• ES
  • EU
  • EN


[Ikerketa]

NUP-eko ikertzaile batek satelite irudien interpretazioa hobetzeko zuzenketa topografikoaren metodoak aztertu ditu

Ion Solak simulazio eredu bat garatu du, zeinaren bidez ebaluatzen ahal baita, modu erraz eta objektiboan, egindako zuzenketa topografikoaren kalitatea

zoomIon Sola Torralba ingeniaria, NUPeko doktore berria

Ion Sola Torralba ingeniaria, NUPeko doktore berria

Ion Sola Torralba (Iruñea, 1984) ingeniariak metodologia bat prestatu du satelite bidez atzemandako irudien zuzenketa topografikoa ebaluatzeko, eta interpretazio okerrak saihesteko irudi horiek lurzoruaren eta estalkien (basoak, laboreak, alde urbanizatuak...) erabilerak kartografiatzeko eta aldaketak atzemateko edo parametro biofisikoak (landarediak betetzen duen lurraren ehunekoa, hosto-eremua, klorofila edukia...) balioesteko erabiltzen direnean. Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurri duen tesian, simulazio eredu sinplifikatu baten bidez sortutako irudi sintetikoak erabiltzea proposatzen du, zeinak modua ematen baitu egindako zuzenketa topografikoaren kalitatea era erraz eta objektibo batez ebaluatzeko.

Lurraldearen erliebeak malda eta orientazio ezberdina dituzten magalen arteko eguzki-argiztapenean aldaketa handiak izatea dakar. Argiztapen aldaketa hauek distortsioak sorrarazten dituzte sateliteak atzemandako irudietan, eta interpretazio okerrak gerta daitezke, batez ere eremu menditsuetan.

Bere doktoretza tesian, Ion Solak egun erabilgarri dauden zuzenketa topografikoaren metodoak aztertu ditu, satelitearen bidezko irudiak nola hobetzen ahal diren ezartzeko. Horretarako, irudia hartzeko prozesuan eraginik handiena daukaten faktore nagusiak aintzat hartu ditu, baita satelitearen ezaugarriak ere; irudia atzeman zen eguna eta ordua, horiek zehazten baitute eguzki-geometria; lurraren azalaren erliebea; eta estalkien kokapena aztertzen den eremuan.

Bi sail handi

Azken hamarkadetan, zuzenketa topografikoaren metodo ugari proposatu dira, eta denak bi sail handitan taldekatzen ahal dira: enpirikoak, datu lagungarririk behar ez dutenak, eta erdienpirikoak, puntu bakoitzean eguzkiaren eraso-angelua kalkulatzea eskatzen dutenak, eta beraz, gorapenaren eredu digital bat behar dutenak. Azken hau lurraldeak itsasoaren batez besteko mailarekiko duen altueraren ikusizko errepresentazio matematikoa da, horrek bidea ematen baitu erliebearen formak eta lurrean dauden elementuak edo objektuak (eraikinak, landareak, zuhaitzak...) bereizteko.

Doktore berriaren arabera, "zuzenketa topografikoa egiteko metodo asko dagoen arren, ez dago arau argirik kasu bakoitzean, lurraren ezaugarrien eta irudia lortzeko baldintzen arabera, erabili behar den algoritmoari edo tresna matematikoari buruz". "Are gehiago: ez da erraza zehaztea zer metodo den onena kasu partikular bakoitzean, ez dagoelako aplikatzen ahal den ebaluazio-irizpide estandar bakar bat", gaineratu du.

Zailtasun hauek guztiak gorabehera, Ion Solaren ikerketak demostratu du metodo erdienpiriko horiek aukera ematen dutela topografiak sorrarazten dituen distortsioen parte handi bat erraz eta eraginkorki zuzentzeko, nahiz eta ez dituzten erabat zuzentzen baldintza gogorretan, esaterako muturreko argiztapen baldintzetan. "Nahiz eta portaera orokor hobea erakutsi, testatu ziren metodo erdienpirikoetako bakar batek ere ez zuen erabat zuzendu itzalean dauden magaletako efektu topografikoa", esan du Ion Solak, zeinaren tesiak, Jesús Álvarez Mozos eta María González de Audícana Amenábar irakasleek zuzendutakoak (biak Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Sailekoak), bikain "cum laude" nazioarteko aipamenaren kalifikazioa lortu baitzuen.

Doktore berriaren ustez, "komenigarria litzateke ikerketa-ahaleginak bideratzea baldintzak gogorrak direnean zuzenketa topografikoaren metodoek duten portaera hobetzera, satelite irudietatik kalitatezko produktuak sortzeko".

Curriculum laburra

Ion Solak 2006an lortu zuen Topografiako Ingeniaritza Teknikoaren titulua Euskal Herriko Unibertsitatean, eta gero Ingurumenaren Ingeniaritzako Masterra egin zuen Santiagoko Unibertsitatean. Azken urteetan ikerketan aritu da, batez ere teledetekzioaren alorrean. Hori dela-eta, Nafarroako Gobernuaren teknologoen beka bat jaso du.

Gaur egun Nafarroako Unibertsitate Publikoan lan egiten du, bertako PyrenEOS proiektuan, Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) deklarazioak egiaztatzeko tresna bat garatzen eta testatzen. Tresna hori Sentinel-2 satelitearen irudien denbora-seriearen ondoriozko landaredia-indizeen denbora-kurbetan oinarritzen da, labore bakoitzaren ziklo fenologikorako erabilgarria dena.