• ES
  • EU
  • EN


[Ikasleak]

Zilarrezko bi domina eta brontzezko bat NUP-eko kirolarientzat 2017ko Espainiako Unibertsitateko Txapelketetan

Elena Arbeak, borrokan eta Álex Elizaldek, taekwondon (poomsae modalitatea), zilarrezko domina lortu zuten eta Ekaitz Berradek, brontzezko domina konbatean

zoomAlfonso Carlosena errektorea eta Eloísa Ramírez errektoreordea domina lortu duten ikasleekin batera. Ezkerretik eskuinera, Álex Elizalde, Elena Arbea eta Ekaitz Berrade.

Alfonso Carlosena errektorea eta Eloísa Ramírez errektoreordea domina lortu duten ikasleekin batera. Ezkerretik eskuinera, Álex Elizalde, Elena Arbea eta Ekaitz Berrade.

Zilarrezko bi domina eta brontzezko bat irabazi dituzte Elena Arbea, Álex Elizalde eta Ekaitz Berrade Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) kirolari ikasleek 2017ko Espainiako Unibertsitateko Txapelketetan.

Zilarrezko domina bana irabazi dute Elena Arbea Zuazuk (gradua Erizaintzan) borroka olinpikoan, 51 kilo baino gutxiagoko modalitatean (diziplina hori 2016an hasi zen lehenengo aldiz unibertsitateko txapelketetan); Álex Elizalde Casik (gradua Fisioterapian) taekwondon, poomsae modalitatean (teknikoa) eta Ekaitz Berrade Campionek (gradua Industria Teknologietako Ingeniaritzan), kirol berean, baina konbateko modalitatean (74 kilo baino gutxiagoko kategoria). Alfonso Carlosena Unibertsitateko errektoreak harrera egin zien duela gutxi, eta ikasleek aukera izan zuten errektoreari lehiaketa kirolean izan dituzten esperientziak azaltzeko.

Dominak lortu dituzten ikasleez gainera, unibertsitateko txapelketetan parte hartu zuten, halaber, Leire Ochoa de Eribe Musituk (gradua Erizaintzan), zeina igeriketa modalitatean lehiatu baitzen  Murtzian, maiatzean, egin zen txapelketan; María Gil Garayoak (gradua Lehen Hezkuntzako Irakasletzan), zeina finalerako Madrilera joan baitzen apirilean esgriman lehiatzeko; eta Sara León Ecayk (gradua Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzan), zeinak taekwondo diziplinan parte hartu baitzuen Madrilen, apirilean baita ere.

Bestalde, Sara León Ecay eta Álex Elizalde ikasleak Europako txapelketetan lehiatuko dira taekwondoko teknika indibidualeko modalitatean. Txapelketak Coimbran (Portugal) egingo dira uztailaren 24tik 27ra arte. Kirol jarduerak irailera arte egingo dira, eta jardueren egutegi osoa kontsultatzeko dago EUSAren webgunean (European University Sports Association, Unibertsitateko Kirolen Europar Elkartea).