• ES
  • EU
  • EN


2018ko abenduaren 04a [Ikerketa]

NUP-eko ikertzaile batek saria irabazi du interferentziek hari gabeko sareei nola eragiten dieten ebaluatzen duen tresna batengatik

Peio López-Iturrik bere tesian garatutako metodologiari esker posible da jakitea zein den tokirik onena haririk gabe komunikatzen diren gailuak kokatzeko

zoomEspainiako Adimen Artifizialerako Elkartearen Konferentzian (CAEPIA) saritutakoak: Peio López-Iturri (2.a ezkerretik hasita), Jamal Toutouh (3.a ezkerretik hasita) eta Alfonso González Briones (4.a ezkerretik hasita). Ondoan, epaimahaikideak.

Espainiako Adimen Artifizialerako Elkartearen Konferentzian (CAEPIA) saritutakoak: Peio López-Iturri (2.a ezkerretik hasita), Jamal Toutouh (3.a ezkerretik hasita) eta Alfonso González Briones (4.a ezkerretik hasita). Ondoan, epaimahaikideak.

Peio López-Iturri Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Smart Cities Institutuko (ISC) telekomunikazio-ingeniari eta ikertzaileak 2018ko doktoretza-tesirik onenentzako bi sarietako bat irabazi du. Hiri Adimendunen Ikerketarako Espainiako CI-RTI Sareak banatzen ditu sari horiek, 2016ko urtarrilaren 1etik aurtengo abuztuaren 30era bitartean egindako lanen artean, eta Espainiako Adimen Artifizialerako Elkartearen Konferentziaren (CAEPIA) XVIII. edizioan eman ditu, Granadan. Sariak aitorpena eman dio López-Iturrik NUPen garatu duen metodologia berri bati, zeinak ebaluatzen baitu nola eragiten dieten interferentziek hari gabeko komunikazioei, eta, ondorioz, nola jakin zein tokirik onena haririk gabe komunikatzen diren gailuak kokatzeko.

Hain zuzen, Peio López-Iturrik bere tesian garatutako metodologia 3D Ray Launching simulazio-tresnan dago oinarrituta. Horrek aukera ematen du barnealdeetan (etxebizitzak, eraikinak, ospitaleak, geltokiak, kiroldegiak, merkataritza-guneak, industrialdeak...) uhin elektromagnetikoek espazioan izango duten hedapena kalkulatzeko, eta bidea ematen du jakiteko zein den tokirik onena sareko gailu harigabeak kokatzeko. Metodologia berri horrek erraztasunak ematen ditu gailu horiek behar bezala ipintzeko, bai eta, ondorioz, datuen transmisio-abiadura, gailuen energia-kontsumoa eta instalazioaren gastua optimizatzeko ere. NUPen irakurri du doktoretza-tesia, eta Francisco Falcone Lanas ISCko ikertzaile eta Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakaslea izan du zuzendari.

“Beste simulazio-tresna batzuek ere ematen dituzte irrati-hedapenaren estimazioak, baina 3D Ray Launching hau, osoki NUPen garatua egoteaz gainera, gai da, antzeko beste metodo batzuen aldean, emaitza zehatzak simulazio-denbora txikian emateko”, azaldu du ikertzaileak, tesian bikain “cum laude” kalifikazioa jaso duenak.

Hari gabeko sareak 5G-aren aldean

Hari gabeko sentsore-sareei eragiten dieten interferentzien ebaluazioa gai erabakigarri bat izango da, ingeniariaren iritziz, hari gabeko sentsoreen eta komunikazio-sistemen sare harigabeak instalatzeko orduan. “5G komunikazio-sistemak eta gauzen internet guregana iristearekin batera, aurreikusten da 2020. urtean 50.000 milioi gailu harigabe egongo direla munduan; pertsona bakoitzeko zortzi, batez beste. Kokaleku jakin batean transmisore batek igortzen duen potentzia nola banatzen den jakiteak aukera ematen du erradio-plangintza egokia egiteko”, adierazi du ikertzaileak.

Ingeniariaren arabera, beste tresna batzuekin alderatuta, berak garatutakoak eskaintzen dituen abantailetako bat gailu elektronikoek tamaina handiko inguruneetan igortzen duten potentzia kalkulatzeko gaitasuna da. Halaber, López-Iturrik azpimarratu duenez, bere metodologia berriaren bidez proposatzen duen erradio-plangintza hori espezifikoa da ingurune bakoitzean, “ezberdina baita ingurunearen morfologiaren eta topologiaren arabera, hots, pareten materialen, altzarien edo pertsonen presentziaren arabera, adibidez”.

Curriculum laburra

Doktoratu aurretik, Peio López-Iturrik Telekomunikazio Ingeniaritza, Ingeniaritza Medikoko Unibertsitateko Aditua eta Komunikazioetako Masterra egin zituen NUPen, ondoz ondo. Ikerketaren aldetik, zenbait interesgune landu ditu, hala nola erradio-hedapena, hari gabeko sentsore-sareak, komunikazio-sistemak eta potentziaren hari gabeko transmisioa.

2012az geroztik, ikertzaile lankide dihardu Nafarroako Unibertsitate Publikoan, enpresa batzuentzat produktuak eta teknologia garatzen dituzten zenbait proiektutan, esaterako hari gabeko sentsoreak ipintzen ospitaleguneetan eta haize-parkeetan, bateragarritasun elektromagnetikoaren analisia egiten trenbide-inguruneetan, eta lokalizazio-plataformak garatzen industrialdeetan, besteak beste.

Hiri Adimendunen Ikerketarako Espainiako CI-RTI Sarearen saria jaso duen beste ikertzailea Alfonso González Briones izan da, Salamancako Unibertsitatekoa. Gainera, Jamal Toutouh Malagako Unibertsitateko ikertzaileak irabazi du hiri adimendunei buruz egindako 2018ko Espainiako doktoretza-tesi onenaren saria, “Sensors” aldizkari zientifikoak babestutakoa, Espainiako Adimen Artifizialerako Elkartearen Konferentzian (CAEPIA).