• ES
  • EU
  • EN


[Besteak]

NUP-ek lehen aldiz eskainiko du datorren ikasturtean neonatologiako eta pediatria zainketa intentsiboetako erizaintzako graduondo bat

Titulu bereki horretaz gain, Erizaintza Onkologikoko Zainketetako Diplomaren 4. edizioa izango da, eta, bien kasuan, izena emateko epea abuztuan bukatuko da

zoomNafarroako Unibertsitate Publikoko Erizaintzako ikasleak, praktikak egiten Nafarroako Ospitalegunean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erizaintzako ikasleak, praktikak egiten Nafarroako Ospitalegunean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) lehen aldiz eskainiko du 2017-2018 ikasturtean Neonatologiako Erizaintzako Zainketetako eta Pediatria Zainketa Intentsiboetako Espezializazio Diploma. Titulu bereki horretaz gain, Erizaintza Onkologikoko Zainketetako Espezializazio Diplomaren laugarren edizioa izango da. Erizaintzako bi graduondo horietakoren batean izena emateko epea zabalik egongo da abuztuaren 30era arte, eta izapideak “online” egin behar dira, Unibertsitatearen webgunean. Bertan dago eskuragarri, halaber, bietako bakoitzaren edukiari eta hasiera-datei buruzko informazio guztia.

Erizaintzako bi espezialitate horiek enplegagarritasun indize oso handia daukate. Hain zuzen, Yolanda Montes García irakasleak (Osasun Zientzien Saila) zuzentzen duen Erizaintza Onkologikoko Zainketetako Espezializazio Diplomari dagokionez, iaz hura egin zuten ikasleen % 100ek kontratua lortu dute eremu horretan lan egiteko. Gainera, María Dolores Redín Areta irakasleak (Osasun Zientzien Saila) zuzentzen duen Neonatologiako Erizaintzako Zainketetako eta Pediatria Zainketa Intentsiboetako Espezializazio Diplomako ikasleek aukera izango dute Nafarroako Gobernuak argitaratzen dituen kontratazio berezirako zerrendetan sartzeko.

Titulazio bakoitzak 40 ECTS kreditu dauzka, eta presentzialak eta batik bat klinikoak dira; izan ere, ikasleek, gai horretan adituak diren irakasleen eskutik diziplinaren ezagutza teoriko-praktikoa jasotzeaz gain, tutoretzapeko praktika klinikoak egingo dituzte. Onkologiako espezializazio diplomaren kasuan, praktikak Nafarroako Ospitalegunean eta San Juan de Dios klinikan egingo dira. Era berean, Nafarroako Ospitalegunean gauzatuko dira neonatologiako graduondoari dagozkion praktikak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko gainerako titulu berekiek bezala, prestakuntza-eskaintza honek helburu bikoitza dauka: alde batetik, Unibertsitateko tituludunen eta profesionalen gaitasunak eta trebetasunak bultzatzea eta eguneratzea, beren enplegagarritasuna lortu edo hobetu dezaten; bestetik, enpresek eta administrazioek kualifikatutako eta haien beharretara egokitutako langileak eduki ditzatela ahalbidetzea.

Titulu berekietako ikasleen abantailak

Enplegu kualifikatuaren poltsarako sarbidea edukitzeaz gainera, Unibertsitate-Gizarte Fundazioak kudeatutako titulu berekietako ikasleek beste zenbait abantaila dituzte, hala nola lan orientaziorako unibertsitateko zerbitzua eta hainbat zerbitzu eta deskontu izateko aukera (hizkuntza ikastaroak, kirolak, Liburutegirako sarbidea, e.a.).

Bi graduondo horiei buruzko informazio gehiago behar izanez gero, jarri harremanetan Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren Prestakuntza Arlokoekin, 948 16 9770 eta 948 16 9813 telefono zenbakietan eta fundacion.formacion@unavarra.es helbide elektronikoan; edo joan Unibertsitatearen webgunera.