• ES
  • EU
  • EN


[Erakundeak]

NUP-eko Nekazaritza Ingeniarien Eskolako ikasleek bigarren postua lortu dute elikagai ekoberritzaileen Ecotrophelia lehiaketan.

Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako eta Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako sei ikasle garagardoarekin egindako ogi batekin lehiatu dira

zoomNUPeko ikasleak lehiaketan bertan. Ezkerretik eskuinera: Amaia Guembe Lapuente, Javier Gil Huarte, Uxue Satrústegui Martínez, Fernando Ázqueta Iriarte, Zaida Sesma Arizcuren eta María Castillejo Agós.

NUPeko ikasleak lehiaketan bertan. Ezkerretik eskuinera: Amaia Guembe Lapuente, Javier Gil Huarte, Uxue Satrústegui Martínez, Fernando Ázqueta Iriarte, Zaida Sesma Arizcuren eta María Castillejo Agós.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) sei ikaslek bigarren postua lortu dute elikagai berritzaileak bilatzen dituen  Espainiako Ecotrophelia Sariak lehiaketaren finalean. Ikasleak Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako eta Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako gradukoak dira Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan (NIGMET), eta garagardoarekin egindako ogi bat aurkeztu zuten lehiaketara. Aipatu lehiaketa unibertsitateko ikasleei zuzentzen zaie, eta helburua elikagai produktu bat sortzea zen, bi baldintza hauekin: ekoizpenaren edozein fasetan berritzailea izatea eta ingurumen irizpide bat betetzea. Txapeldunorde izateagatik 1.500 euro irabazi dituzte. Valentziako Unibertsitate Politeknikoak irabazi du txapelketa, beganoentzako tarta batekin, eta egileek 3.000 euroko saria lortu dute.

Txapeldunorde geratu diren NUPeko ikasleak hauek dira: Fernando Ázqueta Iriarte, Javier Gil Huarte, Amaia Guembe Lapuente, Uxue Satrústegui Martínez eta Zaida Sesma Arizcuren, Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako ikasleak, eta María Castillejo Agós, Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Inguruneko Ingeniaritzako ikaslea. Garagardoarekin egindako ogi baten diseinuaren, garapenaren eta merkaturatzearen alderdi guztiak landu dituzte ikasle horiek guztiek Gradu Amaierako Lanean.

Finala Bartzelonan

Ikasle horien Gradu Amaierako Lanaren tutoreak ikertzaile hauek izan dira: Iñigo Arozarena Martinicorenak, Ramo Barrena Figueroak eta Idoya Fernández Panek. Proiektua atzo, maiatzaren 22an, astelehenean, aurkeztu zuten Alicia Fundazioaren egoitzan (Manresan, Bartzelonan), eta epaimahaikideek erakunde horren sukaldean egindako garagardo-ogia dastatu ahal izan zuten.

Lehiaketaren epaimahaikideak erakunde eta enpresa hauen ordezkariak izan ziren: Alicia Fundazioa, Elikagaien eta Edarien Industrietako Espainiako Federazioa (FIAB), Nekazaritza eta Elikagaien Ikerketa eta Teknologiako Institutu Nazionala, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioa, Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioa eta Angulas Aguinaga, Go Fruselva, Grupo Carinsa, Mahou San Miguel, The GB Foods eta Unilever España enpresak.

Ecotrophelia lehiaketaren fase nazionala Elikagaien eta Edarien Industrietako Espainiako Federazioak (FIAB)antolatzen du. Txapelketa irabazten duen taldeak Europako edizioan hartuko du parte, eta finala Londresen izango da azaroan.

Azpiproduktuei balioa ematea

NUPeko ikasleek garagardoarekin egindako ogiak balioa gehitzen die mikrogaragardotegietan sortzen diren azpiproduktuei, hala nola patsari (garagarraren azalari) eta legamiei, osagai eta laguntzaile teknologiko moduan erabiltzen baitira. Gainera, garagardo patsaren irina eta ore ama (hartziduraren ondorioz dekantatutako legamiaz lortutakoa) gehitzeak “ogia zuntzez aberasten du, eta ezaugarri sentsorial paregabeak ematen dizkio:  kolore iluna eta mami trinkoa duen baserriko ogia, garagardo eta lupulo zapore eta usain izpi bat duena”.