• ES
  • EU
  • EN


2019ko otsailaren 20a [Ikerketa]

EDARTE ikerketa taldeak Nafarroako Museoa eraberritzeko prozesuan lagundu du

Imanol Aguirrek, Amaia Arriagak eta Lander Calvelhek hormako testuak eta kartelak prestatu dituzte “Todo el arte es contemporáneo” proiekturako

zoomImanol Aguirre eta Amaia Arriaga, Nafarroako Museoan.

Imanol Aguirre eta Amaia Arriaga, Nafarroako Museoan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) EDARTE bitartekaritza eta hezkuntza artistikorako ikerketa taldeak laguntza eman du Nafarroako Museoa eraberritzeko “Todo el arte es contemporáneo” proiektuan. Proiektu horren bidez, erakusketa iraunkorreko XVIII., XIX. eta XX. mendeetako lanak berrantolatu eta Museoa modu desberdinetan bisitatzeko programak ezarri nahi dira. Imanol Aguirre Arriaga da EDARTE taldeko zuzendaria, eta, harez gain,  Amaia Arriaga Azcárate eta Lander Calvelhe Panizo ikertzaileek osatzen dute taldea, denak ere Giza eta Hezkuntza Zientzien Sailekoak.

EDARTE taldeak proiektu honetan egin duen lana ikerketa bestetaratzeko kontratu baten bidez (OTRI) gauzatu da. Museoko erakusketa iraunkor berrian erabiliko diren horma testuak eta kartelak idaztea da lanaren muina. Era berean, kontratuak beste konpromiso bat jaso du: Museoak hautatutako lan garaikideen multzo baten eta bilduman dauden beste lan zaharrago batzuen artean elkarrizketa ezarriko duten zenbait testu idaztea. NUPeko taldeak “Bizikidetzak” deitu duen ekimen horrek Museoaren proiektu berriaren ideia nagusiari erantzuten dio: “alegia, ulertzea arte oro garaikidea dela, gizakiok ukitzen gaituzten gaiak jorratzen baititu beti, zeinahi delarik ere garaia eta tokia”, azaldu dute EDARTE taldeko kideek.

Testuen idazketa eta hezkuntzako bitartekaritzako aretoa

Kasu guztietan, EDARTEk proposatu dituen testuak museologia garaikidearen bitartekaritza irizpide berrienekin bat idatzi dira. Museologia garaikideak artelanak interpretatzen ditu publikoaren lankidetza eskatzen duten prozesu ireki gisa. “Hartara, informazio zehatza, askotarikoa, irisgarria eta estimulatzailea eskaintzea izan da erronka, hizkera irisgarria eta inklusiboa erabiltzeari uko egin gabe, eta informazio horrek bisitariengan hausnarketa, jakin-mina eta nork bere esperientziekiko lotura eragitea, baita artearen mundura ohituta ez daudenen kasuan ere”, azaldu dute taldekideek.

Proiektuaren beste berritasun bat izan da hezkuntzako bitartekaritzara bideraturiko areto bat sortu dutela. EDARTE taldeak denbora lerro bat diseinatu du areto horretarako, eta bisitariek harekin interakzioa izaten ahalko dute. Era berean, Museoak taldeak egindako proposamen bat jaso du, alegia, “Konplizitateak” deituriko programa abian jartzea. Programa hori honetan datza: Nafarroako kulturako esparru desberdinetako pertsonek ibilbide tematikoak idatzi eta prestatzea, eta publikoa Museoko lanak bisitatzera gonbidatzea pertsona horiek egin dituzten interpretazioez lagunduta. Oraingoan, hiru ibilbide proposatu dira; Camino Oslé Gerendián, Patxi Irurzun eta Maite Pérez Larumbe izan dira diseinatzaileak.

Proiektu museologiko honetan egindako lana burutzeko, EDARTE taldeak bitartekaritza plan bat idatzi du, Museoaren ekintzak bideratuko dituena datozen urteetan.

Lankidetza 2016. urtetik

EDARTE taldeak Nafarroako Gobernuaren Kultura Zuzendaritza Nagusiko Museoen Zerbitzuarekin izan duen lankidetza 2016an hasi zen, “Museos y públicos: dilemas y experiencias” mintegi-lantegia antolatu zenean.

Jarduera hartan Nafarroako Museoko langile guztien ordezkariak izan ziren, zuzendaritzatik hasita eta aretoko zaindariekin bukatu arte, eta “Museoari diagnostiko bat egiten laguntzea izan zuen helburu, jakiteko zein alderdik laguntzen ahal zioten bere eskaintzaren integrazio handiagoa lortzen eta publikoarekiko interakzioa hobetzen”, adiarazi dute EDARTE taldekoek. “Hausnarketa-diagnostiko horren bidez, argi geratu zen Museoak bere bildumaren bitartekaritza eta interpretazio baliabideak berritzeko premia zuela eta publikoarengana hurbiltzeko proposamenak berritzeko plan bati ekin behar ziola”, amaitu dute.