• ES
  • EU
  • EN


[Ikerketa]

NUP-eko ikerkuntza eremutik sortutako zazpi enpresa Nafarroako enpresa, ekintzaile eta teknologia zentroei aurkeztu zaizkie

Anteral, Eversens, Movalsys, Nadetech Innovations, Naudit, Tafco Metawireless eta Uptech Sensing enpresek CEINeko jardunaldi batean parte hartu dute

zoomEzkerretik eskuinera: Pilar Irigoien Ostiza, Sodenako zuzendari kudeatzailea eta CEINeko kontseilari delegatua; Eduardo Tejero Pascual, Nadetech Innovations enpresaren bazkide sortzailea eta langilea; Gonzalo Crespo López, Anteral enpresaren zuzendari nagusia; Cristina Bayona Sáez, NUPeko errektoreordea; José Antonio Marcotegui Iturmendi, Tafco Metawireless enpresaren zuzendari nagusia; Mariano Velasco Pérez, Movalsys enpresaren zuzendari nagusia; Eduardo Magaña Lizarrondo, Nauditen bazkide sortzailea eta NUPeko irakasle eta ikertzailea; Javier Urricelqui Polvorinos, Uptech Sensingen bazkide sortzailea; eta Juan María Pérez Azpeitia, Eversens enpresaren bazkide eta langilea.

Ezkerretik eskuinera: Pilar Irigoien Ostiza, Sodenako zuzendari kudeatzailea eta CEINeko kontseilari delegatua; Eduardo Tejero Pascual, Nadetech Innovations enpresaren bazkide sortzailea eta langilea; Gonzalo Crespo López, Anteral enpresaren zuzendari nagusia; Cristina Bayona Sáez, NUPeko errektoreordea; José Antonio Marcotegui Iturmendi, Tafco Metawireless enpresaren zuzendari nagusia; Mariano Velasco Pérez, Movalsys enpresaren zuzendari nagusia; Eduardo Magaña Lizarrondo, Nauditen bazkide sortzailea eta NUPeko irakasle eta ikertzailea; Javier Urricelqui Polvorinos, Uptech Sensingen bazkide sortzailea; eta Juan María Pérez Azpeitia, Eversens enpresaren bazkide eta langilea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikerkuntza emaitzetatik sortutako zazpi enpresak beren produktuak eta zerbitzuak aurkeztu dizkiete Foru Erkidegoko enpresen, ekintzaileen eta teknologia zentroen zuzendaritzetako kideei, Nafarroako Berrikuntza eta Enpresen Europar Zentroan (CEIN) egindako jardunaldi batean. Jardunaldia erakunde horrek antolatu du Ikasleen Gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako Errektoreordetzarekin eta Enpresak Sortzeko Unibertsitateko Laborategiarekin (LUCE)  batera. Hauek dira parte hartu duten enpresak: Anteral (prestazio handiko antenak eta neurketak egiteko ekipo bereziak); Eversens (diagnostiko kliniko ez inbaditzaileen ekipoak); Movalsys (mugimendua ebaluatzeko sistemak); Nadetech Innovations (laborategiko ekipoak); Naudit (komunikazio sare eta zerbitzuak); Tafco Metawireless (telekomunikazioak eta teleneurketak) eta Uptech Sensing (monitorizazio sistemak).

Jardunaldiak  jakintzan, zientzian eta teknologian oinarritutako enpresen sorkuntza gizarteratu nahi zuen eta Cristina Bayona Sáezek, NUPeko Ikasleen Gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordeak, eta Pilar Irigoien Ostizak, Sodenaren (Nafarroako Garapenerako Elkartea) zuzendari kudeatzaileak eta CEINeko kontseilari delegatuak aurkeztu zuten. Aipatu jardunaldian Alfons Cornellá enpresa kontsultariak hitzaldia eman zuen. Infonomiaren eta Co-Societyren sortzailea da, eta zientzia, teknologia eta berrikuntzaren esparruan hogei bat liburu argitaratu ditu  .

