertsitate Ospitalea).

Europako Batzordearen Hezkuntza, Gazteria, Kirol eta Kulturako Zuzendaritza Nagusiko aditu batzuek Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) koordinatzen duen VIVIfrail proiektu europarra aukeratu dute "praktika onak" zigiluaren barruan. Ekimena joan den abenduan bukatu zen, bi urtez lan egin eta gero, eta haren helburua izan da ariketa fisikoa sustatzea 70 urtez gorakoengan, eroriei eta hauskortasunari aurrea hartzeko. Proiektu horretan bost herrialdetako (Alemania, Espainia, Frantzia, Italia eta Erresuma Batua) kidek lan egin dute, eta proiektua Europar Batasuneko Osasuna eta Bizitza Kalitatea Sustatzeko Estrategiaren barruan kokatu da.

"Praktika onak" zigiluak Europako Batzordeak Erasmus+ programaren eta aurreko programen bidez finantzatu dituen proiektu europarrak nabarmentzen ditu, dagoeneko burutuak direnak, beren "oihartzun, politika publikoak prestatzeko ematen duten laguntza, emaitza berritzaile edo/eta beren ikuspegi sortzailearengatik" gailendu direnean, Europar Batasunaren organo betearazle honen iritziz. Kalifikazio horri esker, ikusgarriagoa egiteko beste neurri batzuen artean, NUPek koordinatu duen proiektua "praktika onak" zigilupean agertuko da Erasmus+ proiektuen emaitzen "online" plataforman.

Parte hartu duten ikertzaileak

Mikel Izquierdo Redín NUPeko Fisioterapia katedradunak koordinatu du VIVIfrail proiektua. Beste hauek ere parte-hartzaileak izan dira: Nicolás Martínez Velilla eta Álvaro Casas Herrero (Nafarroako Ospitaleguneko Geriatria Zerbitzua), Leocadio Rodríguez-Mañas eta Cristina Alonso Bouzón ikertzaileak (Getafeko Unibertsitate Ospitaleko Ikerketa Biomedikorako Fundazioa, Espaina) Roberto Bernabei eta Antonio Sgadari irakasleak (Erromako Sacro Cuore Unibertsitate Katolikoa, Italia), Andreh Zeyfang (Ulm-eko Unibertsitatea, Alemania), Bruno Vellas (Tolosako Unibertsitate Ospitalea, Frantzia) eta Alan Sinclair (Diabetes Frail erakundea, Erresuma Batua).

Proiektua garatu duten bazkideek indarra, oreka eta ibilketa batzen dituen entrenamendu-programa bat diseinatu dute, 70 urte baino gehiago daukaten pertsonentzat, ez ere ez egitea baita hauskortasuna sortzen duen arrisku-faktore nagusia. "Posiblea da adineko pertsonen desgaitasunari aurre egitea hauskortasunean eraginez, azken hau atzematen ahal delako eta haren aurka esku hartzen ahal delako", esan du Mikel Izquierdok.

Ikertzaileek hainbat material grafiko argitaratu dute entrenamendu-programa zabaltzeko. Materiala doakoa da eta osasuneko profesionalei eta kirol eta ariketa fisikoko profesionalei zuzentzen zaie. Materialak hauek dira: hezkuntza gida bat, gailu mugikorrentzako aplikazio bat (telefono adimentsuak eta tabletak), eta liburu elektroniko bat. Dena eskuratzen ahal da proiektuaren web-orrialdetik: www.vivifrail.com.

Gainera, Mikel Izquierdo irakasleak, Osasunaren Mundu Erakundeko (OME) kidea denez, adineko pertsonen zainketa osorako gida berri baten garapenean parte hartuko du, Nazio Batuen organismo honek munduan zehar daraman Osasuna eta Bizitza Kalitatea Sustatzeko Estrategiaren barruan.