• ES
  • EU
  • EN


2019ko maiatzaren 09a [Ikerketa]

NUP-eko ikerketa batek auzitan jarri du multinazional handien zerga-arriskuak identifikatzeko espainiar arauketa

Talde handien higadura-arriskuak identifikatzeko Herrialdekako Informazioa “ez dago behar bezala antolatuta”, Rebeca J. Ibáñez-en tesiaren arabera.

zoomRebeca J. Ibáñez García, NUPeko doktore berria.

Rebeca J. Ibáñez García, NUPeko doktore berria.

Herrialdekako Informazioa enpresa multinazionalek zergak ez ordaintzea eragozteko eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) bultzatutako tresna bat da. Informazioa emateko betebehar hori 2015etik dago indarrean Espainian eta “ez dago behar bezala antolatuta sortua izan zen xederako: Estatuen artean talde multinazionalen barruan zergak ordaintzea saihesteko arriskuak identifikatzea”. Rebeca J. Ibáñez García Zuzenbidean lizentziadunaren (Salamanca, 1987) doktoretza-tesiaren ondorioetako bat da hori. Doktoretza-tesia Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurria da. Gainera, ikertzailearen iritzian, neurri berritzaile horrek erabilgarritasun “txikia” du gure zerga-agintarientzat. Praktikan, erabilgarritasun hori honetara murrizten da: “multinazionalen zerga-egoerari buruzko informazioa automatikoki trukatzen duten eta informazio hori ez duten edo informazioa eraginkortasunez eta modu efizientean kudeatzeko nahikoa baliabide ez duten jurisdikzioentzat lagungarri izatea”.

“Merkataritzako eragiketen eta nazioarteko negozioen kopuru handiena talde multinazional handien barruan egiten da —azaldu du Rebeca J. Ibáñezek. Bere doktoretza-tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du eta Hugo López López INARBE Institutuko ikertzaile (Institute for Advanced Research in Business and Economics) eta NUPeko Zuzenbide Saileko irakasleak zuzendu du—. Errealitate horri esker beren egitura eta jardunbide globala antolatu dituzte zerga-ikuspegi batetik, halako eran non zerga-planifikazioko politikak ezartzen baitituzte beren zerga-karga globala ahalik eta gehien murrizteko, eta horrela taldeko kide diren entitateen sozietateen gaineko zergaren oinarria higatzen dute. Aipatzekoa da bereziki talde horien transferentzia-prezioen politika”.

Enpresen merkataritzako jardunbidean, mozkin marjina nahikoa lortzeko bidea ematen duten prezioak ezartzen dira. Alabaina, eragiketa jakin batzuetan, esku-hartzaileek salgaien edo ematen dituzten zerbitzuen salmenta prezioak manipulatu ditzakete,  transakzio horiek elkarrekin lotutako entitateen artean egiten baitira.  Esaterako, talde multinazional handi baten entitateen artean. Kasu horietan, enpresa batek merkatukoa ez den prezio batean sal diezaioke beste bati, dela prezio handiagoan, dela txikiagoan.

Merkatu-balioko prezioak

Elkarrekin lotutako enpresen arteko prezioak aldatzea eragozteko, transferentzia-prezioei buruzko araudia aplikatzen da. Araudiaren printzipio nagusia hau da: merkatu-balioa izango da elkarrekin lotutako alderdien arteko transakzioetan ezarri behar den prezioa  (“arm’s length principle”). Munduko ekonomia gehienek onartu dute printzipio hori, eta, bereziki ELGAko herrialdeek. Transferentzia-prezioei buruzko jarraibideak eta doktrina ezarri ditu erakunde horrek. Zehazki, Herrialdeka Informatzeko Betebeharra (“Country by Country Report” edo CBC)  zerga-oinarriaren higaduraren eta mozkinen lekualdatzearen aurkako jarduera planaren 13. ekintzan dago jasota 2013az geroztik (BEPS jarduera plana, ingelesez dituen siglak aintzat hartzen badira). Herrialdekako Informazioaren aitorpena zerga-administrazio eskudunetan aurkeztera behartuak daude enpresa multinazional handiak. Horretaz gainera, jurisdikzioen araberako informazio gehigarria aurkeztu behar dute, besteak beste, honako hauei buruzkoa: diru-zergak, zergak ordaindu aurreko mozkinak eta beren jarduerak garatzen dituzten estatuetako bakoitzean urtero sortutako eta ordaindutako sozietateen gaineko zergak.  Merkataritza-talde baten transferentzia-prezioen politikaren arriskuak ebaluatzeko tresna baliagarria izan daiteke Herrialdekako Informazioaren aitorpena.