Zazpi enpresa horietatik, seik Nafarroan daukate egoitza eta beste batek Madrilen. Gainera, horietako lau (Eversens, Movalsys, Nadetech Innovations eta aipatu dugun Naudit enpresa) spin-off edo oinarri teknologikoko enpresa gisa aitortu ditu NUPek, erakundeak, Unibertsitatearen estatutuek jasotzen duten bezala,  bere  partaidetza bultzatu nahi baitu enpresa mota horietan.

Enpresak, banan-banan

Anteral enpresa 2010ean sortu zen, eta prestazio handiko antenak garatu eta uhin milimetrikoen eta terahertzen bidez neurtzeko ekipoak diseinatzen ditu . Zenbait sektoretan lan egiten du. Esaterako, espazioa, lurreko komunikazio-sistemak, antenak (bai laborategikoak bai integratuak zenbait aplikaziotarako, hala nola mugikorrak edo identifikazio sistemak) eta industria.

Eversens enpresa 2015ean sortu zen, eta inbaditzailea ez den diagnostiko klinikorako sistemetan espezializatu da, arnasarekin botatzen diren biomarkatzaileak atzemanezz (giza hatsean daudenak). Bere lehen produktuaren garapena amaitu du enpresak, eta  arnasten dugun oxido nitrikoa neurtzeko gai da asmak edo alergiek sortzen duten arnasbideen hanturaren adierazle gisa. Produktu horrek neurketa egiteko behar den denbora murrizten du, zehatzagoa da eta pazientearentzat erosoagoa da.

Movalsys enpresa 2016an sortu zen, eta pertsonen mugimenduei buruzko datu objektiboak eman ditzakeen erreminta garatu du. Aplikazioak ditu bai esparru medikoan(geriatria, errehabilitazioa…) bai kirol esparruan ere (kirolarien egoera fisikoaren balorazioa eta segimendua).

Nadetech Innovations enpresa 2011n sortu zen, eta laborategirako ekipoak sortzen ditu, bai eta nano eskalan eta eskala mikrometrikoan estaldurak ekoizteko laguntza teknikoa eman ere. Haien produktu eta zerbitzuen aplikazio eremuak hauek dira, besteak beste: energia sektorea, medikuntza, bioteknologia, material aurreratuak eta elektronika.

Naudit HPCN (High Performance Computing and Networking) enpresa 2009an sortu zen NUPeko eta Madrileko Unibertsitate Autonomoko oinarri teknologikoko enpresa gisa. Muturretik muturrerako komunikazio zerbitzuen eta sareen identifikazioarekin, analisiarekin eta optimizazioarekin erlazionatutako produktuak eta zerbitzuak eskaintzen ditu, eta horiek behar-beharrezkoak dira edozein informazio-sistema hobetzeko. 

Tafco Metawireless 2008an sortutako ETEa da, eta diseinuaren sektorerako teknologia sortu eta aholkularitza zerbitzua ematen du, baita telekomunikazio eta teleneurketa esparrurako produktuen eta irtenbideen analisia, ezarpena eta mantentzea.
 Sektore hauetan lan egiten du: haririk gabeko komunikazioa, espazioa, defentsa, automobilgintza, garraioa, nanoteknologia eta bioteknologia.

Uptech Sensing enpresa 2016an sortu zen 2012ko proiektu batean oinarrituta. Aipatu proiektuan sistema bat sortu zuten denbora errealean monitorizazioa egiteko. Sistema Europan patentatu dute, eta zuntz-optikoa erabiliz magnitude fisiko desberdinen profilak (hala nola, tenperatura eta deformazioa) neurtzeko aukera ematen du. Teknologia hori hainbat industria sektoretan erabil daiteke, hala nola azpiegitura zibila, energia edo garraioa.