• ES
  • EU
  • EN


[Kultura]

Miriam Moreno Aguirrek jaso du Amado Alonso Literatura Kritikarako 2017ko Nazioarteko Saria

Epaimahaiak saritu du XX. mendeko giro literario eta piktorikoan irudi oso nabarmena izan zen Ramon Gayari buruz egindako azterketa

zoomEpaimahaikideak, NUPen bilduak. Zutik, ezkerretik eskuinera: Manuel Borrás eta José Luis Martín Nogales. Eserita, ezkerretik eskuinera: Emilio Echavarren, María Isabel López eta Ricardo Pita

Epaimahaikideak, NUPen bilduak. Zutik, ezkerretik eskuinera: Manuel Borrás eta José Luis Martín Nogales. Eserita, ezkerretik eskuinera: Emilio Echavarren, María Isabel López eta Ricardo Pita

Amado Alonso Literatura Kritikarako Nazioarteko Sariaren epaimahaiak aho batez eman dio 2017ko saria Miriam Moreno Aguirreri, lan honengatik: Otra modernidad. Estudios sobre la obra de Ramón Gaya. Moreno Filosofian doktorea da Madrilgo Konplutentse Unibertsitatean, eta Espainiako Telebistako produktore ohia, dagoeneko erretretan dagoelako. Saria 5.000 eurokoa da, eta ikerketa-lana argitaratzeko aukera ematen du, Valentziako Pre-textos argitaletxearen bidez. Amado Alonso Fundazioak egiten du sariketarako deialdia. Fundazioa Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Leringo Udalak osatzen dute. 2017ko edizio honetan Espainiako, Europako eta Iberoamerikako hainbat tokitatik iritsi diren 26 lan aurkeztu dira, guztira.

Epaimahaiak lan hau saritu du, uste izan duelako egileak "XX. mendeko Espainiako giro literario eta piktorikoan irudi oso nabarmena izan zen Ramon Gayaren lana aztertu duela, eta azterketak datu esanguratsuak ematen dituela haren idazle-jardunaz, beti pintura jardunari loturik garatu zuenaz. Oso interesgarria da, aldi berean, ikustea egileak daukan gaitasuna zeharkako azterketa bat egiteko, arteen arteko harremanak ikusaraziz, pentsamendu estetikoaren hari eroalearen bidez”.

Biografia laburra

zoomSariduna, Miriam Moreno

Sariduna, Miriam Moreno

Miriam Moreno Aguirre (Madrid, 1954) Filosofian lizentziaduna eta doktorea da Madrilgo Konplutentse Unibertsitatean. Bere aztergai nagusia Ramon Gayaren irudia izan da, haren idazle lana eta pintore lana, biak uztartuz. Hari buruzko artikuluak argitaratu ditu Escritura e Imagen”, “Apeiron”, edo “Revista de Occidente” aldizkarietan, eta 2010ean “El arte como destino” liburua argitaratu zuen. Hogeita hamar urtez baino gehiago lan egin izan du Espainiako Telebistan, non 1975. urtean sartu baitzen “A fondo” programaren kolaboratzaile. Hura elkarrizketa programa bat zen, kultura munduko izen garrantzizkoei elkarrizketak egiten zizkiena. Hala, Rossellini, Elia Kazan, Mastroianni, Fellini, Borges, Cortázar, Dalí edo Buero Vallejo pasatu ziren bertatik. Moreno 2007ra arte egon zen Telebistan. 1975etik 1982ra arte kultur programen produkzioan jardun zuen, Encuentros con las letras” edo “La Clave” bezalako programak ekoitziz. 1990ean Nazioarteko Koprodukzioen Zerbitzuko buru izendatu zuten, eta gero RTVEko Besteren Produkzioen Kontrataziorako zuzendaria eta Merkataritza Eragiketen zuzendaria izan zen. Gainera, TVEko ordezkaria izan da Europako Koprodukzioen Elkartean eta hainbat bileratara joan da, hala nola Input, MIP, MIPCOM, Los Angeleseko American Film Market, Canneseko Marché International du Film eta Moskuko Teleforumera.

Sariaren epaimahaia joan den martxoaren 2an, ostirala, bildu zen, NUPeko Arrosadiko campusean. María Isabel López Martínez Literatura Teoriaren irakaslea izan da burua, eta kideak hauek izan dira: José Luis Martín Nogales, literatura kritikaria; Manuel Borrás Arana, editorea, eta Emilio Echavarren Urtasun, Literatura irakaslea. Idazkaria Ricardo Pita Macaya izan da. Pita Nafar Ateneoko zuzendaritza batzordeko Humanitateen kidea da, eta Nafarroako Gobernuaren Argitalpenen Ataleko lehenagoko burua.

Amado Alonso Fundazioa

Amado Alonso Fundazioa 2001ean eratu zen, Amadeo Alonsoren bizitza eta testuinguru historikoa hobeki ezagutzeko xedez. Amado Alonso nafarra Harvardeko Unibertsitateko (Estatu Batuak) Hizkuntza eta Literaturako irakaslea izan zen eta irudi garrantzizkoa izan zen Nafarroako, Espainiako eta herrialde batzuetako giro akademikoan eta sozialean. Beste helburu batzuk ere baditu, esaterako ikertzaile horrek espainiar filologia, espainieraren didaktika, eta literatura teoria eta kritikaren esparruan egindako zientzia ekarpenen balioa aldarrikatzea; Amado Alonsoren eta haren lankide eta ikasleen lan ildoak eta espiritua garatzeko ikerketa eta dibulgazio jarduerak bultzatzea; eta egile horri buruzko dokumentazio bilketa sustatzea.

Orain arte, 2002an sortu zen sari honen irabazleak hauek izan dira: Mª. Isabel López Martínez (2002), Gloria Estela González-Zenteno (2003), Ángel Pérez Martínez (2004), Miguel Zugasti Zugasti (2005), Josep María Rodríguez Cabrera (2006), Alberto Santamaría Fernández (2007), Magda Beatriz Lahoz de Klins (2009), Alejandro Bekes (2010), Mario Martín Gijón (2011), Toni Montesinos Gilbert (2012), Gabriel Insausti Herrero-Velarde (2014), Walter Cassara (2015) eta Álex Matas Pons (2016).