• ES
  • EU
  • EN


2019ko martxoaren 18a [Ikerketa]

Gehiegizko pisua edo gizentasuna duten adingabeek edari azukredunak edaten badituzte, gibelean gantz kantitate gehiago metatzen dute

NUPeko IS-FOOD Institutuko ikertzaileek bizitza osasungarrirako hezkuntza programak sustatu nahi dituzte, freskagarri horiei buruzko oharrak dituztenak

zoomNUPeko IS-FOOD Institutuko ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera: Lide Arenaza Etxeberria, Maddi Osés Recalde, María Medrano Echeverría eta Idoia Labayen Goñi

NUPeko IS-FOOD Institutuko ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera: Lide Arenaza Etxeberria, Maddi Osés Recalde, María Medrano Echeverría eta Idoia Labayen Goñi

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Nekazaritza eta Elikagaien Katearen Berrikuntza eta Iraunkortasun Ikerketarako Institutuko emakumezko ikertzaileek (IS-FOOD), Osasunaren Mundu Erakundeko eta Karolinska Institutuko ikertzaileekin batera (Suedia), ikerketa lan bat argitaratu dute. Ikerketa horren arabera, edari azukredunak edatea (eta, bereziki, freskagarri horiek daukaten azukrea) lotuta dago gehiegizko pisua edo gizentasuna duten haurrek gibelean  gantz kantitate gehiago metatzearekin. Organo horretako gehiegizko metaketak zenbait nahasmendu metaboliko eragiten ditu eta diabetesa eta gaixotasun kardiobaskularra izateko arriskua areagotzen du. British Journal of Nutrition aldizkarian argitaratutako artikuluaren egileen arabera, haurren gizentasunaren prebentziorako eta tratamendurako diren hezkuntza programek, bizimodu osasungarriei buruzkoek, edari azukredunen kontsumoaren gaineko gomendio eta ohar espezifikoak jaso behar dituzte.

Artikuluaren egileak IS-FOOD Institutuaren Nutrizioaren, Ariketa Fisikoaren eta Osasunaren Taldeari atxikiak daude (Elikos), eta hauek dira: Lide Arenaza Etxeberria, Idoia Labayen Goñi, María Medrano Echeverría eta Maddi Osés Recalde, Inge Huybrechts (Osasunaren Mundu Erakundea), Hanna Henriksson (Karolinska Institutua) eta Ignacio Díez López (Arabako Unibertsitate Ospitalea) ikertzaileekin batera.

“Emaitza horiek garrantzi berezia dute. Izan ere, edari azukredunak, egun, haurren eta nerabeen dietan gehitzen diren azukreen iturri nagusia dira”, esan du Idoia Labayen Osasun Zientzien Saileko irakasleak.

Dieta eta gibel koipetsua izateko arriskua

Gehiegizko pisua edo gizentasuna eta 8 urtetik 11 urtera bitarteko adina duten haurrek parte hartu zuten ikerketan, eta, besteak beste, aztertu egin zen elikagai hauetako zein hartzen zituzten: fruitu eta barazkiak, arrainak, zerealak, haragiak eta eratorriak, esnekiak eta edari azukredunak . Aztertu egin zen, halaber, haurren dietaren azukre kantitatea osotara edo zenbat kaloria kontsumitzen dituzten. “Edari azukredunak, eta, bereziki, edari azukredunetako azukrea hartzea gibelean metatutako gantz kantitate handiagoarekin lortzen da —esan du Idoia Labayen ikertzaileak—; aitzitik, zerealen kontsumoak gibel koipetsua izateko arriskua jaisten du”.

Gibel koipetsua (edo gibel-esteatosia) duenak gehiegizko gantz metaketa dauka gibelean, eta horrek zenbait nahasdura metaboliko eragin, eta diabetesa eta gaixotasun kardiobaskularra izateko arriskua areagotzen du. “Azken urteetan, bere prebalentziaren hazkunde esponentziala gertatu da haurren obesitatearen epidemiarekin batera —jakinarazi du Idoia Labayenek—. Adin pediatrikoan gibel-esteatosiaren diagnostikoa egiteko, proba oso inbaditzaileak —gibeleko biopsia— edo oso garestiak —erresonantzia magnetikoa— egin behar dira. Beraz, askotan lehen urratsetan hautemangaitza izaten da gaixotasuna”.

Hori dela-eta, IS-FOOD Institutuaren Nutrizioaren, Ariketa Fisikoaren eta Osasunaren Taldea (Elikos) ikerketa lerro bat garatzen ari da, gibel-esteatosia izateko arriskua duten haurrak identifikatzea ahalbidetuko duten bizi estiloen markagailu biokimiko, genetiko eta epigenetikoen bilaketan oinarrituta dagoena. Horretaz gainera, ikertzaileak lanean ari dira gaixotasunari aurrea hartzeko eta tratatzeko.

“Bizi estiloek gibel koipetsuaren garapenarekin zerikusia izan dezaketenez, British Journal of Nutrition aldizkarian argitaratu dugun ikerketak ohitura dietetikoek gantz hepatikoaren metaketan duen eragina aztertu du, abdomeneko erresonantzia magnetikoaren bidez”, amaitu du Idoia Labayenek.