• ES
  • EU
  • EN


[Ikerketa]

NUP-eko ingeniaritzako ikasle batek sistema bat diseinatu du, haurrengan glukosa neurtzen eta haren aldaketaren berri ematen duena denbora errealean

Celia Gómezek Nafarroako Gobernuaren sari bat lortu du sentsore bat eta eskumuturreko adimendun bat asmatzeagatik, Israel Arnedo eta Jon Mikel Percaz ikertzaileekin

zoomIsrael Arnedo eta Celia Gómez, eserita, Jon Mikel Percazen (zutik) ondoan, NUPeko Mikrouhinen Osagaien Ikerketa Taldeak lan egiten duen laborategietako batean.

Israel Arnedo eta Celia Gómez, eserita, Jon Mikel Percazen (zutik) ondoan, NUPeko Mikrouhinen Osagaien Ikerketa Taldeak lan egiten duen laborategietako batean.

Celia Gómez Jiménez (Huéscar, Granada, 1994), Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Telekomunikazio Teknologietako Ingeniaritzako Graduko ikasle bat da, eta sistema bat diseinatu du haurrek odolean daukaten azukre-maila denbora errealean neurtzeko, eta aldi berean hipo edo hipergluzemia dagoela atzemateko eta ohartarazteko gauza badena. Diseinu honek sentsore bat eta eskumuturreko adimendun bat dauzka, eta Eduardo Celiaren anaia ere horretan lan egiten ari da. Eduardo Medikuntzan graduatu berri da Euskal Herriko Unibertsitatean. NUPeko bi ikertzaile ere laguntzen ari dira proiektuan: Israel Arnedo Gil, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailekoa, eta Jon Mikel Percal Ciriza, doktoretzako ikaslea. Proiektu honek Nafarroako Gobernuaren InÍciate sarietako azken edizioan lehen saria lortu du.

“Glukosa etengabe neurtzeko haririk gabeko sistema hau gauza da gaixoari ohartarazteko hipogluzemia edo hipergluzemia daukala segundo gutxi batzuetan, modu ez inbaditzailean—azaldu du Celia Gómezek, zeina NUPeko Mikrouhinen Osagaien Ikerketa Taldeko (MCG, ingelesezko sigletan) kidea baita , Israel Arnedo eta Jon Mikel Percaz ikertzaileekin batera—. Sentsore bat eta eskumuturreko adimendun bat dauzka. Sentsorea belarrian jartzen da, eta glukosa-mailak odolean dituen anomaliak atzematen dituen radar bat bezala funtzionatzen du. Neurketa etengabea denez, gailua konfiguratzen ahal da alertak noiz jaso nahi diren ezartzeko.

Eskumuturrekoan, gaixoak kontsultatzen ahal ditu neurketaren datuak, eta glukosa-mailak dituen aldaketak direla-eta, alertak jasotzen ahal ditu. “Gainera, haurraren tutoreei testu-mezuak bidaltzeko aukera dauka —SMS edo aplikazio baten bidez—, hauek, dauden tokian daudela, aldaketen berri jaso dezaten", gaineratu du ikasleak.

Sentsorea Bluetooth Low Energy (BLE) izena duen haririk gabeko teknologia digitalarekin konektatzen da eskumuturreko adimendunarekin. Teknologia honen ezaugarriak dira energia kontsumo txikikoa dela eta zenbait hilabetetan ez dela seinalea eteten, gailuek funtzionatzeko behar dituzten bateriak ez direlako maiz berriz kargatu beharrik, edo botoi-pilekin elikatzen ahal direlako.

Emaitzak denbora errealean

Gailu hau diseinatuta dago datu-kopuru handia metatzeko eta emaitzak denbora errealean lortzeko, horrek "neurkerta eta jarraipen-patroiak ikertzeko" aukera ematen duelako. “Etengabeko neurketarako sistema hau ez da inbaditzailea, eta gauza da gaixoari bere hipogluzemia edo hipergluzemiaren berri zuzenean emateko, eta aldi berean, baita bere familiari ere, eta horregatik lasaitasuna, segurtasuna eta erosotasuna ematen ditu", azaldu du Celia Gómez ikasleak.

Proiektuari “Be Easy” izena jarri zaio, eta Nafarroako Gobernuak 2017an, Nafarroako Berrikuntza eta Enpresen Europar Zentroa (CEIN) elkarte publikoaren bidez deialdia egin zuen InÍciate sarietako lehen sariak zeuzkan 10.000 euroak lortu ditu. Gainera, sari honek aukera ematen du, baita ere, CEIN elkartearen Berrikuntza Mintegian sei hilabetez doan egoteko, eta CEIN elkarteak kudeatzen duen Nafarroako Gobernuaren Ekintzailetza Bultzatzea programaren seigarren edizioan parte hartzeko hautatua izatea dakar. Proiektuak unibertsitate-kategorian ere irabazi zuen.

Diabetesa daukan ahizpa bat

Familia arazo bat izan zen proiektu honen akuilua. “Mikrohuinen Osagaien Ikerketa Taldean lan egiten ari nintzen, 10 urte dituen nire ahizpa txiki Juliari, joan den abuztuan, diagnostikatu ziotenean 1. motako diabetesa, eta ospitaleratuta egon zen hilabetean nire anaiari eta bioi bururatu zitzaigun gaixotasun horri buruz ikertzea —gogoratu du—. Hor ikusi genuen hutsune bat zegoela glukosa etengabe eta modu ez inbaditzailean neurtzeari buruz.

Anai-arrebak konturatu ziren "medikuntza arazo bat baino areago, bizitzeko estiloari dagokion auzia dela". "Gaur egun badira hipogluzemia bat daukatela ohartzeko gauza ez diren umeak, eta honek atzeraezinezko zorabioak sorraraz ditzake. Eta hipergluzemiei dagokienez, ez dago modurik noiz daukaten atzemateko. Horregatik, beharrezkoa da parametro horiek neurtzea etengabe, aldaketak atzeman ahal izateko. Irtenbide fidagarri, eroso eta berritzailea, eta aldi berean erraza, lortzea beharrezkoa zenez, mikrouhinei buruz ditudan ezagutzak funtsezkoak izan ziren dagoen teknologia ulertzeko, eta aldatzeko, arazoari irtenbidea ematen dion zerbitzua ematen saiatzeko", esan du Celia Gómezek.