• ES
  • EU
  • EN


[Erakundeak]

Unibertsitate komunitateko 20 kidek parte hartzen dute guztira NUP-eko "Mugi zaitez" ariketa fisikorako programan

Hipertentsioa, obesitatea, diabetesa edo kolesterolemia duten AZLen eta Irakasle-Ikertzaileen egoera fisikoa hobetu nahi da entrenamenduekin

zoom"Mugi zaitez" taldeko entrenamenduaren irudia.

"Mugi zaitez" taldeko entrenamenduaren irudia.

AZLen (Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak) eta Irakasle-Ikertzaileen 20 kide ari dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) "Mugi zaitez" programan parte hartzen. Aipatu programa NUPeko Kultura eta Kiroletako Unitateak antolatzen du Osasun Laguntzarako Zerbitzuarekin eta Nafarroako Gobernuko Ikerketa eta Medikuntza Zentroarekin lankidetzan. Helburua da Unibertsitatean lanean diharduten eta patologiaren bat duten pertsonen osasuna hobetzea.

Aurten berritasun moduan baina jarraitzeko ideiarekin martxan jarri den ikastaroa ariketa fisikoan oinarritzen da osasuna hobetzeko, eta partaideek eguneroko bizimoduan ohitura osasungarriak hartzea du helburu. Partaideek ondorengo arazo hauek dituzte: hipergluzemia, kolesterola, obesitatea edo II motako diabetes ez-intsulina mendekoa; eta bi taldetan biltzen dira; lehenengoa, astelehen eta asteazkenetan, 15:30etik 17:00etara, eta, bestea, astearte eta ostegunetan, 11:30etik 13:00etara.

Programa hasi aurretik, partaide bakoitzari analitika bat egin zitzaion patologia aztertu eta ariketa egiteko kontraindikazioak sahiesteko. Esfortzu-proba ere egin zitzaien, lan-programa eta kargak kasu bakoitzera egokitzeko. Hasieran eta amaieran egindako testek partaide bakoitzaren bilakaera balioztatzen dute, eta amaierako analitikarekin, egindako lanari eta lortutako hobekuntzari buruzko informazio zehatza jasotzen da.

Entrenamenduen xehetasunak

Entrenamenduak Cristina Morente Sebastiánek diseinatu eta zuzentzen ditu, NUPeko kirol-monitore, kirol-instalazioetako langile eta Jarduera Fisikoetako Zientzietan lizentziadunak. Entrenamenduetan, aurrez beroketa egiten dute, eta ondoren indarra eta erresistentzia aerobikoa elkartzen dituzten zenbait ariketa (besteak beste, zango-heldulekua edo sentadilla-erdia, dortsala, bularrekoak, bizepsak, trizepsak eta abdominal dinamikoak; baita era askotako jolas arinak ere), betiere,  segurtasun-parametro gisa, bihotz-taupaden maiztasunaren % 85 gainditu gabe. Ondoren, luzatze-ariketak egiten dira, barealdira itzultzeko. Entrenamendu konbinatu horrek arrisku kardiobaskularreko faktoreak hobetzen ditu, azalpeko eta erraietako gantza gutxitzen du, eta muskulu-masa galtzea ekiditen du.

Ariketa-taula bakoitzaren eragina- kontrolatzeko, partaide bakoitzak pultsometro bat darama, eta egunero ebaluatzen du bere burua, jakiteko ariketa kantitatea egokia den edo ez (gehiegi edo gutxiegi izan daitekeelako) eta ondorengo saioetan egokitu daitekeen edo ez. Morentek azaldu bezala, ariketak taldeka egiteak motibatu, atxikimendua erraztu, eta kirola egiten jarraitzera bultzatzen du, eta hori oinarrizko faktorea da ohitura osasungarria barneratzeko.