• ES
  • EU
  • EN


2017ko martxoaren 09a [Erakundeak]

NUP-ek Iruñean eta Tuteran egingo du unibertsitatean sartzeko proba berria ekainaren 7tik 9ra arte ohiko deialdian

Batxilergoaren Ebaluazioa Unibertsitatean Sartzeko (BEUS) probako notak ekainaren 14ko 13:00etatik aurrera emango dira

zoomOrduan Unibertsitatean Sartzeko Proba deitzen zitzaienen irudi bat, joan den ikasturtean NUPen Tuterako campusean hartua

Orduan Unibertsitatean Sartzeko Proba deitzen zitzaienen irudi bat, joan den ikasturtean NUPen Tuterako campusean hartua

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Arrosadiko (Iruñeko) eta Tuterako campusetan egingo du unibertsitatean sartzeko proba berria, Batxilergoaren Ebaluazioa Unibertsitatean Sartzeko (BEUS) deritzana, ekainaren 7, 8 eta 9an, ohiko deialdian, eta ekainaren 28, 29 eta 30ean, ohiz kanpoko deialdian. Notak ekainaren 14an emango dira, 13:00etatik aurrera, eta uztailaren 4an, 14:00etatik aurrera, zein deialditakoak diren.

Ikasturte honetan ezarri den azterketa berriaren xedea da heldutasun akademikoa eta graduko ikasketa ofizialak behar bezala egiteko gaitasuna balioestea. Zenbakizko kalifikazio batekin emango da balioespena, zeinak Unibertsitatean onartua izateko eskaerak ordenatzeko aukera emango baitu eskainitako ikaspostuak esleitzeko.

BEUS probak bi fase ditu: nahitaezkoa eta borondatezkoa. Lehenengo fasean, ikasleek Batxilergoko modalitate guztietako hiru irakasgai komunetako (Gaztelania eta Literatura, Espainiako Historia eta Atzerriko Hizkuntza, zeina ingelesa, frantsesa edo alemana izan baitaiteke eta atzerriko lehen edo bigarren hizkuntza gisa ikasteko aukera baitu ikasleak) azterketak egingo dituzte. Nafarroan, A eta D hizkuntza ereduetakoek beste azterketa bat egin beharko dute: Euskara eta Literaturakoa. Horrez gainera, beste proba bat egingo da: Batxilergoko beren modalitatean egin duten enborreko irakasgaiari dagokiona. Zientzietakoa, Matematika II izango da; Giza eta Gizarte Zientzietakoa, Latina II edo Gizarte Zientzietan aplikatutako Matematika II; eta Arteetakoa, Artearen Hastapenak II.

zoomBigarren Hezkuntzako zenbait irakasle, NUPen egindako bileran, errektoreordeak atzean dituztela

Bigarren Hezkuntzako zenbait irakasle, NUPen egindako bileran, errektoreordeak atzean dituztela

Azterketa horietan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa kalkulatuko da, eta ikasle batek BEUS proba gaindituko du baldin eta batez besteko nota hori % 40an eta bere Batxilergoko espedienteko batez besteko nota % 60an haztatuta lortzen den nota 5 puntukoa (10etik) edo handiagoa bada. Haztatzeko, nahitaezko faseko azterketetako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoak 4 puntu (10etik) edo handiagoa izan behar du. Ikasleak proba gainditzen badu, bere notaren iraupena mugagabea izango da.

Borondatezko fasea, Batxilergorako eta LHrako

Bestalde, bai Batxilergoko ikasleek bai Lanbide Heziketako ikasleek izango dute borondatezko fasea egiteko aukera, eta graduko unibertsitateko ikasketetako onarpen nota gehienez ere 4 puntu arte igotzeko balio du. Gehienez ere hiru irakasgai egiteko aukera izango du izangaiak, baina ikaslearentzat egin nahi duen titulaziorako onuragarrienak diren gainditutako bi irakasgaitako notak baino ez dira hartuko kontuan. Irakasgai bat gainditutzat hartuko da, dagokion azterketan lortutako kalifikazioa 5 puntu (10etik) edo handiagoa bada. Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleek azterketa egiteko aukera duten irakasgaien zerrenda Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.

Kontuan izan behar da gainditutako irakasgai horietako puntuazioa haztatu egiten dela 0,1 edo 0,2 punturekin, egin nahi den graduko titulazioa zein den. Alde horretatik, NUPeko Gobernu Kontseiluak onetsi berri du haztapen taula berri bat. Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.

Borondatezko fasea gainditu izanak hura gainditu eta hurrengo bi ikasturteetan balioko du Unibertsitatean sartzeko. Beraz, ekainean BEUS probaren zati horretako azterketak egiten eta gainditzen dituztenek nota hori 2017-2018 eta 2018-2019 ikasturteetan erabiltzeko aukera izango dute.

Proba gainditu ondoren, ondoz ondoko deialdietara aurkezteko aukera izango du ikasleak kalifikazioa hobetzeko: nahitaezko fase osora (eta Batxilergoko beste modalitate bat eta atzerriko beste hizkuntza bat hautatzeko aukera dauka), borondatezko fasera edo bietara.

Informazio hau Nafarroako Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako zuzendari, irakasle eta orientatzaileei jakinarazi zitzaien lan saio batean. Saioan izan ziren Cristina Bayona Sáez (Ikasleak, Enplegua eta Ekintzailetza) eta Carmen Jarén Ceballos (Irakaskuntzak) errektoreordeak.