• ES
  • EU
  • EN


[Argitalpenak]

NUP-en "Huarte de San Juan. Geografia eta Historia" aldizkariak Nafarroako liburutegi historikoei eskaini die azken alea

Ángel García-Sanz katedradunak zuzendutako argitalpenak omenaldia egiten dio, halaber, Carlos Forcadell historialariari, erretiroa hartu duelako

zoom"Huarte de San Juan. Geografia eta Historia" aldizkariko azken zenbakiaren azala, NUPek argitaratua.

"Huarte de San Juan. Geografia eta Historia" aldizkariko azken zenbakiaren azala, NUPek argitaratua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak “Huarte de San Juan. Geografia eta Historia” aldizkariaren ale berri bat argitaratu berri du Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatearen bidez. Azken ale horretan, Nafarroako liburutegi historikoei buruzko dosier bat dago, eta Carlos Forcadellen (Zaragoza, 1946) bi azalpen biografiko, Zaragozako Unibertsitateko Historia Garaikideko katedradunak erretiroa hartu duela medio. Argitalpena doan eskura daiteke Unibertsitatearen Academica-e online erakunde-biltegian.

Dosierrean, Aro Modernoko eta Aro Garaikideko Nafarroako zenbait liburutegiren historiari buruzko sei artikulu daude. Artikulu batean, Roberto San Martínek Foru Erkidegoko liburutegi pribatu garrantzitsuenetako bat aztertu du: José María Azcona (1882-1951) eruditu eta liburuzalearena. Tafallan dago liburutegia, eta 8.419 obra ditu, 11.429 liburukitan.

Beste artikulu batean, Javier Itúrbidek Juan Francisco Garísoian (1695-1750) Argien Mendeko iruindar merkatari aberatsaren liburutegia du hizpide. Espainian, Europako beste herrialde batzuetan eta Amerikan negozioak zituen, liburuarena barne, eta. XVIII. mendean, 372 obra (520 liburuki) bildu zituen. Artikulugilearen esanean, “Nafarroako Erresumako hiriburuan gora zihoan merkataritza-burgesiaren kide gailen baten jakin-nahiak islatzen dituzte obrek, Antzinako Erregimeneko nonahiko erlijiozaletasunaren eta Ilustrazioko jakin-minaren artean dabiltzan interesak, alegia”.

Miguel Larrambeberek, aldiz, 1777an fundatutako hezkuntza-erakunde bat, hots, Iruñeko San Miguel Kontzilio Seminarioa eta hango liburutegia aztertu ditu. Gaur egun, 136.000 liburuki ditu, eta antzinako funtseko 1.200 ale baino gehiago (inkunableak, postinkunableak eta antzinako liburuak).

Olóriz eta huartearrak

Nafarroako historialari Hermilio de Olórizen (1854-1919) liburutegiaren inbentarioa gorago aipatutako Roberto San Martínek eta Ignacio Panizok egin dute. Azken horrek “naufragio baten lekukoak” deritzenak aztertu ditu. NUPeko Liburutegiko Antzinako Funtsean gordeta dauden Huarte familiaren liburutegiko obrak dira. Ignacio Panizok familia horren 562 obra inprimatu identifikatu ditu. José María Huarte y Jáuregui (1898-1969) historialaria izan zen Huarte familiako kide nagusietako bat.

Azkenik, Fernando Reguerasek “Noticia de un libro y una revista de biblioteca de Iturralde y Suit” izeneko artikulua idatzi du. Arkitektura-liburu frantses bat eta Historiaren Errege Akademiaren Aldizkariaren zenbaki batzuk ematen ditu ezagutzera, zeinek Iruñeko Iturralde y Suit (1840-1909) historialariaren “ex libris” jabetza-marka baitute.

Bestalde, Carlos Forcadell katedradun erretiratu berriari dagokionez, haren katedrakide Eloy Fernándezek historialariari buruzko iruzkina egin du: “Evocaciones sobre Carlos Forcadell”. Historialariari egindako omenaldia Zaragozako Unibertsitateko beste hiru irakaslek osatu dute, Carmen Fríasek, Pedro Rújulak eta Alberto Sabiok, “Tejiendo redes de historia. Carlos Forcadell en la Historia Contemporánea” artikuluarekin.

Napoleonen okupaziotik Pedro Manterolaren garairaino

Aldizkariaren azken aleak beste bi azterlan ditu: Francisco Mirandaren “Balance historiográfico y aportaciones científicas del Bicentenario de la ocupación napoleónica de Navarra, Aragón, Álava y La Rioja” eta Emilio Matuteren “La dimensión intelectual de Pedro Manterola”. Azken artikulu horren aztergaia Pedro Manterola margolari zendua da, unibertsitateko irakasle, arte-kritiko, Jorge Oteiza Museo-Fundazioaren zuzendari eta presidente eta NUPeko Oteiza Katedraren zuzendari izan zena.

Azkenik, doktoretza-tesi bati (Jesús A. Balduz Callejaren tesiari) buruzko albiste bat eta sei libururen iruzkinak biltzen ditu aldizkariak.