• ES
  • EU
  • EN


2018ko apirilaren 19a [Kultura]

Sei unibertsitatek parte hartuko dute hurrengo astean NUP-ek Iruñean antolatutako Unibertsitate Antzerkiaren X. Erakustaldian

Antzezpenak Nafarroako hiriburuko bi Civivoxetan (Iturrama eta Sanduzelai) egingo dira, eta sarrerek euro bat balioko dute

zoomNUPeko Antzerki Taldea. Eserita (ezkerretik eskuinera): Rosa Beúnza, María Bravo eta Natxo Lapieza. Zutik (ezkerretik eskuinera): Oleg Pafik, Pablo Zorrilla, Santiago Jiménez, Álvaro Carceller, Karen Errea, Itziar Rubio eta Paula Puyol.

NUPeko Antzerki Taldea. Eserita (ezkerretik eskuinera): Rosa Beúnza, María Bravo eta Natxo Lapieza. Zutik (ezkerretik eskuinera): Oleg Pafik, Pablo Zorrilla, Santiago Jiménez, Álvaro Carceller, Karen Errea, Itziar Rubio eta Paula Puyol.

Sei unibertsitatek (Kantabriakoa, Lleidakoa, Euskal Herrikoa, Nafarroako Publikoa, Valladolidekoa eta Vigokoa) parte hartuko dute apirilaren 23tik, astelehena, apirilaren 29ra, igandea, bitartean Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzak bere Kultura eta Kirol Unitatearen bidez, Iruñeko Udalarekin lankidetzan, antolatutako Unibertsitate Antzerkiaren X. Erakustaldian. Iturrama eta Sanduzelaiko Civivoxetan izango da hitzordua, eta sarrerek euro bat balioko dute. Programa osoa Nafarroako Unibertsitate Publikoko webgunean dago kontsultatzeko.

Ziklo honetan, zazpi emanaldi egingo dira, NUPeko Antzerki Taldeak “Superhéroes de barrio” antzezlanaren bi antzezpen egingo baititu. Antzezlan hori musika komedia bat da, bizitza modernoaren traumei buruzkoa, eta Jordi Gomar antzerkigileak idatzi eta Óscar Orzaiz Resanok idatzi du. Zehazki, Nafarroako antzerki taldeak apirilaren 27an, ostiralean, eta apirilaren 28an, larunbatean, jokatuko du antzezlana Iruñeko Iturrama auzoko Civivoxen, 19:30ean. Emanaldi guztiak Iturramako Civivoxen egingo dira 19:30ean, apirilaren 29koa, igandekoa, izan ezik, hura Sanduzelaiko Civivoxen egingo baita eta ordu erdi lehenago, 19:00etan, hasiko da.

Erakustaldia apirilaren 23an, astelehenean, irekiko da “Las ondas de las piedras en el río” antzezlanarekin. Fernando Dacosta Vigoko Unibertsitateko Ourenseko Campuseko Maricastaña taldearen zuzendariak berak idatzitako antzezlana da. Arundhati Roy indiar idazlearen “The God of Small Things” liburuan oinarrituta dago. Lanak bi neska-mutil bikiren bizitza kontatzen du, historiak ezarritakoari iskin egitea debeku den mundu batean.

Lleidako Unibertsitateko Espai de Teatrek asteartean, apirilaren 24an, bere sorkari bat aurkeztuko du: “La gran purga”, Emili Baldellouk zuzendua. Laurogeiko hamarkadan Estatu Batuetako Georgia hirian jasotako megalito misteriotsu bat du abiapuntu testuak. Haren arabera, munduko populazioa 500 milioitara mugatu behar da: hamabost pertsonatik bakarrak iraungo luke bizirik.

Apirilaren 25ean, asteazkenean, “Marat-Sade” ikusteko aukera egongo da, Antzertiola: Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV-EHU) Gipuzkoako Campuseko Antzerki Faktoriarena. Antzezlana Peter Weissen lanean oinarrituta dago, eta Maite Aguirre taldearen zuzendariak egokitu du. Jean-Paul Maraten jazarpena eta erailketa kontatzen du, Sadeko markesaren zuzendaritzapean Charentongo buru osasuneko etxeko antzerki taldeak antzeztua.

Suspensea, musika komedia eta klasiko bat

NUPeko Unibertsitate Antzerkiaren X. Erakustaldiaren programari jarraipena emango dio apirilaren 26an, ostegunean, Soriako Campuseko (Valladolideko Unibertsitatearen mendekoa) Irakasletzako Taldearen “Ocho mujeres” antzezlanak. Robert Thomasek idatzi eta Germán Andrés Marcosek zuzendu du antzezlana, eta etxandi batean izandako hilketa bat azaltzen du. Susmagarriak zortzi emakume dira.

Hurrengo bi egunetan (ostirala, hilak 27, eta larunbata, hilak 28), NUPeko Antzerki Taldearen txanda da, “Superhéroes de barrio” antzezlanarekin. Jordi Gomar antzezlanaren egileak honela definitu du lana: “batzuetan komediatik gutxi eta musikaletik ezer ez dauka”. Testuak hamar koadro edo eszena ditu, eta laurogei minutuko tartean bederatzi pertsonaiaren eguneroko frustrazio eta beldurrak kontatzen ditu. Psikologo oso berezi batek lagunduko die ulertzen hobeak izan daitezkeela, haren kontsultatik igaroko baitira gizaki arrunt horiek beren eguneroko eta gertuko oinazeekin. 2001ean Marqués de Bradomín Sariko accesita lortu zuen. Sari hori antzerkigile gazteentzako literatura lehiaketa bat da.

Zikloari apirilaren 29an, igandean, amaiera emango dio Kantabriako Unibertsitateko Antzerki Taldeak. “La función por hacer” jokatuko du, Miguel del Arcok eta Aitor Tejadak egindako bertsioa Luigi Pirandelloren “Sei pertsonaia autore bila” antzezlanarena. Antzezlanaren zuzendaria Rita Cofiño da, eta Pirandelloren espiritua gordetzen du gaur egungo testuinguruan. Ez da gertatzen XX. mendearen lehen erdiko antzerki talde batek jenderik gabe egindako probasaio batean, baizik eta XXI. mendeko antzerki talde batek gaur egungo antzerki batean egindako antzezpen batean.