• ES
  • EU
  • EN


[Besteak]

Bostehun bat lagun bilduko dira ostegunetik igandera Navarra LAN Party topaketan

Ezagutza teknologikoak zabaltzeko eta trukatzeko topaketan, hitzaldiak, lantegiak, bideo joko lehiaketak eta enplegu feria bat egingo dira

zoomNavarra LAN Party topaketaren kartela. Aste honetan egingo da, NUPen Arrosadiko campusean.

Navarra LAN Party topaketaren kartela. Aste honetan egingo da, NUPen Arrosadiko campusean.

Navarra LAN Party teknologiazaleen topaketa bihar hasiko da, irailak 13 (osteguna), 16:00etan Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Arrosadiko campusean (Iruñea), eta igandera arte (hilak 16) egongo da zabalik gau eta egun etenik gabe. Guztira, ia bostehun lagun elkartuko dira teknologiaren inguruko esperientziak eta ezagutzak trukatzeko. Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkarteak (ANDITEC) eta NUPek antolatu dute, eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak, Iruñeko Udalak eta Vodafone, CISTEC eta Tracasa enpresek babestu.

Inaugurazio ekitaldi ofiziala ostiralean izango da, hilak 14, 12:00etan Nafarroako Unibertsitate Pabiloian, Arrosadiko campusean (Iruñea). Aurreikuspenen arabera, han izango dira Ramón Gonzalo García NUPeko Ikerketako errektoreordea, María José Beaumont Aristu Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, Aritz Romeo Ruiz Iruñeko Udaleko alkateordea eta Iñigo Aguas Ardaiz Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkarteko presidentea (ANDITEC).

Era askotako jarduerak egitarauan

Navarra LAN Partyrako, era askotako jarduerak antolatu dira. Batetik, teknologiari buruzko hitzaldiak: “blockchain” edo bloke-kateak nola funtzionatzen duen, “big data” edo datu kopuru handiek zer aplikazio duten, Interneten erabilera segurua zertan datzan, ludifikazioa zer den edo teknologia prestakuntza gaur egun zertan den. Bestetik, zenbait aditu ariko dira lantegietan programazioari, 3 dimentsiotan inprimatzeari eta bideo jokoen garapenari buruzko edukiak zuzenean irakasten. Bideo joko lehiaketak ere antolatu dira, besteak beste, League of Legends, Fortnite, CSGO eta FIFA18 bideo jokoenak. Bestalde, arte digitaleko lehiaketak ere egingo dira, eta “demoscene” delakoa ikusi ahalko dugu berriz Nafarroan, hau da, makinaren baliabide guztiak erabiliz programatzeko eta arte produkzio bat sortzeko modua. Sormen artistikoa ere bultzatuko da, argazkigintzaren, bideoen eta bikoizketaren inguruko txapelketen bidez.

Topaketak bi gune izango ditu NUPen: “Party Place” izenekoan, Nafarroako Unibertsitate Pabiloian, abiadura handian nabigatzeko ahalmena duten 512 ordenagailu postu egongo dira; “OpenSpace” izenekoan, Sario eraikinean, aldiz, teknologia zabaltzeko doako jarduerak egingo dira nafar guztientzat. Nabarmentzekoa da, adibidez, Chema Alonso zibersegurtasuneko adituak emango duen hitzaldia: “Tus datos mueven el mundo… y tú sin saberlo”. Hilaren 14an izango da, ostirala, 18:30ean, Sarioko 04. ikasgelan.

Enplegu feria birtuala eta presentziala

Bestalde, enplegu feria bat ere egingo da, parte-hartzaileek teknologia berrien arloko lan aukerak ezagut ditzaten errazteko. Feriak bi modalitate izango ditu: bat, birtuala, non https://empleo.navarralanparty.org estekaren bidez sar baitaiteke, martxan da dagoeneko eta hilaren 23ra arte (igandea) iraungo du; bestea, berriz, presentziala, hilaren 14an (ostirala) egingo da, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, Sario eraikinean, eta teknologia berrietako zenbait enpresa egongo dira. Topaketaren babesleetako batek, Tracasa enpresa publikoak, IKT zerbitzuen eta lurralde ingeniaritzaren arloetan zer lan aukera dauden azalduko du.

Ekitaldiari buruzko informazio gehiago dago kontsultagai Navarra LAN Partyren webgunean eta @navarralanparty Twitter kontuan. Navarra LAN Party proiektuari Nafarroako Gobernuaren MECNA saria eman diote (Mezenasgo Kulturala), gizartearen intereseko ekimena delako.

Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkartea (ANDITEC) topaketaren beste antolatzaile bat da, eta Navarra LAN Party baliatuko dute beren burua ezagutzera emateko, aurten sortu baita. Irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, eta Nafarroan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) zabaltzea eta bultzatzea du helburu, bai eta gizarteari teknologia hurbiltzea eta teknologien inguruko komunitatea sortzea ere.