• ES
  • EU
  • EN


[Erakundeak]

Latinoamerikarako eta Europarako Telescopi sareak NUP-eko zuzendaritza- eta kudeaketa-praktika on bat aintzatetsi du

Kanpoko 80 eragilek graduen edukia eta tituludunek unibertsitatetik ateratzean eskuratzen duten profila balioetsi dituzte 

zoomPraktika onean parte hartu duten NUPeko langileak. Ezkerretik eskuinera: Juan Gallego, Unibertsitate-Gizarte Fundazioko Enplegu Zerbitzuko arduraduna; Piedad Muelas, Antolamendu, Kalitate eta Prozesuetarako Zerbitzuko zuzendaria; David Benito, Hezkuntza Berrikuntzaren Ikastegiko zuzendaria; Carmen Jarén, Irakaskuntzako errektoreordea; Santiago Irarburu, Gizarte Kontseiluko idazkaria; eta Inma Farrán, Tituluen Kudeaketako eta Kalitate Arloko zuzendaria.

Praktika onean parte hartu duten NUPeko langileak. Ezkerretik eskuinera: Juan Gallego, Unibertsitate-Gizarte Fundazioko Enplegu Zerbitzuko arduraduna; Piedad Muelas, Antolamendu, Kalitate eta Prozesuetarako Zerbitzuko zuzendaria; David Benito, Hezkuntza Berrikuntzaren Ikastegiko zuzendaria; Carmen Jarén, Irakaskuntzako errektoreordea; Santiago Irarburu, Gizarte Kontseiluko idazkaria; eta Inma Farrán, Tituluen Kudeaketako eta Kalitate Arloko zuzendaria.

Kataluniako Unibertsitate Politeknikoak koordinatzen duen Latinoamerikako eta Europako uunibertsitateen zuzendaritza estrategikoko praktika onen behatokien Telescopi sareak praktika on gisa aintzatetsi ditu “ingurune horretako profesionalek Nafarroako Unibertsitate Publikoko titulazioei buruz egiten duten balioespena eta horiek hobetzeko gomendioak”, gizarte- eta ekoizpen-ingurunera irekitzeagatik. Hori dela eta, unibertsitatea Telescopi Espainia plataforman eta Kudeaketa Bikaintasunaren Klubean (Espainiako enpresa garrantzitsuenetako 21 exekutibo nagusik osatutako elkartean) sartu da, eta Telescopi sareak aurtengo uztaila eta iraila bitartean antolatuko duen nazioarteko ebaluazioan ebaluatuko da.

Ekintza hura NUPeko errektoretza taldeak zuzendu zuen 2015 eta 2016 bitartean, eta, haren bidez, eskainitako titulazioen esparruko profesional jakin batzuek (gehienak praktiketako ikasleak edo tituludunak hartzen dituzten enpresetakoak eta bestelako instituzioetakoak) horiek balioetsi zituzten. Ondorioen artean, nabarmentzekoa da inkestan parte hartutako pertsonen % 72k iritzi zutela prestakuntzaren eta lan-munduaren eskakizunen artean erabateko egokitasuna lortzen dela. Gainera, pertsonen ehuneko horren % 17k “bikaintzat” jo zuen egokitasun hori. Era berean, oso balioespen positiboa eman zuten ikasleek gaitasun horiek eskuratzeari dagokionez, 5etik 3,9ko puntuazioa eman baitzioten item horri. Hobekuntzarako gomendioei eta aukerei dagokienez, ingelesaren ikaskuntzan eta trebakuntzan sakontzeko beharra adierazi zuten batez ere, eta NUP alderdi horren aldeko apustua egiten ari da, bere nazioarteko programetan eta English Learning Programme izenekoan ikus daitekeen moduan.

Berriki praktika ontzat hartutako lan-metodologia hori diziplina anitzekoa izan zen eta graduko titulu bakoitzari buruzko informazio-hitzaldietan oinarritu zen, parte-hartzaileei zehaztasunez azaltzeko tituluak eskaintzen dituen irakaskuntza-edukiak, ebaluazio-metodologiak, gaitasunak, praktikak edota mugikortasuna. Ondoren, azaldutakoari buruzko eztabaida bat egin zen, eta, bukatzeko, balioespen-inkesta bat. 2015az geroztik NUPeko 70 profesionalek eta kanpoko 80 eragilek hartu dute parte esperientzia horretan, eta 5etik 4,7ko balioespena eman zioten topaketa horiek antolatzearen erabilgarritasunari. Horrez gain, % 92ri positiboa iruditu zitzaion etorkizuneko unibertsitate-tituludunaren profilaren diseinuan eta ebaluazioan parte hartu ahal izatea.

Azpimarratzekoa da ekimen hori, NUPeko Kalitatea Bermatzeko Barne Sisteman sartutakoan sistematizatu bada ere, 2008az geroztik gauzatu izan dela eta dagoeneko masterreko tituluen balioespenera ere zabaltzen hasia dela.

Telescopi sarea

Telescopi sarearen xedea praktika onak hautatzea, zabaltzea eta elkar trukatzea da, Espainiako eta Latinoamerikako goi-mailako hezkuntza-instituzioei irekitako plataforma baten bitartez, eta hala alor horretako nazioarteko adituek instituziook ebaluatzen dituzte, European Foundation of Quality Management (EFQM) fundazioak ezarritako bikaintasun-irizpideei jarraikiz.

Hauek dira gai-arloak: lidergoa, pertsonak, politikak eta estrategiak; aliantzak eta baliabideak; eta, azkenik, prozesuak eta emaitzak. Helburua da instituzioek eta beren liderrek bikaintasun-kulturarekiko konpromisoa eta erakundearen xedea eta ikuspegia zabaltzeko konpromisoa adieraz dezatela, bai eta pertsonen ezagutza eta ahalmena kudeatzeko ekintzak aurrera eraman ditzatela ere. Era berean, baliabide erabilgarriak kudeatzeko modua hobetu nahi da, bai eta prozesuak, produktuak eta zerbitzuak hobetzeko aplikatzen diren metodoak eta erakundeaz kanpoko interes taldeekiko integrazioa lortzeko modua ere.