• ES
  • EU
  • EN


2013ko irailaren 24a [Nazioarteko harremanak]

NUPek deialdia ireki du 2013-2014 ikasturterako Prestakuntza Solidarioko Programaren 44 ikaspostu betetzeko

Ikasleek 3 eta 6 hilabeteren arteko egonaldiak egin ahalko dituzte, lankidetza proiektuetan parte hartzeko, Latinoamerikan, Afrikan eta Ekialde Hurbilean

Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2013-14 ikasturteko Prestakuntza Solidarioko Programan izena emateko epea ireki du. Programak, edizio honetan, 44 ikaspostu eskaintzen ditu. Prestakuntza Solidarioko Programa NUPen ekimen berekia da, eta Garapenerako Unibertsitate Lankidetzaren barnean sartzen da. Unibertsitate komunitateko kideen artean elkartasuna eta garapenerako lankidetzaren balioak sustatzea du xede, nazioarteko lankidetzaren esparruan prestakuntza profesional praktikoa eskaintzearekin batera. Deialdi honetako berrikuntza nagusia da energia berriztagarriei buruzko proiektuetarako bi ikaspostu daudela Nablusen (Palestina).

Programa El Salvadorren, Bolivian, Perun, Mozambiken, Ekuadorren, Kuban eta Palestinan garatuko da, eta eskainitako ikaspostuetatik 30ek beka izango dute. Eskaerak aurkezteko epea datorren urriaren 30ean bukatuko da, eta interesdunek honako helbide honetan ikusiko dituzte oinarriak, baita eskaera bat jaitsi ere: http://www.unavarra.es/relacionesinternacionales/

Deialdi honetako bekak honako ikasle hauei daude zuzenduak: 2013-14 ikasturtean matrikulatu diren edo Karrera Amaierako Proiektua egiteko eta defendatzeko duten (Ingeniaritzako titulazioen kasuan) edo Master Amaierako Proiektua egiteko duten Nafarroako Unibertsitate Publikoko Lehen eta Bigarren Zikloetako, Graduko eta Masterreko ikasleak.

Balioespen batzorde batek eskaerak aztertuko ditu, izangaien errendimendu akademikoa kontuan hartuz, baita garapenerako nazioarteko lankidetzan eta gizarte boluntariotzaren arloan daukaten esperientzia eta prestakuntza ere. Horrez gainera, aukeratutako pertsonek nahitaezko prestakuntza ikastaro batean parte hartu beharko dute urritik abendura bitartean. Ikastaro honen bidez 2 kreditu akademiko aitortuko dira.

Ikasleak beren helburu-herrialdeetara hiru eta sei hilabeteren arteko epe baterako joango dira, praktikak edo ikasketak amaierako proiektuak lankidetza-proiektu baten barruan egiteko. Proiektua lankidetzan gauzatzen da proiektuak burutzen diren herrialdeetako unibertsitate batzuekin, gobernuz kanpoko garapenerako erakunde batzuekin eta lankidetzarako nazioarteko beste agentzia batzuekin batera. Egonaldiak 2014. urtean zehar egingo dira, Pinar del Ríoko Unibertsitatearekin (Kuba) eta An Nijah Unibertsitatearekin (Palestina) hitzartutako ikaspostuen kasuan izan ezik, horiek 2015. urtearen lehen hiruhilekora arte luzatu ahalko direlako.

Egonaldia amaitzean, ikasleek, egindako jardueraren oroitidazkia aurkeztu behar dute. Gainera, bidaia-gastuetarako laguntza edukiko dute, gaixotasun aseguru osoa eta hileko laguntza ekonomikoa, ostatu eta mantenurako.