• ES
  • EU
  • EN


[Erakundeak]

NUP-ek nazioarteko mugikortasunerako 90 beka eman ditu, Banco Santanderren laguntzarekin

Beste bederatzi ikaslek laguntzak jaso dituzte Santander Universidadesen Graduko Ikasleentzako Iberoamerika Beken deialdian

zoomBanco Santanderren bekak jaso dituzten NUPeko ikasleak, agintariekin batera.

Banco Santanderren bekak jaso dituzten NUPeko ikasleak, agintariekin batera.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Banco Santanderrek, Santander Universidades sailaren bitartez, nazioarteko mugikortasunerako 90 beka eta Santander Universidadesen Graduko Ikasleentzako 9 Iberoamerika Beka eman zituzten atzo, ekainaren 14an, asteazkenarekin.

Laguntza horiek emateko ekitaldia Iruñeko Arrosadiko campuseko Olibondoak eraikinean egin zen, gradu-aretoan, eta bi erakundeek zenbait proiektu akademiko garatzeko adostu duten lankidetzaren esparruan kokatzen da.

Ekitaldiak buru izan zituen Alfonso Carlosena NUPeko errektorea, Beatriz Villegas Santander Universidadeseko eremuko zuzendaria, eta Hugo López NUPeko Nazioartekotze errektoreordea. Horrez gain, Marina Castro NUPeko Zuzenbideko graduatuak bertaratutakoei aurkeztu die joan den ikasturtean mugikortasuneko ikasle gisa bizi zuen esperientzia.

Laguntzen banakatzea

zoomEzkerretik eskuinera, Hugo López, Beatriz Villegas, Alfonso Carlosena eta Marina Castro, laguntzak emateko ekitaldian.

Ezkerretik eskuinera, Hugo López, Beatriz Villegas, Alfonso Carlosena eta Marina Castro, laguntzak emateko ekitaldian.

Emandako beka guztien artean, 90 ikaslek nazioarteko mugikortasuneko laguntzak jaso dituzte, NUPek atzerriko hainbat unibertsitaterekin eta programa hauekin dauzkan aldebiko hitzarmenei dagozkienak: ISEP (International Student Exchange Programs, ikasleen trukerako lehen partzuergo globala, zeina Estatu Batuetan baitago, eta 50 herrialdetako goi-mailako 300 hezkuntza-erakunde biltzen baititu), Palafox (Latinoamerikarekiko trukea) eta Martín de Rada (Asiarako). Zehatz esateko, deialdi horretan, 66 beka Palafox programari dagozkio; 16, Martin de Radari; 6, aldebiko hitzarmenei; 8 ISEP USAri, eta 3 ISEP Nazioartekoari.

Bestalde, Santander Universidadesen Graduko Iberoamerika beken helburua da Ezagutzaren Gune Iberoamerikarraren garapenean laguntzea, unibertsitateko ikasleen arteko trukearen bidez.

Beka horien guztien onuradun izango diren ikasleak (60 emakumezko eta 39 gizonezko) hamaika herrialdetan banatuko dira: Argentina (3), Australia (2), Brasil (3), Txile (26), Txina (10), Hego Korea (1), Costa Rica (2), Estatu Batuak (12), Mexiko (28), Peru (4) eta Taiwan (5).

Banco Santander mundu osoan hezkuntzan gehien inbertitzen duen enpresa pribatua da (Varkey txostena, UNESCO), eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren jarduera hori eta beste batzuk babesten ditu, bi erakundeek 1999az geroztik Santander Universidades sail korporatiboaren bidez gauzatzen duten lankidetzaren esparruan. Izan ere, azken horrek lankidetza-hitzarmenak sinatuta dauzka 21 herrialdetako 1.200 unibertsitate eta ikerketa-zentrorekin.