• ES
  • EU
  • EN


[Ikerketa]

NUP-ek eta Nafarroako i3i Ingeniería Avanzada enpresak energetikoki autonomoa den sentsore bat garatu dute nekazaritzarako eta lorezaintzarako

Gailuak sorgailu fotovoltaiko batekin funtzionatzen du, eta edozein sakontasuneko lurraren hezetasun- eta tenperatura-datuak bildu eta hari gabeko teknologiaz bidaltzen ditu

zoomEzkerretik eskuinera: Carlos Castellano, Álex Díaz, Jesús Villadangos (sentsorea eskuetan dutela), Ion Goizueta eta José Javier Astráin

Ezkerretik eskuinera: Carlos Castellano, Álex Díaz, Jesús Villadangos (sentsorea eskuetan dutela), Ion Goizueta eta José Javier Astráin

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) sentsore bat garatu du, Cordovillako i3i Ingeniería Avanzada enpresarekin lankidetzan. Gailuak edozein sakontasuneko lurraren hezetasunari eta tenperaturari buruzko datuak bildu eta kontrol-postu batera bidaltzen ditu hari gabeko teknologiaz. Gainera, energetikoki autonomoa da, sorgailu fotovoltaiko batekin funtzionatzen baitu. Sentsoreak aukera ematen du zehaztasun-nekazaritzako eta lorezaintzako ureztapena gainbegiratzeko. Nafarroako Gobernuaren I+G proiektuetarako laguntza-programa batean garatu dute teknologia hori.

NUPeko José Javier Astráin Escola eta Jesús Villadangos Alonso Matematika eta Informatika Ingeniaritza Saileko irakasleek, Carlos Castellano Aldave Unibertsitateko Jerónimo de Ayanz I+G Zentroaren sustatzaileak eta Ion Goizueta Crespo egresatuak (Industria Ingeniaritza) diseinatu dute teknologia hori. i3i Ingeniería Avanzada enpresako Álex Díaz Chamorro ikasle ohi eta telekomunikazio-ingeniaria ere elkarlanean aritu da.

Zenbait sakontasun-mailatako datuak

zoomSentsorearen xehetasun bat. NUPen garatu dute, i3i Ingeniería Avanzada enpresarekin

Sentsorearen xehetasun bat. NUPen garatu dute, i3i Ingeniería Avanzada enpresarekin

Sentsoreak zenbait sakontasun-mailatako lurraren tenperaturari eta hezetasun erlatiboari buruzko datuak lortzen ditu, jaso duen informazio guztia wifi sarbide-puntu batera bidaltzen du hari gabeko teknologiaz, eta puntu horrek kontrol- edo monitorizazio-postu batera birbidaltzen du.

Energetikoki autonomoa da gailua, eta, beraz, ez du ez kablerik ez pilarik behar. Izan ere, sorgailu fotovoltaiko batekin elikatzen da, eta horrek hamar minutuan behin informazioa etengabe bidaltzeko autonomia ematen dio.

Teknologia diseinatzeko, kontakturik gabe neurtzearen printzipioa aplikatu dute, eta, horri esker, elementu aktibo guztiak PVCzko hodi batean integratuta eta ingurunetik isolatuta mantentzen dira. Horrenbestez, materiala ez da hondatzen edo degradatzen, ezta ingurune korrosiboetan ere.