• ES
  • EU
  • EN


[Erakundeak]

Nafarroako Unibertsitate Publikoak doktoretzako aparteko sei sari eman ditu

Saridunak Iván Arregui, Alfonso Arteaga, Jaione Etxeberria, Elena Ferrer, Maite Villanueva eta Nerea Zugasti dira

zoomSei doktore saridunak. Ezkerretik eskuinera: Nerea Zugasti (Giza eta Gizarte Zientziak), Alfonso Arteaga (Osasun Zientziak), Elena Ferrer (Ekonomia, Enpresa eta Zuzenbidea), Juan María Vázquez (Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioaren Zientzia eta Berrikuntzako idazkari nagusia), Alfonso Carlosena (errektorea), José Miguel Múgica (EDONA Nafarroako Doktoretza Eskola), Jaione Etxeberria (Industria Zientziak eta Teknologiak)), Iván Arregui (Komunikazioen, Bioingeniaritzaren eta Energia Berriztagarrien Teknologia) eta Maite Villanueva (Nekazaritza Zientziak eta Nekazaritzako Elikagaiak).

Sei doktore saridunak. Ezkerretik eskuinera: Nerea Zugasti (Giza eta Gizarte Zientziak), Alfonso Arteaga (Osasun Zientziak), Elena Ferrer (Ekonomia, Enpresa eta Zuzenbidea), Juan María Vázquez (Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioaren Zientzia eta Berrikuntzako idazkari nagusia), Alfonso Carlosena (errektorea), José Miguel Múgica (EDONA Nafarroako Doktoretza Eskola), Jaione Etxeberria (Industria Zientziak eta Teknologiak)), Iván Arregui (Komunikazioen, Bioingeniaritzaren eta Energia Berriztagarrien Teknologia) eta Maite Villanueva (Nekazaritza Zientziak eta Nekazaritzako Elikagaiak).

Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2012-2013 eta 2013-2014 ikasturteei dagozkien doktoretzako aparteko sei sari eman ditu. Hauek dira saridunak, alfabetoaren hurrenkeraren arabera: Iván Arregui Padilla (Komunikazioen, Bioingeniaritzaren eta Energia Berriztagarrien Teknologia), Alfonso Arteaga Olleta (Osasun Zientziak), Jaione Etxeberria Andueza (Industria Zientziak eta Teknologiak), Elena Ferrer Zubiate (Ekonomia, Enpresa eta Zuzenbidea), Maite Villanueva San Martín (Nekazaritza Zientziak eta Nekazaritzako Elikagaiak) eta Nerea Zugasti Mutilva (Giza eta Gizarte Zientziak).

Doktoretzako aparteko sei sariak 178 doktore berrien inbestidura ekitaldian eman zituzten, 2018ko apirilaren 25ean, asteazkena, Iruñeko Arrosadiko campusean. Ekitaldian, Alfonso Carlosena NUPeko errektorea, Juan María Vázquez Rojas Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioko Zientzia eta Berrikuntzako idazkari nagusia eta José Miguel Múgica Grijalba Nafarroako Doktoretza Eskolako (EDONA) zuzendaria izan ziren.

Iván Arregui Padillak (Iruñea, 1981) Telekomunikazioko Ingeniaritzako titulua lortu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, non doktoretza ere egin baitzuen, gai honi buruzko tesi batekin: uhin-gidari errektangularreko teknologian inplementatutako prestazio handiko osagaien diseinua eta karakterizazioa. Ikerketa José María Lopetegui Beregaña (NUPeko ISC Smart Cities Institutua) eta Miguel Ángel Gómez Laso irakasleek zuzendu zuten, eta Telekomunikazio Teknologien Ingeniarien Elkargo Ofizial eta Espainiako Elkarteak (COIT/AEIT) HISDESAT Satelite bidezko Zerbitzuei buruzko Tesi Onenaren Saria eman zion tesiari. 2006az geroztik, NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailean dihardu irakasle eta ikertzaile. 2017an, Alberto Elzaburu Fundazioaren Berrikuntzako IV. Saria irabazi zuen komunikazio sateliteetarako patente batengatik.

Alfonso Arteaga Olletak (Iruñea, 1966) bi lizentzia ditu: batetik, Biologia Zientzietan lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean; eta, bestetik, Psikologian lizentziaduna UNEDen. Doktoretza tesian, droga mendekotasuna duten eta hura gainditzeko tratamenduan dauden bikotekideen arteko indarkeria ikertu zuen, eta Javier Fernández Montalvo eta José Javier López Goñi Psikologia eta Pedagogia Saileko irakasleak izan zituen zuzendari. Bere ikerketaren ondorioetako bat da "tratamenduan dauden drogaren mendekoek indarkeria handiago erabiltzen dutela bikotekidearen aurka jende gehienak baino", eta kolektibo horretan esku hartzeko programa bat aplikatuz gero paziente gutxiagok erabiltzen duela berriz indarkeria. 2008az geroztik, NUPeko Psikologia eta Pedagogia Saileko irakaslea da, eta, lehenago, Nafarroako Gizakia Helburu Fundazioan lan egin zuen 21 urtez (10 urtez, jokabide arriskutsuak dituzten nerabeentzako eta haien senideentzako Suspertu prebentzio programan). Gaur egun, Psikologia Klinikoa eta Psikopatologia ikerketa taldeko kide da NUPen.

