• ES
  • EU
  • EN


[Ikerketa]

NUP eta Engineea nafar enpresa lokalizazio-sistema bat garatzen ari dira, eraikinen barruan zein kanpoan erabiltzeko

Proiektuak kontsumo txikiko teknologia baliatzen du, eta logistikan, ekipamenduen monitorizazioan eta marketinean aplika daiteke

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Mikrouhinen Osagaiak ikerketa-taldea eta Engineea nafar enpresa denbora errealean eta estaldura globalarekin funtzionatzen duen lokalizazio-sistema bat garatzen ari dira. Bluetooth Low Energy (BLE) izeneko kontsumo txikiko eta haririk gabeko teknologia digitala eta berariaz diseinatutako mikrouhin-hardware bat baliatzen ditu, eta toki itxietan zein irekietan erabil daiteke aldi berean. Proiektuak 373.970 euroko aurrekontua du, eta logistikan, ekipamenduen monitorizazioan eta marketinean aplika daiteke. Proiektu hau Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako Departamentuak finantzatu du, eta FEDER funtsekin kofinantzatu da.

Localiza izeneko proiektu honek 18 hilabete iraungo du, eta Israel Arnedo Gil NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakaslea du buru. Halaber, sail horri atxikita daude proiektuan parte hartzen duten gainerako ikertzaileak: Iván Arregui Padilla, David Benito Pertusa, Ibai Calero Fernández, Aitor Eguzkitza Diego, Luis Garijo Gutiérrez, Celia Gómez Jiménez, Miguel Ángel Gómez Laso, Txema Lopetegi Beregaña, Raquel Martínez de Espronceda Cámara, Cristian Martínez de Morentin Suescun, Jon Mikel Percaz Ciriza, Javier Sola Morrás, Fernando Teberio Berdún eta Iker Urío Echeverría, Mikrouhinen Osagaiak taldeko kideak guztiak. Aipatutako sailean nazioarteko bikaintasuna duten beste zenbait taldetan integratuta dago ikerketa-talde hori, eta 20 urte baino gehiagoko esperientzia dauka maiztasun handiko ezagutza argitaratzen, besterenganatzen eta ustiatzen.

NUPekin batera, Engineea enpresak ere ekimen honetan dihardu. Zazpi urte baino gehiagoko eskarmentuarekin, enpresak hasiera-hasieratik eduki dituen ezaugarri nagusiak izan dira berrikuntzaren alde apustu egitea, teknologiaren abangoardian kokatuta egotea eta NUPekin lankidetza estuan aritzea, zenbait hitzarmen sinatu baitituzte, eta horrek ahalbidetu du, besteak beste, Unibertsitate honetan ikasitako gazteak kontratatzea. Engineek hardwarea, softwarea eta komunikazioak diseinatzen, garatzen eta fabrikatzen ditu, eta konplexutasun teknologiko handiko garapenak egin izan ditu Acciona, Gamesa, El Corte Inglés taldea, Indra eta Kayaba enpresentzat, besteak beste.

Energia-kontsumo txikia

zoomNUPeko ikerketa-taldea. Goiko lerroan (ezkerretik eskuinera): Israel Arnedo Gil, Raquel Martínez de Espronceda Cámara, Miguel Ángel Gómez Laso, Fernando Teberio Berdún, Jon Mikel Percaz Ciriza, David Benito Pertusa, Iván Arregui Padilla eta Txema Lopetegi Beregaña. Beheko lerroan (ezkerretik eskuinera): Aitor Eguzkitza Diego, Luis Garijo Gutiérrez, Cristian Martínez de Morentin Suescun, Iker Urío Echeverría, Javier Sola Morrás, Ibai Calero Fernández eta Celia Gómez Jiménez.

NUPeko ikerketa-taldea. Goiko lerroan (ezkerretik eskuinera): Israel Arnedo Gil, Raquel Martínez de Espronceda Cámara, Miguel Ángel Gómez Laso, Fernando Teberio Berdún, Jon Mikel Percaz Ciriza, David Benito Pertusa, Iván Arregui Padilla eta Txema Lopetegi Beregaña. Beheko lerroan (ezkerretik eskuinera): Aitor Eguzkitza Diego, Luis Garijo Gutiérrez, Cristian Martínez de Morentin Suescun, Iker Urío Echeverría, Javier Sola Morrás, Ibai Calero Fernández eta Celia Gómez Jiménez.

