• ES
  • EU
  • EN


[Ikerketa]

NUP-eko ikertzaile batek 0,001 gradu baino gutxiagoko tenperatura aldaketak neurtzen dituen zuntz optikoko sentsoreak garatu ditu

Daniel Leandro telekomunikazio ingeniariak aipatu teknologiaren kostua merkatu du, gailu horietako batzuk sare bakarrean sartuz

zoomDaniel Leandro González ingeniaria, NUPeko doktore berria.

Daniel Leandro González ingeniaria, NUPeko doktore berria.

Daniel Leandro González (Irunberri, 1984) telekomunikazio ingeniariak  eta Smart Cities Institutuko (ISC) kideak tenperatura maila guztiz zehatzak (baita 0,001 ºC-ko aldaketak ere) neur ditzaketen  zuntz optikoko sentsoreen sare berriak garatu ditu. Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako doktoretza tesian jasotako aurrerapen teknologiko horrek beste zenbait abantaila ere baditu, hala nola sentsore bakoitzeko kostua jaistea, gailu asko sartu baitira zuntz optikoko sare bakar batean.

“Gaur egun, mota desberdineko sentsoreak ia esparru guztietan aurki daitezke, hala nola industrian, automobilgintzan, eraikuntzetan edo kontsumorako elektronikan —azaldu du Daniel Leandrok. Bere doktoretza tesia Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko Manuel López-Amo Sainz eta Silvia Díaz Lucas irakasleek zuzendu dute—. Eguneroko bizitzan duen garrantziaren erakusle dira smartphoneak, hamar sentsore baino gehiago baitituzte. Zenbait parametro monitorizatzeko edo ezaugarri gehiago txertatzeko beharra handituz doa —azken batean, sentsore berriagoak eta hobeak sortzeko beharra—, eta horrek teknologia berrien eta, zehazkiago, zuntz optikoaren aplikazio eremua handitzea ekarri du, telekomunikazioaren esparrutik “sentsorika” izendatu den esparrura.

Zuntz optikoko sentsore bat gailu gisa definitu daiteke, zuntz optikoarekin egindakoa, eta argi-parametro baten edo gehiagoren modulazioan neurtu nahi den parametroaren (fisikoa, kimikoa edo biologikoa) kanpo aldaketak transmititzen dituena. Aipatu aldaketak bariazioak neurtzen dituen detektagailu batek jasotzen ditu azkenik.

“Zuntz optikoko sentsoreak ohiko sentsoreek dituzten mugak gainditzeko irtenbide malgu gisa gailendu dira —aipatu du egileak—. Adibidez, zuntz optikoa geldoa da kimikaren ikuspegitik, eta elektromagnetikoki pasiboa. Hori dela eta, ingurune leherkorretan lan egin dezake, erregai-tangetan edo gasbideetan adibidez, edota eremu elektromagnetikoan edo erradiazio bizia dutenetan. Zuntz optikoko sentsoreen beste ezaugarri garrantzitsu bat da trinkoak, txikiak eta arinak direla. Gainera, hainbat sentsorek distantzia handietan burutu dezakete monitorizazioa —ehunka kilometroko distantzian—, eta hori bereziki interesgarria da egitura handietan sartu diren sentsoreen kasuan, zubietan, tuneletan edo oliobideetan adibidez.

Segurtasunetik espaziora

Ezaugarri horiekin guztiekin, zuntz optikoak “hautagai ezin hobeak dira makina bat aplikaziotarako, bereziki segurtasunarekin erlazionatutako horietarako, adibidez egitura handien egitura-osasuna monitorizatzeko (instalazio nuklearretan, tuneletan, oliobideetan edo gasbideetan, besteak beste), baita beste esparru batzuetan aplikatzeko ere: aeroespaziala, geoteknia, meatzaritza edo gasen detekzioa, besteak beste”.

Daniel Leandroren doktoretza tesiak bikain cum laude kalifikazioa lortu zuen nazioarteko aipamenarekin, eta zuntz optikoko sentsoreen multiplexaziorako eskema berrien garapenean ardaztu da.“Multiplexazio hitzarekin hainbat sentsore sare bakar batean sartu direla adierazi nahi dugu. Horren helburua da beharrezkoa den ekipamendua partekatzea galdeketarako, argi iturriarena, kanal edo hargailuarena, edo horietako batzuena nahiz guztiena. Sare bakar batean sentsoreen multiplexazioaren ondorio nagusia da sistema guztia merkatzen dela, ekipamendua partekatzen duelako, eta, hori dela eta, sentsore bakoitzaren kostua gutxitu egiten da”, gaineratu du Daniel Leandrok. Tesia egiten zuen bitartean, City University London unibertsitatean (Erresuma Batua) ikerketa egonaldia egin zuen.

Curriculum laburra

Daniel Leandrok Telekomunikazio Ingeniaritza eta Komunikazio Masterra egin zituen NUPen ondoz ondo, doktoretza tesia defendatu baino lehen. Bere tesia Komunikazio Optikoei buruzko Ikerketa Taldean garatu zuen, arestian aipatu Manuel López-Amo katedradunak zuzentzen duen taldean.

Tesia defendatu baino lehen, doktore berriak 12 artikulu argitaratu zituen aldizkari zientifiko indexatuetan (horietako bederatzi, egile nagusi gisa), eta bere ikerketa-lanak nazioarteko eta nazio mailako biltzar eta bileretan aurkeztu zituen (zehazki, 18 komunikazio, hitzaldiak eta posterrak barne).

Gainera, zenbait ikerketa-proiektutan parte hartu du Industria eta Lehiakortasun Ministerioaren Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko eta Berrikuntzako Estatu Planaren finantzaketarekin, baita Europa mailako lankidetza eduki duten beste batzuetan ere.

Halaber, Telekomunikazio Ingeniaritzari amaiera eman zion ikasketen amaierako proiektua bitan saritu zuten 2011. urtean; alde batetik, Hezkuntza Ministerioak deitutako Ikerketa Zientifikorako Sarrerako Arkimedes Saria jaso zuen, 12.000 eurokoa, eta, beste alde batetik, Telekomunikazio Ingeniarien Elkargo Ofizialak kategoria horretan ematen duen ikasketen amaierako proiektu hoberenaren saria eman zioten.