• ES
  • EU
  • EN


2018ko irailaren 13a [Ikerketa]

Tiroideko minbiziaren intzidentzia handitu egin da Nafarroan azken 30 urteetan, NUPen irakurritako tesi baten arabera

Jorge Rojo doktore berriak bere tesian dio tumore gehiegi diagnostikatzea izan daitekeela kasu gehiago izatearen arrazoietako bat

zoomJorge Rojo, NUPeko doktore berria

Jorge Rojo, NUPeko doktore berria

Azken 30 urteetan, tiroideko minbiziaren kasuak ugaritu egin dira Nafarroako Foru Komunitatean bai emakumeen bai gizonezkoen artean. Ondorio hori atera du Jorge Rojo Alvaro medikuak Nafarroako Unibertsitate Publikoan defendatu duen tesian, “Incidencia y evolución temporal del carcinoma diferenciado de tiroides en Navarra” izenekoan. Tesiaren zuzendariak bi hauek izan dira: Juan Manuel Casas Fernández de Tejerina NUPeko Osasun Zientzien Fakultateko irakaslea eta Emma Anda Apiñániz Nafarroako Ospitaleguneko (CHN) Endokrinologia Ataleko burua. Tesiak kalifikaziorik onena lortu du: bikain “cum laude”.

Ikertzaileak tesian adierazi duenez, “ez dago argi zergatik areagotu den tiroideko minbizia dutenen kopurua”, baina litekeena da arrazoietako bat izatea “sintomarik ez duten” tamaina txikiko tumore gehiegi detektatu izana irudi proba modernoak gero eta gehiago erabiltzearen ondorioz, eta beste arrazoi bat “minbizi mota horren intzidentzia egiaz hazi dela, tumore handiagoen diagnostikoak ere gehiago direlako”. Alde horretatik, Jorge Rojok dio “eztabaidagai dela mikrokartzinomen, hau da, zentimetro batetik beherako diametroa duten tumoreen, detekzioaren esangura klinikoa; izan ere, ez da frogatu tiroideko minbiziaren kasu gehiago detektatzeak onurarik ekarri dionik minbiziaren ondoriozko heriotzaren prebentzioari, eta izugarriak dira horretarako behar diren giza baliabideen eta baliabide ekonomikoen kostuak”.

Bestalde, ikertzaileak nabarmendu du tiroideko minbiziaren intzidentzia baxua dela beste minbizi mota batzuekin alderatuz gero, baina azken hiru hamarkadetan areagotu egin dela pixkanaka-pixkanaka minbizi mota horren intzidentzia munduko zenbait herrialdetan eta eskualdetan (beste leku batzuetan baino tasa handiagoak daude Europan). Zehazki, tiroideko minbizi papilar izeneko azpimota baten kasuak ugaritu dira.

Minbizi kasu gehiago emakumeen artean

Europan, minbizien diagnostiko berrien % 1,5 inguru tiroideko minbizia da. 1990az geroztik, emakumeen artean gehien hazi den minbizi mota da hori; beste minbizi batzuen kasu kopurua, aldiz, biriketakoarena, kolonekoarena eta bularrekoarena, adibidez, murriztu egin da. Horrenbestez, emakumeek gehien izaten duten minbizi motetan, bosgarrena da tiroideko minbizi papilarra.

Biztanle espektro zabalari eragiten dio tiroideko minbiziak, eta edozein adinetan azaltzen da, nahiz eta intzidentzia handiena, emakumeen artean, 40 urte inguruan izan, eta, gizasemeen artean, 50 edo 60 urte inguruan. Sexuari dagokionez, ikerketa guztietan “askoz tasa handiagoa dute emakumezkoek gizonezkoek baino: hiru emakumezko gizon bakoitzeko”.

Tumorearen tamainari dagokionez, tesiak ondorioztatzen du tumoreen batez besteko tamaina txikitzen joan dela pixkanaka-pixkanaka tesirako erreferentzia gisa hartu diren urte guztietan. Ildo horretatik, Jorge Rojok kalkulatu du “klinikoki oharkabean pasatuko liratekeen tumoreak detektatu izanari zor zaiola 1980tik gaur egun arte minbizi papilarra duten kasuen hazkundearen % 50 baino gehiago”.

Jorge Rojoren curriculum laburra

Jorge Rojo Medikuntzan lizentziatu zen 2007an Valladolideko Unibertsitatean, eta bi espezialitate egin zituen Nafarroako Ospitalegunean: Endokrinologia eta Nutrizioa 2008tik 2012ra, eta Barne Medikuntza 2013tik 2017ra. Gaur egun, Mendaroko Ospitaleko Endokrinologia Zerbitzuan (Gipuzkoa) egiten du lan.

Zenbait artikulu eta poster argitaratu ditu Espainiako zenbait aldizkaritan, eta Espainiako eta nazioarteko zenbait biltzarretan ere parte hartu du, besteak beste, Endokrinologiako eta Nutrizioko Espainiako Elkartearen Biltzar Nazionalean. Horretaz gainera, Diabetesaren Espainiako Elkarteko kide da, eta Endokrinologiako eta Nutrizioko Espainiako eta Nafarroako elkarteetakoa ere bai.