• ES
  • EU
  • EN


[Erakundeak]

NUP Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziari atxiki zaio Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta

Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunean, Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) atxiki egin zaio Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak (CRUE), hots, 76 unibertsitate publiko eta pribatuk osatzen duten erakundeak, egindako manifestuari. Testuan nabarmentzen da unibertsitateek konpromisoa daukatela benetako berdintasuna eragozten duten oztopoak ezabatzeko, eta apustu egiten dutela “gobernu erakundeetan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua lortzeko, eta emakumeek zientziari egiten dizkioten ekarpenei ikusgarritasun handiagoa emateko”.

Halaber, komunikatuan azpimarratzen da unibertsitateen zeregina dela justizia sozialaren sustatzaile izatea, eta berariaz aitortzen du horien Berdintasun Unitateek daukaten eginkizuna genero ikuspegia barneratzeko, eremu akademikoko sexu jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari aurre egiteko berdintasun planak eta protokoloak diseinatuz.

Bere testuan, CRUEk aitortzen du “berdintasun eraginkorra urrun dagoela benetakoa izatetik”, eta desoreka “agerian jartzen dela bai ikerketa-karreran bai akademikoan”, baita “unibertsitateetako gobernu erakundeetan” ere. Hori dela-eta, adierazten da “beharrezkoa dela unibertsitateetako gobernuen konpromiso aktiboa berritzea, genero berdintasuna lehentasun estrategikoen artean kokatzeko”.