• ES
  • EU
  • EN


[Erakundeak]

Nafarroako Gobernuaren Nazioarteko Praktiketarako Beken 15 onuradunek hasi dute atzerriko egonaldia

Hamar herrialdetako enpresa eta entitate batzuek zortzi unibertsitatetako tituludunak hartuko dituzte, NUPeko Unibertsitate-Gizarte Fundazioari esker

zoomNafarroa Bekak jaso dituzten ikasleak, NUPeko Arrosadiko campusean, Unibertsitate-Gizarte Fundazioko langileekin, informazio-saioa baino lehen.

Nafarroa Bekak jaso dituzten ikasleak, NUPeko Arrosadiko campusean, Unibertsitate-Gizarte Fundazioko langileekin, informazio-saioa baino lehen.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren bitartez Nafarroako Gobernuaren Nazioarteko Praktiketarako Beken programako beka bat lortu duten hamabost ikasleek hilabete honetan zehar eta ekainaren 1era arte hasiko dituzte beren praktikak, Europatik kanpoko hamar herrialdetako enpresa eta entitate batzuetan. Deialdiaren xedea unibertsitateko titulua duten, Nafarroarekin lotura duten eta 30 urte baino gutxiago dituzten pertsonei prestakuntza ematea da, sei hilabetez atzerrian praktikak egin ditzaten.

Bekadunak (NUPeko zazpi tituludun eta beste zazpi unibertsitatetako zortzi graduatu) informazio-saio batean egon dira Unibertsitate-Gizarte Fundazioan, eta atzerrian egingo duten egonaldiari buruzko xehetasunen berri izan dute (eskubide eta betebeharrak, prestakuntza-plana, beharrezko dokumentazioa, e.a.). Bekadunek egonaldia egingo dute Amerikako zazpi herrialdetan (Bolivia, Brasil, Txile, Costa Rica, Estatu Batuak, Nikaragua eta Peru), Afrikako bitan (Angola eta Kamerun) eta Asiako batean (India).

Hauek dira beka eskuratu duten NUPeko egresatuak: Andrea Calvo Barbería (Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Zuzenbidea), Brasilgo Tetra Consulting Engineering enpresarako; Irene Duque Egaña (Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza), Costa Ricako Institutu Teknologikorako; Arantxa Olivencia Percaz (Zuzenbidea), Espainiak Kamerunen duen enbaxadarako; Sara Pardina Ganuza (Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Nazioarteko Programa), Espainiak Miamin (AEB) duen ekonomia- eta merkataritza-bulegorako; Marta Rández Gil (Zuzenbidea), New Yorkeko (AEB) Alkateen Erakunde Amerikarrerako; Íñigo San Martín Patús (Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza), Espainiak La Pazen (Bolivia) duen ekonomia- eta merkataritza-bulegorako; eta Mateo Tejedor Zozaya (Ekonomia), Indiako Tetra Consulting Engineering enpresarako.

Beste unibertsitate batzuetako tituludunentzako bekak

Horiei gehitu behar zaizkie NUPeko Unibertsitate-Gizarte Fundazioak eskuratu dituen bekak, beste zazpi unibertsitatetako (Madrilgo Konplutentsea, Granadakoa, Nafarroako Unibertsitatea, EHU, Kataluniako Politeknikoa, Salamancakoa eta Zaragozakoa) zortzi tituludunentzat:  Amaia Asiain Zelaia (Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Ingeniaritza Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan), Indiako IED Greenpower enpresarako; Diana Ayensa Jiménez (Eraikingintza Granadako Unibertsitatean), Txileko Baumax Spa enpresarako; Laura Delgado Guillén (Arte Ederrak Zaragozako Unibertsitatean), Txileko Oroimenaren eta Giza Eskubideen Museorako; Marta Estaun Mateo (Ikus-entzunezko Komunikazioa Nafarroako Unibertsitatean), Espainiak Luandan (Angola) duen enbaxadarako; Naroa Irigoyen Aguinaga (Gizarte Hezkuntza Salamancako Unibertsitatean), Nikaraguako Grupo Venancia elkarterako; Oihan Pla Azanza (Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Unibertsitate Masterra Euskal Herriko Unibertsitatean), Costa Ricako Institutu Teknologikorako; Gonzalo Sáenz Quílez (Zuzenbidea Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean), Peruko Giza Eskubideen Aldeko Elkarterako; eta Amaya Urdánoz Casado (Biokimika Nafarroako Unibertsitatean), New Yorkeko (AEB) Columbia Unibertsitateko Zentro Medikorako.

Beka horiek Nafarroako Gobernuaren Nafarroako Nazioarteko Planari (NNP 2017-2020) dagozkio. Izan ere, bere ardatzetako baten helburua laguntza ematea da nafar biztanleria gai izan dadin ingurune global batean pertsonalki eta profesionalki garatzeko aukerak baliatzeko.