• ES
  • EU
  • EN


[Erakundeak]

Britainia Handiko Reprieve GKE-ari eman diote NUPen 2016ko Jaime Brunet Nazioarteko Saria, Giza Eskubideak sustatzeagatik

Clive Stafford Smith Reprieveren sortzaileak hartu du saria Nafarroako agintariak eta unibertsitateko komunitateko kideak bildu dituen ekitaldi batean

Dokumentazio gehigarria:

 
zoomClive Stafford

Clive Stafford

Clive Stafford Smithek, Britainia Handiko Reprieve gobernuz kanpoko erakundearen sortzaileak, jaso du gaur, 2017ko martxoaren 8an (astelehena), Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Jaime Brunet Nazioarteko Saria, Giza Eskubideak sustatzeagatik. Ekitaldia Iruñeko Arrosadiko campuseko Errektoretzako eraikinean izan da, eta Iruñeko Orfeoiko Eskolaniak girotu du musikaz. Alfonso Carlosena errektorea izan da ekitaldiko burua, eta bertan izan dira Foru Komunitateko agintari gorenak ere.

Alfonso Carlosenak eman du saria, Jaime Brunet Fundazioko burua ere bada eta. Ekitaldian, toki nabarmena izan dute, halaber, Ainhoa Aznárez Igarza Nafarroako Parlamentuko buruak eta Joaquín Mencos Doussinague Jaime Brunet Fundazioko presidenteordeak. Anna Yearley Reprieveren zuzendari exekutiboa ere ekitaldian izan da. Epaimahaiaren erabakia eta erakunde saridunaren merituak 2016ko abenduaren 9an eman ziren ezagutzera, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, hain zuzen ere.

Reprieve erakundearen lanaren aitortza

Saria 36.000 eurok eta Carlos Ciriza eskultorearen artelan batek osatzen dute. Sari-banaketan, errektoreak Reprieve erakundearen eta haren sortzaile eta zuzendariaren lana eta konpromisoa azpimarratu ditu. Izan ere, Estatu Batuetan heriotza-zigorrari aurre egin behar dieten 300dik gora lagun defendatzeko eta Guantanamoko Badiako presondegian kartzelaratutakoen oinarrizko eskubideak bermatzeko lan egiten du Reprieve erakundeak. Carlosenak goraipatu egin du erakundea “beren burua laguntzarik gabe defendatu ezin duten kaleratutakoen edo baztertutakoen ordezkari bihurtu izana, eta horretarako botereari aurre egin izana”, justizia-auzitegietan eta iritzi publikoaren eztabaidaguneetan haien alde borrokatuz. Horrez gainera, azpimarratu du Reprievek etengabe salatu dituela Estatu Batuetako “terrorearen kontrako gerra” (“war on terror”, ingelesez) delakoaren ondoriozko eskubide-urraketak eta heriotza-zigorra, eta nekezago bihurtu duela injekzio hilgarria aplikatzea.

Stafford jaunak, bestalde, esan du “ohore handia dela beretzat” saria jasotzea, eta Europan eta Estatu Batuetan giza eskubideak zer egoeratan dauden gogorarazi du. Gainera, espero du Europan xenofobiak gora egin izana eta Estatu Batuetan Donald Trump presidente hautatu izana lagungarriak izatea oinarrizko eskubideen alde borrokatzeko. Halaber, gogora ekarri du Reprieveren historiaren 18 urteko ibilbidea, heriotza-korridorean dauden presoen defentsa, eta Guantanamokoen alde –738 presori lagundu die– eta dronek erasotutako biktimen alde egindako lana. Bukatzeko, Kris Maharaj britainiarraren kasua azaldu du xehetasunez. Izan ere, lehenik heriotza-zigorra eta geroago biziarteko kartzela-zigorra ezarri zioten Estatu Batuetan erailketa leporatuta. Stafford jaunak berak defendatzen du akusatua, eta errugabea dela frogatzeko borroka eta presoaren familiaren sufrimendua deskribatu ditu ekitaldian.

Ekitaldi instituzionaleko parte-hartzaileak

Aipatutakoez gainera, ekitaldian izan dira María Solana Arana, Hezkuntzako kontseilaria eta Gobernuko eleduna; Ana Ollo Hualde, Erakundeekiko eta Hiritarrekiko Harremanetarako kontseilaria;  Joseba Asiron Saez, Iruñeko Udaleko alkatea, Francisco Javier Enériz Olaechea, Nafarroako arartekoa, eta Esther Erice Martínez, Nafarroako Probintzia Auzitegiko presidentea, ere. Horiez gain, ezin aipatu gabe utzi Nafarroako zenbait parlamentari, Foru Gobernuko zuzendari nagusi batzuk, eta Hezkuntzaren Goi Ikuskaritzako, Eskola Kontseiluko, Desgaitasuna duten Pertsonen Ordezkarien Nafarroako Batzordeko (CERMIN) eta Nafarroako Kutxaren Fundazioko ordezkariak.

Ekitaldira hurreratu dira, halaber, Jaime Brunet Fundazioko eta NUPeko ordezkariak, esaterako, Julio Lafuente López errektore ohia, zuzendaritza taldeko ordezkariak, Gizarte Kontseilukoak, Ikasleen Kontseilukoak, eta ikastegietako arduradunen eta sailetako, katedretako nahiz arloetako zuzendarien zenbait ordezkari.

Gaur goizean hasi dute Reprieve erakundeko ordezkariek Iruñeko bisita, Nafarroako lehendakari Uxue Barkosek harrera egin dienean, eta bihar (asteartea) bukatuko da, Zuzenbide eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradu bikoitzeko lehen ikasmailako ikasleei hitzaldia eman ondoren. 

Galeria de fotos


Jaime Brunet saria emateko ekitaldia: Reprieve

  • Clive Stafford Smith, Reprieve gobernuz kanpoko erakundearen sortzailea, saria jasotzean esker ona erakusteko eman duen hitzaldian.
  • Alfonso Carlosena errektorearen hitzaldiaren une bat.
  • Clive Stafford Smith, sariarengatik eskerrak ematen.
  • Nafarroako agintari gorenak Errektoretzan egin den ekitaldira joan dira.

Ikusi argazkiak