• ES
  • EU
  • EN


[Irakasleak]

NUP-eko zenbait irakaslek EB-k kontratazio publikoaren esparruan onartutako lege aldaketak aztertu dituzte talde-liburu batean

Martín María Razquin katedradunak zuzendutako lanak Europako zuzentarauak Espainiako eta Nafarroako lege testuetara egokitzeko jarraibideak eskaini ditu

zoomLiburuan parte hartu duten NUPeko ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera: Gemma Angélica Sánchez Lerma, José F. Alenza García, Martín María Razquin Lizarraga, Miren Sarasíbar Iriarte eta Aritz Romeo Ruiz.

Liburuan parte hartu duten NUPeko ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera: Gemma Angélica Sánchez Lerma, José F. Alenza García, Martín María Razquin Lizarraga, Miren Sarasíbar Iriarte eta Aritz Romeo Ruiz.

Smart Cities Institutuko (ISC) Administrazio Publikoari buruzko Ikerketa Taldearekin lotura duten Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) bost irakaslek talde-liburu batean parte hartu dute. Lana Martín María Razquin Lizarraga nafar erakunde horren Administrazio Zuzenbideko katedradunak zuzendu du, eta kontratazio publikoaren esparruan egon diren aldaketak aztertu ditu (nagusiki gizarte eta ingurumen esparruko klausula berriak), 2014an gai horren inguruan hiru europar zuzentarau berri onartu eta gero. “Nueva contratación pública: mercado y medio ambiente” izenburuko liburua Thomson Reuters Aranzadik argitaratu du, eta oraindik Europar Batasuneko zuzenbideari egokitu ez diren lege testu berriak idatzi eta onartzeko jarraibideak eskaintzen ditu, bai Estatuan baita Nafarroan ere.

Liburu horren hamalau egileak, aipatutako Martín María Razquinez gain, hauek dira: José F. Alenza García, Miren Sarasíbar Iriarte, Gemma Angélica Sánchez Lerma eta Aritz Romeo Ruiz irakasleak (NUPekoak guztiak), José María Gimeno Feliú (Zaragozako Unibertsitatea), Jesús Conde Antequera (Granadako Unibertsitatea), Rafael Fernández Acevedo (Vigoko Unibertsitatea), Isabel González Ríos (Málagako Unibertsitatea), Javier Miranzo Díaz (Gaztela-Mantxako Unibertsitatea), Nicola Gullo (Palermoko Unibertsitatea, Italia) eta  Miroslaw Wincenciak (Byalistokeko Unibertsitatea, Polonia), baita José Antonio Razquin Lizarraga eta Francisco Javier Vázquez Matilla legelariak ere (azkeneko hori abokatua eta Europako Batzordeko kontratazio publikorako adituen taldeko kidea da).

“2014an, Europar Batasunak kontratazio publikoari buruzko hiru zuzentarau berri onartu zituen, eta transposizioa egiteko amaierako data 2016ko apirilaren 18a zen —azaldu du Martín María Razquinek—. Zuzentarau horiek, 2004ko aurreko araudiarekin alderatuz, aldaketa esanguratsuak sartu dituzte, hala nola erosketa publiko berdeak indartzea. Are gehiago, Europako Batzordeak 2016an argitaratu du kontratazio publiko ekologikorako eskuliburuaren hirugarren edizioa. Zuzentarauen transposizioa egiteko epea aspaldi igaro da, eta Espainiak eta Nafarroak ez dute oraindik Europar Batasuneko zuzenbidera egokitutako araudi berririk”.

Europako zuzentarau berriak

EU2020 agendan (hazkunde ekonomiko jasangarria eta barneratzailea lortzeko hamar urterako estrategia) finkatutako helburuak lortzeko, Europako Batzordeak 2011. urtean beharrezkotzat jo zuen emakida eta kontratazio publikorako zuzentarau berriak lantzea. Besteak beste, diru publikoa aurreztea lortu nahi zen, gardentasuna eta lehiakortasuna handitzea, enpresa txiki eta ertainei kontratazio publikoko prozesuetan laguntzea, eta mugaz gaindiko kontratazio publikoa ere handitzea.

2012tik 2013ra, Europako Kontseiluak eta Parlamentuak proposamen ezberdinak eztabaidatu zituzten, 2014an zuzentarau berriak onartu ziren arte. Horiek kontratazio publikoen prozesuak berriztatzeko aurrerapen garrantzitsuak jaso dituzte, lan, gizarte eta ingurumenaren esparruan betekizun berriak ezarriz.

Liburuaren edukia

Liburuak hamalau kapitulu ditu, eta zuzentarau berriek ingurumen alderdiak nola aztertzen dituzten azaltzen du, bai ikuspegi orokorra erabiliz baita zenbait jarduera-sektoreren ikuspuntutik ere (energia, hondakinak, arrisku naturalak, garraioak eta “smart cities” edo hiri adimentsuak). Gainera, liburuak gizarte klausulen analisia egin du, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak horien inguruan daukan jurisprudentzia aztertuz.

Azkenik, kontuen auzitegiek (Nafarroaren kasuan, Kontu Ganberak) kontratazio publikoan gizarte eta ingurumen klausulak sartzeko izaten duten kontrola ikertu du liburuak. Monografia Italia, Polonia eta Europako bestelako herrien adibideekin osatu dute.

“Liburuak kontratazio publikoetan ingurumen alderdiak sartzeko beharra azpimarratzen du, botere publikoen betebeharra delako, eta horiek jarrera aktiboa har dezaten ingurumenaren kontserbazioan eta hobekuntzan eragina izateko”, adierazi du Martín María Razquinek.

Monografia honek “Nueva contratación pública: mercado y medio ambiente” Nazioarteko Biltzarrean zenbait hizlarik emandako hitzaldiak jaso ditu. Aipatu biltzarra 2016ko urrian egin zen Iruñeko Arrosadiko campusean, eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak Administrazio Publikoari buruzko Ikerketa Taldeari emandako ikerketa proiektu bati esker egin da.