Ikerketa Bluetooth Low Energy (BLE) haririk gabeko teknologia digital berrian oinarritzen da, eta, haren bidez, energia-kontsumo txikiko gailu elektronikoak konektatzen dira, seinalea hainbat hilabetetan zehar eten gabe; izan ere, ez da beharrezkoa bateriak maiz kargatzea, eta, bestela, botoi-pilen bitartez elika daitezke.

“Bluetootha komunikazio-estandar bar da, eta zenbait metroko estaldura duten haririk gabeko sareak hedatzeko balio du. Horri esker, hurbileko erradio batean dauden zenbait gailu elektroniko haririk gabe lot daitezke, hala nola mugikorrak, ordenagailuak, argazki-kamerak edo inprimagailuak, eta horrela informazioa truka daiteke haien artean sinkronizatuta daudenean —azaldu du Israel Arnedok—. Estandar hori behin eta berriz berrikusita, hobetuz joan dira datuen transmisio-abiadura eta estaldura, eta azken hori 100 metroraino irits daiteke”.

Normalean, Bluetooth teknologiak distantzia jakin bateko irrati-estaldura eskaintzen du, erabilitako transmisorearen potentziaren arabera. Estali beharreko distantzia zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoak dira transmisioaren potentzia eta kontsumitutako energia. Hain zuzen, konexio mota horrek terminalen autonomia asko murrizten jarraitzen du, ia-ia bateriak agortu arte.

Bluetooth Low Energy teknologiak, aldiz, energia-kontsumoa gutxitzen du, eta, hortaz, erabilitako irrati-seinalearen transmisio-potentzia minimizatzen du. “Sistema berri honek 100 metrorainoko irismena izan dezakeen seinale bat igortzen du, mikrouhinen azken etapa behar bezala diseinatzen bada. Horrek abantaila handia du, oso energia gutxi kontsumitzen baitu eta zenbait hilabetez edo are urtez igortzen jarraitzeko aukera ematen baitu, igorgailuaren edo hargailuaren bateria kargatu beharrik gabe. Gainera, gailu gehienek pila normalak erabiltzen dituzte, botoi-pilak esaterako, eta ez dute bateriarik behar”, erantsi du ikertzaileak.

Mezu pertsonalizatuak mugikorrean

Ezaugarri horietan oinarrituta, NUPeko eta Engineea enpresako ikertzaileak lanean ari dira denbora errealean eta estaldura globalarekin funtzionatzen duen lokalizazio-sistema bat diseinatzeko, garatzeko eta baliozkotzeko. Horretarako, “beacon” izeneko gailuak erabiltzen dituzte, nahikoa txikiak baitira produktuetan edo ekipamenduetan finkatuta geratzeko. “Beacon” horiek, aipatutako BLE konexioaren bidez, informazioa transmititzen dute gailu mugikor batera, hala nola telefono adimendun batera edo usnari finkoetara (“sniffers”), sinkronizatuta egon beharrik gabe. Informazio hori hodeian dagoen zerbitzari batera transmititzen da, interneten bitartez, eta modu horretan ahalbidetzen da informazioa prozesatzea eta azterketa xehatuagoak gauzatzea “beacon” horiek ematen duten lokalizazioarekin lotutako portaeren inguruan. Horri esker, enpresek beren produktuei buruzko datuak edo bezeroak segmentatzeko informazioa eskuratzen dute.

Marketinaz gain, beste sektore batzuek ere lortzen dute onura teknologia horren bidez, bezeroak lokalizatzen eta identifikatzen eta kontsumo-patroiak biltzen baititu. Era berean, erabilgarria da ekipoen garraioa lokalizatzen eta kudeatzen duten logistika-enpresentzat eta ekipoen egoera monitorizatzen dutenentzat. Oharrak jaso ditzake, adibidez, mantentze-lanen arloko enpresa batek merkataritza-gune bateko hozkailu bat hotza galtzen hasten denean, baita banaketa-enpresa batek ere, supermerkatu batean produkturik gabe gelditzen diren unean.

Sistema berriaren abantailak

“Sistema berriak abantaila handiak edukiko ditu egun daudenekin alderatuta; izan ere, eraikinen barruan zein kanpoan berdin-berdin erabili ahalko da. Halaber, gizakiok esku hartu gabe funtzionatuko du, eta guztiz autonomoa izango da; horrek esan nahi du ez duela instalazio-prozesu eta mantentze-lan konplexurik beharko. Gainera, edozein telefono adimendunetik kontrolatzeko aukera egongo da”, adierazi du Israel Arnedok.

Proiektu hau Nafarroako Gobernuak bere Espezializazio Adimendunaren Estrategian (RIS3) identifikatutako sektoreetako bitan kokatzen da, hots, fabrikazio aurreratuaren sektorean eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) sektorean.