Jaione Etxeberria Andueza (Lakuntza, 1983), Matematikan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU), eta gaixotasunen irudikapen kartografikoari buruz egin zuen tesia. Zehatz eta sakon aztertu zituen zenbait minbizia motak eremu geografikoaren arabera zenbateko hilkortasun arriskua edo intzidentzia zuten kalkulatzeko espazio-ereduak, espazio- eta denbora-ereduak eta predikzio-ereduak. “Leku jakin batean minbizia mota jakin baten ondorioz gaixotzeko edo hiltzeko dagoen arriskua eta horrek denboran zehar izan duen bilakaera mapa batean irudikatzeko tresna estatistikoak oso baliagarriak izan daitezke gizartearentzat eta, bereziki, osasun erakundeentzat; izan ere, bizilekuari lotutako arrisku faktoreak identifikatzen lagun dezake eta baita gaixotasunak prebenitzeko eta tratatzeko baliabide ekonomikoak hobeto banatzen ere”, azaldu zuten María Dolores Ugarte Martínezek eta Tomás Goicoa Mangadok, NUPeko Estatistika eta Ikerketa Operatiboko Saileko kideek. 2010az geroztik, sail horretako kide da Jaione Etxeberria Andueza ere. Nafarroako CIBERESP Epidemiologia eta Osasun Publikoaren Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroko kide da, eta NUPeko Material Aurreratuen Institutuko (InaMat) eta Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuko (IdiSNA) ikertzailea ere bai.

Elena Ferrer Zubiate (Zangotza, Nafarroa) Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna da NUPen. Doktoretza tesian, "portaeraren finantzak" direlakoak ikertu zituen, hau da, inbertitzailearen sentimenduak aktiboen balorazioan izan dezakeen eragina, analistek jaulkipenak eratzeko garaian duten portaera, eta eskurako merkatuaren eta etorkizunaren arteko dinamika garaikidean duen eragina eta horien bien arteko hegakortasun transmisioak. Ikerketa hori 2013ko Doktoretza Tesi Onenaren Sariarekin saritu zuen Finantza Arloa Aztertu eta Ikertzeko Kantabriako Unibertsitatearen Fundazioak (UCEIF), eta NUPeko INARBE institutuko (Institute for Advanced Research in Business and Economics) Pilar Corredor Casado eta Rafael Santamaría Aquilué ikertzaileek zuzendu zuten. 2099az geroztik, NUPeko Finantza Merkatuak ikerketa taldeko eta INARBE institutuko kide da.

Maite Villanueva San Martín (Iruñea, 1984) Biologian eta Biokimikan lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean, eta bakterioen zentzumen sistema ikertu zuen NUPen egindako doktoretza tesian. Hurbilketa genetiko murriztaile baten bidez, Staphylococcus aureus espeziearen bi andui, genetikoki erlaziorik gabeak, erabili zituen eredu gisa, eta zentzumen sistemarik gabeko bakterioak lortu zituen. Bakterio horiei esker, egiaztatu zuen inguruneko kondizio konstanteetan “sistema horiek ez direla ezinbestekoak bizitzarako”. Andui eraldatu hori plataforma gisa erabili zuten "in vivo" seinalea transmititzeko espezifikotasuna ikertzeko, zeina "in vitro" analizatua izan baitzen orduraino. Iñigo Lasa Uzcudun NUPeko katedradun eta Navarrabiomed Ikerketa Biomedikoko Zentroko oraingo zuzendariak eta Alejandro Toledo-Arana Agrobioteknologiako Institutuko (NUPen, CSICen eta Nafarroako Gobernuaren zentro mistoa) ikertzaileak zuzendu zuten doktoretza tesia. Gaur egun, NUPeko Biointsektizida Mikrobianoen laborategian lan egiten du, Primitivo Caballero Murillo katedradunaren zuzendaritzapean.

Nerea Zugasti Mutilva (Iruñea, 1984), Soziologian lizentziaduna da. Bere doktoretza tesiaren gaia lan integrazioko eta bazterketako dinamikak Espainian da, eta ikerketaren arabera “enplegu krisiaren testuinguruan lotura argia ezartzen dute immigrazioaren, lan merkatuaren eta integrazioaren artean”. “Emaitzen artean nabarmentzekoa da atzerritarren presentzia handia dela lan bazterketaren arloan, lan merkatu segmentatu baten testuinguruan kokatzen dela, zeinetan barra-barra zabaltzen baitira aldi baterako lanpostuak eta lanpostu ez-kualifikatuak eta altuak izaten baitira langabezia kliniko zein egiturazkoaren tasak. Horrek erakusten du erronka handi bati egin behar diogula aurre lan munduko integrazioaren arloan, ekonomiaren eta lan eskubideen krisi bete-betean”. Tesiaren zuzendaria Miguel Laparra Navarro izan zen, orduan NUPeko Gizarte Laneko Saileko irakasle zena eta gaur egun Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen kontseilari eta bigarren presidenteorde dena. 2013an, bi sari eman zizkioten tesiari: batetik, doktoretza tesi baten komunikazio hoberenaren saria, Tesia 3 Minutuan lehiaketan (NUPek antolatu eta FECYT Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak finantzatzen duena); eta, bestetik, lehen saria FOESSA Fundazioaren I. Ikerketa Lehiaketan. 2008az geroztik, NUPen ari da lanean, ALTER taldeko ikertzaile eta Gizarte Laneko Sailari atxikitako irakasle.