Zerga-informazioa trukatzea

ELGAren BEPS Jarduera Planaren bidez “talde multinazionalaren barruan higadura-eragin hori non gertatzen den identifikatzeko neurriak hartu dituzte hainbat jurisdikziok, Espainiak barne”. “Zehazki, gure jurisdikzioak Herrialdekako betebeharra edo CBC onartu du tamaina handiko talde multinazional batzuen balio-kateari buruz informatzeko. Beste jurisdikzio batzuekin automatikoki trukatzeko —edo haiengandik jasotzeko— tresna batzuekin osatu da araudi berria. Helburu bikoitzarekin ezarri da arau multzo hori. Batetik, talde multinazional handien barruko higadura-arriskuak eraginkortasun handiagoz identifikatu nahi ditu. Bestetik, zergadun handien talde zehatz hori ikuskatzera bideratutako baliabideak optimizatu nahi ditu”,  esan du Rebeca J. Ibáñezek.

Alabaina, doktoretza-tesiaren egilearen arabera herrialdeka informatzeko betebeharrak (CBC), “ELGAren arau-estandarrari,Transferentzia Prezioei buruzko Gidaren barruan mundu guztiak onetsitakoari, ñabardurekin jarraituz betetzen bada ere”, nolabaiteko aldaketa dakar sozietateen gaineko zergara talde multinazionalen errealitateari buruz. Rebeca J. Ibáñezen iritzian, neurriak “sozietateen gaineko zergaren araudi-aldaketa bat babesten duela ematen du talde horiek unitate ekonomiko aipagarri gisa aztergai dituen sistema baten alde, zergaren arau indardunen arabera zergapetutako entitate bereizietan arreta jarri ordez”. “Hala ere —gehitzen du—, CBC betebeharraren egungo osaerak formuletan oinarrituta zerga-zorra zehazteko datu garrantzitsuak jasotzen baditu ere —‘formulary apportionment’—, Espainian indarrean den CBC araudiko irizpide batzuk formula horietako erabilitakoetatik aldentzen dira, eta, bereziki, EBko sozietateen gaineko zergaren oinarriari buruzko araudi-proposamenetik  —I. fasea—. Proposamena 2016an sartu zen berriro indarrean”.

“Finean, CBC tresna eta lehen urrats bat da sozietateen gaineko zerga harmonizatzeko nazioz gaindiko esparruan, edo, hizkera arruntean esaten denez, atzeko atetik hasteko harmonizazio prozesu bat. Nolanahi ere, bere konfigurazioak ez du modurik ematen indarrean den sozietateen gaineko zergarentzat aipagarriak diren zerga-arriskuak identifikatzeko, eta, horrenbestez, CBC araudiari berariaz aitortutako xedeak betetzeko”, azaldu du.

“Informazio-betebehar berriaren ez-betetzeen aurrean” Espainiako ordenamendu juridikoko zehapen-araubidearen “eraginkortasunik eza” kritikatzen du ikerketaren egileak, eta honako hau proposatzen du: “zehapen-araubide eraginkor bat, gure ingurune juridikoko beste herrialde batzuetan egin den ezarpenaren antzekoa”.

Ikerketa-proiektu honen esparruan garatu da doktoretza-tesia: “Obtención e intercambio de información en la lucha contra el fraude y la evasión fiscal: equilibrio entre potestades administrativas y derechos de los obligados tributarios (DER2016-78929-P)”. Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatu du ikerketa-proiektua, eta tesiaren zuzendaria da ikertzaile nagusia.

Curriculum laburra

NUPen doktoretza titulua lortu baino lehen, Rebeca J. Ibáñez Zuzenbidean lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean (2009). 2010. urteaz geroztik, Iruñeko Abokatuen elkargoko abokatua da (MICAP).

2012an, Nafarroako Gobernuarekin lehian, beka bat lortu zuen, eta Merkataritza Zuzenbideko eta Negozioetako Master bat egiteko bidea eman zion Manchesterreko Unibertsitatean (Erresuma Batua, 2013).  Ikasketak amaitu eta gero, Foru Komunitatera itzuli zen NUPeko bere doktoretza-programan arduraldi osoan aritzeko.

Halaber, bere ikerketak nazioartean izan duen garrantzia dela-eta, zenbait biltzarretan parte hartu du atzerrian, eta ikerketa-egonaldiak egin ditu Amsterdameko International Bureau for Fiscal Documentation zentro ospetsuan (Herbehereak).