• ES
  • EU
  • EN


[Erakundeak]

NUP-eko Energia Berriztagarrien Katedrak diplomak eman dizkie Ingeniaritzako hiru masterretako 18 ikasleri

Aintzatespena eman zaie horrela beren ikasketen amaierako lanak Acciona Energía, Nordex Acciona WindPower, Siemens Gamesa Renewable Energy, Ingeteam eta CENERen egin dituztenei

zoomNUPeko masterretako ikasleak, Energia Berriztagarrien Katedrako irakasle arduradunak eta enpresen ordezkariak, zeremoniaren ondoren.

NUPeko masterretako ikasleak, Energia Berriztagarrien Katedrako irakasle arduradunak eta enpresen ordezkariak, zeremoniaren ondoren.

2016-2017 ikasturtean beren ikasketen amaierako lana Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Energia Berriztagarrien Katedran egin duten Ingeniaritzako hiru masterretako 18 ikasleek diplomak hartu dituzte, Arrosadiko campuseko (Iruñea) Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan (TIIGMET) egindako ekitaldi batean. Katedrak master amaierako 19 lan berri abian jarriko ditu hurrengo ikasturtean, eta erakunde hauen arteko lankidetza egonkorrerako eremu bat da: Unibertsitatea, sektorean puntakoak diren lau enpresa (Acciona Energía, Nordex Acciona WindPower, Siemens Gamesa Renewable Energy eta Ingeteam) eta CENER (Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala).

Katedra honi esker, duela zazpi urte sortu zenetik, Ingeniaritzako 165 ikaslek beren karrera amaierako proiektuak eta master amaierako lanak egin dituzte lehen aipatutako sektoreko puntako lau enpresetan eta CENERen. Urte horietan, erakunde horiek katedraren jarduerak finantzatu dituzte, ia milioi bat euro jarriz.

Diplomak emateko ekitaldian izan ziren Javier Goicoechea Fernández, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoaren zuzendariordea (TIIGMET); Pablo Sanchis Gúrpide, Katedraren zuzendaria; eta Idoia San Martín Biurrun, idazkari teknikoa, bai eta enpresa laguntzaileen ordezkariak ere. Beren diplomak jaso zituzten ikasleak Industria Ingeniaritza, Energia Berriztagarriak: Sorkuntza Elektrikoa eta Ingeniaritza Mekaniko, Aplikatu eta Konputazionala egiten ari dira.

Ikasleen zerrenda

Energia Berriztagarrien Katedran master amaierako lana egin duten ikasleak hauek dira, alfabetoaren hurrenkeraren arabera: Xabier Alaez Sarasibar, Nahia Barriola Hernandorena, Mikel Cabodevilla Afra, Adrián Carrera Domínguez de Vidaurreta, Eneko Domínguez Majuelo, Víctor Erice Carbonero, Rodrigo García Navarro, Iñaki Garrido Obregón, Susana Jorajuría Lázaro, Pedro López Bracot, Martín López Sexmilo, Íñigo Nuin Vidaurre, Aitor Ollacarizqueta Arizcuren, Olaia Olazar Mariezcurrena, Sergio Pérez Calvo, Xabier Rández Diago, Carlos Sanz Navarro eta Diego Villanueva Martínez.

Hurrengo ikasturterako, master amaierako 19 lan berri abian jartzea onetsi du dagoeneko Katedrak. Proiektuak Katedraren instalazioetan –Iruñeko Arrosadiko campuseko Sario eraikinean dauka egoitza–, unibertsitateko sailetan eta enpresetan egiten dira. Lanak egiteko, tutoretza daukate ikasleek.

Energia Berriztagarrien Katedra 2010ean sortu zen, lankidetza zientifiko-teknologikoaren esparru hitzarmen bati esker, zeina Unibertsitatearen eta Acciona Energía, Nordex Acciona Windpower, Siemens Gamesa Renewable Energy, Ingeteam enpresen eta CENERen artean izenpetu baitzen. Hitzarmenaren helburua da ikerketa eta irakaskuntza jarduerak elkarrekin egitea.